CAF Israelen genozidioaren eta apartheid-aren konplize zuzena dela salatu dute

uriola.eus 2025eko abenduaren 15a

Hainbat proiekturen kolaboratzaile dela salatu zuten manifestazioan, eta ostean, ekintzaile batzuk CAFeko tranbiaren trenbidearen gainean etzan ziren, Plaza Biribilean, abenduaren 13an. Gertaeren inguruan hainbat hedabidek zabaldutako albistearen aurrean, irmoki ukatu dute argitaratutako bertsio ofiziala, ez baitator bat gertatutakoarekin.

Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herriak argi salatu du eufemismorik gabe, pasa den abenduaren 13an antolatuko protestan, CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) Israelgo genozidio eta apartheidaren egiturarekin konplize zuzena dela.

Ekintzaile batzuk CAFeko tranbiaren trenbidearen gainean etzan ziren, Plaza Biribilean. Ostean, ekintzaile bat atxilotu zuten, batzuk identifikatu zituzten eta batzuk ubeldurak jasan zituzten poliziaren esku-hartzearen ondorioz. Horren aurrean, mugimenduak protestaren kriminalizazioa salatu eta atxilotutako ekintzailea aske uztea exijitu dute. “Nahiz eta errepresioa izan, kanpaina egiten jarraituko dugu CAFek genozidioarekin negozioa egiten jarraitzen duen bitartean”, argitu dute.

Palestinak, hamarkadak daramatza kolonizazio, okupazio militar eta desjabetze prozesuen menpe. Sionismoaren sorreratik gaur arte, Palestinako herriak kanporaketak, kolonoen asentamenduak (nazioarteko zuzenbidearen arabera ilegaltzat jotzen direnak) eta lurraldearen zatiketa sistematikoa pairatu ditu.

CAFek hainbat proiekturen kolaboratzaile dela salatu zuten manifestazioan. “NBEk ofizialki sartu du CAF, Palestinaren okupazioan sionismoarekin kolaboratzen duten enpresen zerrendan, Israelen sistema kolonialari eusten dioten eta haren onuradun diren beste konpainia batzuekin batera”. Gainera, CAFek “Jerusalem Light Rail” proiektuan parte hartzen du, sionistentzat azpiegitura estrategikoa dena, lotzen baititu Palestina lurretan ilegalki eraikitako hainbat koloniekin. CAFek ere kolaboratzen du estatu sionistarekin Tel Aviveko metroan, Palestinaren lurren gainean eraikia dagoena, garbiketa etniko eta egitasmo kolonial beraren parte gisa. “Asentamendu horiek nazioarteko zuzenbidea urratzen dute eta Nazio Batuen Erakundeak gaitzetsi ditu” adieradi dute.

 

“CAFek okupazioa martxan mantentzen du”

“CAFen trenak kolonia ilegalak elkarren artean lotzen ditu, okupatzailearen lurralde hedapena sendotuz” argitu du Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herriak. Proiektuak ere auzo palestinarrak isolatzen dituela eta Ekialdeko Jerusalem zatitzen duela nabarmendu du, lurraldearen jarraitutasuna apurtuz. “Populazio kolonoaren mugikortasuna errazten du, Palestinako herria kontrolen, harresien eta blokeoen menpe mantentzen den bitartean”, azpimarratu dute.

Horrek erakusten du trena ez dela garraiobide neutral bat, “anexio eta apartheid tresna bat” baizik. Baina CAFen inplikazioa trenak fabrikatzeaz harago, trenbide-sistemaren hornitzaile integrala dela salatu dute: bagoiak eta tranbiak fabrikatu eta mantentzen ditu, seinaleztapen eta kontrol-sistemak diseinatu eta instalatzen ditu, azpiegituren elektrifikazioaz eta mantenuaz arduratzen da, eta zerbitzuaren kudeaketan eta ustiapenean ere parte hartzen du. Hau da, “CAFek ez du soilik okupazioaren gainean eraikitzen: okupazio hori martxan mantentzen du”

CAFen langileek ere salatu dute konplizitate hori, konpainiari erregimen genozidarekin dituen kontratu guztiak eteteko exijituz. Beraien jarrera erakusten du gardentasunetik eta barrutik egindako presioa funtsezkoa dela entitate sionistarekin harreman oro mozteko, izan ekonomikoa, industriala edo diplomatikoa.

