Markel Martinez: “Kontestuari erreparatuta, orain da momentua indar erakustaldi bat egiteko”

uriola.eus 2025eko abenduaren 15a

Ekinez egina. Gazteok independentzia! lelopean antolatu du manifestazioa Bilboko Ernaik, Ezker Abertzaleko gazte antolakunde iraultzaileak, datorren abenduaren 20an, Bilbo independentista eta antiespañolista bat dagoela aldarrikatzeko. Eguerdiko 13:00etan izango da Plaza Eliptikotik abiatuko den manifestazioa. Markel Martinez Ernaiko kideak xehetasunak eskaini dizkigu.

Zer aldarrikatuko duzue abenduaren 20an deitu duzuen manifestazioan?

Bilbo independentista eta antiespañolista bat dagoela aldarrikatuko dugu. Badago, zentzu zabalean, bere burua Euskal Herritartzat hartzen duen eta ezkertiarra den jendea Bilbon. Elementu espainolak bereak ez direla aitortzen duen jendea, eta horien asimilazioa bere proiektu nazional propioa eraikitzeko oztopo ikusten duena.

Programa españolistaren, haren elementu egituratzaile nagusia estatu gabeko nazioen ukapena izanda, eta euskal proiektu propioaren garapenaren artean antagonismo bat dagoela aldarrikatuko dugu. Horren gaindipenerako plazaratuko dugu independentzia dela bidea ikusten duen jendea dagoela Bilbon.

Zergatik izaera honetako mobilizazioa Bilbon?

Euskal Herritar sentimendua atzeraka egin du azken urteotan Bilbon.  Dinamika globaletatik hasita, faktore anitzek eragiten dute euskal nazio pertzepzio kolektiboan. Atzean utzita dugu ekoizpen industrialaren erdigune zen Bilbo, non bertoko biztanleria langileak borrokarako espazioak, molde eta proiektuak… konpartitzen zituen eta sentimendu nazional garatua zuen. Dinamika orokorrek, hiriburu industrial hura birmoldatu eta hirugarren sektorera bideratutako Bilbo ekarri zuten. Atzerriko kapitala eta kapital finantzieroa eskuak sartuz joan dira, ideologia eta kultura global dominantearen instalazioan lagunduz. Lantegiak zeuden tokian, orain marketing, makroebento edo turismo enpresak aurkitzen dira, euskal langile biztanleriaren fragmentazioan eta prekarizazioan gero eta gehiago sakonduz.

Finean, badaude Euskal Herriari, marko politiko material gisa, trabak jartzen dizkioten dinamika estrukturalak, identitate kolektiboak diluitzen dituztenak. Bilboko egitura ekonomikoan aldaketek hein handi batean eragiten dute euskal herritar pertenentzia sentimenduaren lausotzea, eta ez jendartearen borondate faltak edo espontaneitateak. Hau aintzat hartuta, planteatu beharreko galdera da nola egituratuko den euskal subjektu eraldatzaile berria, eta ez, ordea, nola begiratu gaurkotasunari antzineko eskemak erabilita.

Baina, galdera hori mehatxatzen duten kontestuak eman daitezke identitateak diluituta daudenean. Faxismoak eta erreakzioak hedatzeko eszenatoki aproposak aurkitzen dituzte momentu hauetan: arrazismoa (langileria migrantea VS langileria nazionala) edo antifeminismoa (gizon zuriaren eskubideak VS emakume feministak) bezalako antagonismo inmaterial eta sinplisten bidez, identitatea eraikiz doaz eta balioen joko zelaian botere kuotak irabazten doaz, Bilbo eta Euskal Herrian horren hastapenak emanda daudelarik. Españolismoak logika berdinean operatzen du. Panorama honek, Bilboren euskal eta izaera ezkertiarra mehatxatzen du zeharo, eta aurkako noranzkoan lerratzen den indar mobilizatzailea urgentziazkoa bilakatzen da. Zentzu horretan kokatzen da gure mobilizazioa. balio euskaldun eta ezkertiarren defentsa eta disputa lanetan.

Norentzat da deialdia?

Bere burua abertzaletzat duen eta bestelako gizarte eredu bat irudikatzen duen pertsona oro mobilizatu beharko litzateke. Bere burua antifaxistatzat duen pertsona oro ere. Kontestuari erreparatuta, orain da momentua indar erakustaldi bat egiteko.

Eta mobilizazioaren ostean, zer?

Argi izan behar dugu lana mobilizazioaren ostean ez dela amaitzen, eta arrakasta antolakuntzak determinatuko duela, eta ez soilik mobilizazioek. Zentzu horretan, abenduaren 20a eta gero, Bilboko sektore abertzale desberdinen arteko elkarlana eta ehundura sustatzen konprometitzen dugu gure burua. Españolismoari eta erreakzioari balioak lehiatzeko Bilboren euskal izaera ordezkatuko duen frente zabala artikulatu behar dugu, elkarlanez eta gero eta gehiago antolatuz, independentziaren ortzimuga komunean geure buruak aurkituta. Orain da momentua, segi dezagun borrokan!