Bilboko Gizarte Zerbitzuek krisi sakona bizi dute. Ez dugu distantziatik esaten, barrutik baizik: Udaleko Gizarte Ekintza Saileko langileak gara, eta egunero egoera ahulean dauden ehunka pertsona artatzen ditugu. Behatu eta bizi dugunak asko kezkatzen gaitu. Gehien behar dutenei eutsi beharko lieketen zerbitzu publikoak okertzen ari dira, eta, horiekin batera, baita gure lan-baldintzak eta baldintza emozionalak ere.
Krisi honen jatorria anitza da, baina sustrai argiak ditu. Alde batetik, profesionalei entzungor egiten dien gobernantza-eredu bat, lehen lerroan gaudenon esperientzia kontuan hartu gabe erabakiak inposatzen dituena. Bestetik, ez dago benetako koordinaziorik Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, eta horrek bikoiztasunak, atzerapenak eta hutsuneak sortzen ditu arretan. Emaitza: hiriaren behar sozial gero eta handiagoei arin erantzuteko gai ez den sistema.
Arazoak metatu egiten dira: teknikaririk eza, ordezkapenik eza, lan-gainkarga, burokrazia itogarria, kanpoko indarkeriari aurre egiteko protokolo aktiborik eza eta jasaten ditugun arrisku psikosozialei buruzko gardentasunik eza. Bitartean, herritarrak zain, desesperatuta edo amore emanda.
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan muturreko egoerak bizi dituzten pertsonak artatzen ditugu: etxegabetutako familiak, etxerik gabeko migratzaileak, tratu txarren biktima diren adingabeak edo muturreko isolamenduan dauden helduak. Eta gero eta baliabide urriagoekin egiten dugu. Itxaron-zerrendak luzatu egin dira, prebentziozko esku-hartzerik ez dago, eta foru-zerbitzu espezializatuek urtebete baino gehiagoko atzerapena izan dute kasu batzuetan.
Beste esparru batzuetako egoera ez da hobea. Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzua (SMUS) kolapsatuta dago, bi edo hiru hilabeterako hitzorduekin, elikagaiak edo higienea bezalako oinarrizko beharretarako. Elexabarriko aterpetxeak ondorioak jasaten ditu, gora egiten ari den etxerik gabeko biztanleriari arreta eman nahian — dagoeneko 2.000 pertsona baino gehiago daude erroldatuta bizitegi-bazterketako egoeran —, plantilla indartu gabe.
Horri gehitu behar zaizkio erroldaren kudeaketan eta etxebizitza eskuratzean dauden arazoak, abusu-egoerak, ezinezko alokairuak eta erroldatze-mafiak ugaritzen ari baitira. Bitartean, mugatu egiten da udalerrian izena emanda egoteko oinarrizko eskubidea, gizarte-prestazio guztiak eskuratzeko atea.
Etxeko Laguntza Zerbitzuaren tasak, bestalde, igo egin dira, eta horrek kanpoan uzten ditu adineko eta mendeko pertsona asko. Zaintzak negozio bihurtzeak desberdintasuna larriagotzen du: erabiltzaileek ez dute arreta duina jasotzen, eta laguntzaileek ezin dute merezi duten lasaitasunarekin eta aitorpenarekin lan egin.
Hori guztia ez da kasualitatearen ondorio, hiri bat zaintzeak esan nahi duenari buruzko ikuspegi politikorik ezaren ondorio baizik. Gizarte-zerbitzuak ezin dira bigarren mailako edo laguntza-arloko gai gisa tratatu. Ongizate komunitarioaren bihotza dira, eta zorrotz, sentikor eta errespetuz kudeatu behar dira.
Horregatik, egiturazko aldaketa bat eskatzen dugu: ekipoak birdimentsionatzea, plantillak indartzea, lan-baldintzak duintzea, funtsezko zerbitzuak (hala nola ELZ eta SMUS) publiko egitea, eta gizarte-politikei benetako baliabideak ematea. Ezin da Bilbo solidario bat eraiki kolapsoan dauden zerbitzuekin eta profesional ahituekin.
Zaintza-lanak erdigunean jarri behar dira, ez ertzetan. Bada garaia Udalak langileei entzuteko, erakundeak koordinatzeko eta herritarrek ulertzeko gizarte-zerbitzu duinak defendatzea hiri justuago bat defendatzea dela. Eta, horregatik, elkarretaratzea deitu dugu anebduaren 18rako, eguena, 13:15ean, udaletxe aurrean.
Izan ere, gizarte-zerbitzuak kolokan jartzen direnean, guztiok eusten gaituen sareak ere bai.