Euskal Herrian argi dute genozidioa eta apartheid-a gelditzeko biderik eraginkorrena, Israelekiko lotura guztiak etetea da. Hori dela eta, CAFek Israelekin eta okupazioaren konplize diren enpresekin dituen kontratu guztiak berehala eten ditzala exijitu dute.

BOIKOTa tresna zilegiena eta erangikorrenatzat dute, bai politikoa, ekonomikoa, akademikoa, kulturala eta kirolekoa. Hortaz, harreman komertzial, instituzional eta diplomatiko guztiak etetea eskatu dute, entitate genozidarekin hausteko.

 

Mobilizazioaren osteko gertaerak

Mobilizazioa erabateko normaltasunez garatu zela esplikatu du Mugimenduak. Kontzentrazioa amaitu ondoren, ekintzaile talde batek ekintza baketsu eta bortizki gabekoa burutu zuen: trafikoa moztu eta tranbia bat —CAFek berak fabrikatutakoa— geldiarazi zuten, salaketa sinboliko gisa. “Ekintza borondatez amaitu zen, inolako gorabeherarik gabe”, azaldu du.

Baina, liskarrak ondoren hasi ziren, Ertzaintzak bi pertsona identifikatzen saiatu zenean, modu arbitrarioan “eserialdiaren lidertzat” seinalatuz. Mugimenduak egindako komunikatuan adierazi dute horietako batek identifikatu egin zuela bere burua, identifikazioaren aurretik eta ondoren tratu txarra jasan arren. “Une horretatik bertatik indarra erabili zuten haren aurka, baita babestera hurbildu ziren pertsonen aurka ere”, salatu dute.

Komunikatuak ere ondorengo istiluak azaldu ditu: “Ertzaintzak bigarren pertsona batengana jo zuen, poliziaren jarrera hori salatzen ari zena, eta hari ere identifikazioa eskatu zioten. Pertsona horrek uko egin zion identifikatzeari, horretarako duen eskubidea baliatuz. Une horretan, Ertzaintzak indarkeriaz jokatu zuen bertan zeuden guztien aurka, pertsona hori atxilotzen saiatzean”.

“Poliziaren erantzun neurrigabea” salatu du mugimenduak. Izan ere, atxilotutako pertsona identifikatzeari uko egiteagatik soilik atxilotu zutela argitu dute. Mugimenduak publikoki salatu du atxilotuak gau osoa Ertzaintzaren komisaldegian eman zuela, eta bertan egon zen bitartean tratu iraingarria eta hitzezko umilazioak jasan zituela.

Elkarretaratzearen inguruan hainbat hedabidek zabaldutako albistearen aurrean, irmoki ukatu dute argitaratutako bertsio ofiziala, ez baitator bat gertatutakoarekin. “Gainera, hedabide horiek ez dute inongo berriemailekorik bidali gertatutakoa bertatik bertara kontatzeko”. Mugimenduak argi adierazi du gertaera hauek fokua interesatutik desbideratzea dutela, CAFen inplikazioaz eta Eusko Jaurlaritzaren erantzukizunaz ez hitz egiteko; izan ere, “Jaurlaritza enpresa horren akzioduna da, eta enpresak Palestinako genozidioarekin negozioak egiten jarraitzen du”, nabarmendu du.

Horregatik, protesta legitimo eta baketsu bat kriminalizatzen duen kontakizuna erabat baztertzen dute, eta hedabideei eskatzen diete informazioa kontrasta dezatela, “gertakariak desitxuratzen dituzten bertsio polizialen bozgorailu izan beharrean”.