Milaka euskaltzalek “euskaltzaletasuna oso txertatuta” dagoela erakutsi dute

uriola.eus 2025eko abenduaren 29a

Egilea: Ekaitz Zilarmendi
Egilea: Ekaitz Zilarmendi
Egilea: Ekaitz Zilarmendi
Egilea: Ekaitz Zilarmendi
Egilea: Ekaitz Zilarmendi
Egilea: Ekaitz Zilarmendi
Egilea: Ekaitz Zilarmendi

6.5000 euskaltzale inguru elkartu ziren euskararen Pizkundea bultzatzea helburu zuen ekitaldian. Kontseiluak aurrera begirako balorazio baikorra egin du, eta larrialdi linguistikoari erantzuteko kezka eta giharra badaudela uste du. Euskaltzaleei antolatzeko eta egunerokoan ekiteko gida bat proposatu, eta datorren ekainaren 13an Iruñean elkartzeko deia egin die Kontseiluak.

Milaka euskaltzalek Bilbao Arena bete zuten pasa den abenduaren 27an Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako «Pizkundea» ekitaldian.  Kontseiluak eskerrak eman dizkie Miribilla auzoko kirolgunean elkartu ziren 6.500 lagunei eta herriz herri inplikatu diren euskaltzaleei. Baita babesa eman eta bertaratu ziren erakunde, alderdi, sindikatu eta eragile guztiei.

Aldarrikapenez betetako ekitaldia izan zen, kulturgileen ekarpenen bidez josi dena. Euskalgintzako eta kultur munduko ordezkari ezagunez gain, ekitaldian hainbat  euskaltzalek hartu zuten parte, besteak beste, Ramon Agirre, Miren Gaztañaga, Itziar Ituño, Edurne Azkarate eta Olaia Aguayo aktoreek, Gorka Urbizu, Gontzal Mendibil, Maia Iribarne, Miren Narbaiza ‘Mice’, Joseba Tapia, Amets Aranguren, Anari, Beñat Goitia ‘Benizze’ eta Julen Goldarazena ‘Flako Fonki’ musikariek, Ane Labaka eta Sustrai Colina bertsolariek.

Kulturgileek erakutsi zuten euskaratik eta euskaraz sortutako kultura ezinbesteko unibertsoa dela euskaraz aurrera egingo badu, eta euskara biziberritzeko ezinbestekoak direla euskarazko kulturaren aldeko kulturpolitika sendoak egitea. Era berean, Kontseiluak eskerrak eman dizkie ere ekitaldian parte hartu zuten musikari, aktore, kulturgile eta sortzaileei.

Bitartean, datorren ekainaren 13an Iruñea euskaltzale guztien bilgune bilakatzeko mobilizazioa deitu du Kontseiluak. Datozen hilabeteetan zehar ezagutzera emango dira xehetasun guztiak.

 

Aurrera begirako balorazio baikorra

Kontseiluak balorazio positiboa eta baikorra egin du, eta aurrera begirako erronketan jarri du fokua. Kontseiluaren iritziz, ekitaldiaren arrakastak erakutsi zuen jende askorengan oso txertatuta dagoela euskaltzaletasuna, badagoela gihar hori indartzeko gogoa eta premia. Badagoela hizkuntzaren auziaz hitz egiteko, euskarak sortzen digun kezkaz hitz egiteko, eta elkarguneak sortzeko beharra.

Izan ere, azken ikerketa eta datuek erakusten duten euskararen larrialdi egoerari erantzuteko ezinbestekoa da euskaltzaletasuna indartzea. Kontseiluak bide horretan lanean jarraituko du, eta larunbateko ekitaldian azpimarratu bezala, “euskaltzaleok ekiteko garaia da”: toki guztietan antolatzeko, hiztun komunitatea ahalduntzeko, euskara eta euskaltzaletasuna lehen lerrora ekartzeko garaia. Horretarako proposamen bat aurkeztu du Kontseiluak, Euskaltzaleon gida izenekoa.

Halaber, euskalgintzak aspalditik aldarrikatu duen bezala, euskararen biziberritzeak aldaketa sakon bat behar du, hizkuntza-politiketan jauzi bat, adostasun sozial eta politiko berri batean oinarrituko dena. Euskaraz bizitzeko behar diren baldintzak bermatzeaz gain, egun indarrean dauden minorientzako politiken paradigma gainditu eta euskararen normalizazioa gizarte osoaren eginbeharra bilakatuko duena.

Zentzu horretan, