Pasa den abenduaren 15ean, bete ditu Kafe Antzokiak 30 urte, eta horrekin batera badira, halaber, 30 urte Gabriel Aresti euskaltegia eta Zenbat Gara elkartearen gainerako jarduerak hasi zirela lanean Done Bikendi kalearen 2an, eraikin osoa zinezko euskararen etxea bihurtuta. Errobi taldearen kontzertuak girotu zuen ospakizuna abenduaren 15ean. Egunotan ospatzen ari da efemeridea Zenbat Gara Elkartea.
Igandean hasi ziren ospatzen urteotan Zenbat Garan aritu diren ehunka lagunen arteko topaketan; eguerdian hasita, fanfarreak, txistulariak eta trikitilariak lagunduta, Zazpikaleetan barna. Gero Abandora igo eta Kafe Antzokian bazkari ederraz gozatu zuten. Ondoren Argia Dantza taldearen emanaldia, Urbeltzen Dantza Ganbara etorri ziren;
Gaur arratsaldean, hilak 17, Lagun artean kantari, 30. urteurrena ospatuz kantagintza saio berezia egongo da, Anje Duhalde eta Josu Zabalak gidatuta. Bertan izango dira, halaber, Maite eta Ainhoa, Amultsuki, Bostak eta laurdenak, eta Jon Maia. Arratsaldeko 19:30ean emango diote hasiera.
Urte hauetan guztietan euskararen etxea bilakatu da, bai, Gabriel Arestik zioen bezala “euskarak bizi gaitu”, baina euskara bizirik dagoen arnasguneaz gaindi, kaleak, auzoak behar ditu euskarak, Zorrotzatik Otxarkoagara, San Inaziotik Boluetara. Azken egunetako berriak jarraiki, Bilbo euskaltzale bat azaltzen eta aldarrikatzen dabil, euskarak zabalkundea eta errespetua behar duela, auzo guztietan, arlo guztietan. Hori da Elkartearen kezka handia, egun, “Bilbon euskaldun moduan bizitzea zinezko odisea baita”.
Elkartea gazte manetndu nahi du Elkarteak, ezinbesteko ikusten baitu, beste 30 urtez iraungo badu, erreleboa eta transmisioa behar bezala egin behar duela. Horretan ari dira, baita etorkizunari begirako beste ekimen batzuk prestatzen ere.
Zenbat Gararen abiapuntua
1990eko hamarkada hasieran, Gabriel Aresti euskaltegiko irakasleen egiaztapen eta gogoetatik sortu zen helduen euskalduntzeaz harago joatearen beharrizana, helduak Bilboko euskaltegietan euskaldundu arren, gero ez zutela non-noiz-norekin euskaraz jardun, elkarrizketa egoera errealetan. Hori izan zen Zenbat Gararen abiaburua: Bilbon euskaraz, modu naturalean harremantzeko guneak eta uneak sortzea. Bilboko erdigunean gainera, euskararentzat arrotza eta euskaldunari arrotza egiten zitzaion ingurunean kokatu zen euskarari zentraltasuna eta duintasuna eman nahi zion elkartea.
Horrela sortu zen Kafe Antzokia, 1995ean, aurreko urtean Algara konpartsa sortu ondoren, eta horrela heldu ziren osteko beste batzuk ere, Bilbo Hiria Irratia, Erroa argitaletxea eta haur eta gazteentzako Kurkuluxetan eta Gazteola ekimenak, behinenak aipatzearren. Denak, bakoitza bere arloan, baina helburu berberen inguruan: Bilbon bizi den euskal komunitatea bildu eta trinkotzea, ikasleak eta ikasitakoak hiztun guztiak hiztun aktiboak eta euskal sorkuntzaren hartzaile eta eragileak bihurtzea.