Loraldiak 2026ko Festibalaren aurkezpena egin dio bere komunitateari

uriola.eus 2025eko abenduaren 17a

Loraldiak bere babesle, kolaboratzaile, sortzaile eta Lorazainak bildu zituen atzo, hilak 17, urteko balantzea egin eta euskal kultura garaikidearen osasun ona ospatzeko. 2026ko Loraldia Festibalaren lehen zertzeladak aurkeztu dira eta sarrerak jada salgai daude webgunean. Janus Lesterren zuzeneko musikak amaiera eman zion ekitaldiari.

Loraldiak, euskal kulturaren industria eta sormena sustatzen duen proiektuak, etorkizunera begira jarri du bere iparrorratza. Atzo arratsaldean, hilak 17, Loraldiak bere ekosistema osatzen duten eragileak —erakundeak, babesleak, sortzaileak, bidelagunak, enpresak eta Lorazainen komunitatea— bildu zituen topaketa berezi batean. Helburua argia zen: 2025ean elkarrekin eraikitakoa ospatzea eta datorren udaberrian iritsiko den festibalaren edizio berriaren ateak zabaltzea.

Ekitaldiak informazioa eta gozamen artistikoa uztartu zituen, eta Janus Lesterren zuzeneko musikak amaiera eman zion ekitaldiari.

 

Diziplinen hibridazioa, modernitatea eta euskal kulturaren begirada unibertsala

2026ko edizioaren aurrerapena eskaini zuen Imanol Agirrek, Loraldiko kideak. BAGA, BIGA, HIGA, MAURIZIA! lelopean, Loraldia Festibalaren 12. edizioa martxoaren 9tik 28ra bitartean itzuliko da Bilbora, euskal kulturaren proposamenik berritzaileenak plazaratzeko asmoz.

Guztira, 25 proposamen eskainiko dira eta 29 ekintza burutuko dira. Programazio artistikoari dagokionez, musika, dantza, antzerkia, esperientzia digitalak, zinea, literatura, bertsolaritza, naturatik ibilbidea eta murgiltze-esperientziak izango dira festibalaren ardatz.

Datorren urteko egitarauan, besteak beste, Nogen taldeak 10. urteurrena ospatuko du edota Ikimilikiliklik Vol. 2, Loraldiaren produkzio berria, nabarmenduko dira. Loraldian ohikoa denez, diziplinen uztarketaz gain, belaunaldi ezberdinetako sortzaileak bilduko ditu, Bilboko kultur gune eta areto garrantzitsuenetara helduko dira eta arriskuak hartuko dituzte kultur proposamen berritzaileak aurkeztuz.

Antolakuntzak azpimarratu duenez, "gure helburua ikusleak harritzea eta emozionatzea da, euskaratik eta sormenetik abiatuta. Janus Lesterren atzoko emanaldiak ondo islatzen du bilatzen dugun espiritua: freskura, kalitatea eta konexioa".

Hori dela eta, publikoak bere lekua ziurta dezan, 2026ko Loraldia Festibaleko ekintza gehienetarako sarrerak jada eskuragarri daude. Kulturzale guztiei dei egin diete webgunean sartu eta datorren udaberriko esperientziaren parte izateko.

 

Zazpi hostok loratutako proiektua

Ekitaldian zehar, aurtengo urteak emandako uztaren errepasoa egin dute. Loraldiak erakutsi du jaialdi bat baino askoz gehiago dela. Urte osoan zehar, zazpi lan-ildo estrategikoren bidez lan egiten dute, 7 norabidetan, baina helburu bakarrarekin:  euskal kultura garaikidea erdigunean jartzea modernitatea eta transmisioa uztartuz. 2025ean, Loraldiak bere eragin-eremua zabaldu du arlo hauetan:

Lehenengo lan-lerroa Festibala da: “sormen garaikidearen erakusleiho nagusia izaten jarraitu du, Bilbon eta martxoan. 2025eko martxoaren 10etik 20ra, 15 gune ezberdinetan izan dira, 9 kultur arlo uztartuz. 141 sortzaile izan dituzte oholtzetan, 9 produkzio propio ekoiztu dituzte eta guztira 5000 ikusletik gorako langa gainditu dute lehenengoz. Ikuslego fidela nabarmendu du Amaia Ocerinek, %88k baino gehiagok errepikatu egin du esperientzia Loraldia Festibalean. Produkzio propioak eta ideia berritzaileak sustatzen ditu.

Eskola da bigarren hostoa, eta honetan gazteak eta ikasleak sortzaile bihurtzen dira. Lan-lerro honen helburuak hauek dira: haurrak eta gazteak euskarazko kulturaren unibertsoan txertatzea, euskararen erabilera sustatzeko, sormena suspertzeko, euskal kulturarekiko atxikimendua lantzeko, adierazpena lantzeko, kultur diziplinak ezagutu eta praktikatzeko, elkarlana lantzeko eta kulturartekotasuna eta aniztasuna lantzeko. Aurtengo ikasturtean 7 ikastetxetan daude 8 proiektu ezberdin garatzen dabiltza, 22 talde ezberdinetan eta guztira 500 ikasletik gorako partaidetzarekin.

Produkzioen lan-lerroan euskarazko sormen propioa ekoiztuz eta estreinatuz. 2025ean 3 produkzio ezberdinetan lan egin dute. Beste hosto bat  Plaza da, zeinak Bilboko festibalaren esperientzia arrakastatsua Euskal Herriko beste herri batzuetara eramaten duen. Aurten hiru lekutan izan dira: Lekeitioko Sormen Astearen 4. edizioa udan, udazkenean Zaratamon eta Arrigorriagan 4. edizioa, eta Iruñaldiaren 2. edizioa iruñan.

Talentu berriak eta etorkizuneko ahotsak sustatzeko eta trebakuntza eskaintzeko lan-lerroa da Gaztea. Hiru egitasmo ezberdin antolatzen dituzte: Sormen ola, Bidea Bidean Bide eta Gazteen Sormen Egonaldia.

Loraldiaren seigarren hostoa da Digitala, euskal kultura ingurune digitalean eta formatu berrietan hedatzeko eskaintza egiten duen deialdia. Azkenik, Lorazainak: kulturzaleen eta euskalzaleen komunitatea, urteak joan ahala sendotuz eta saretuz doana.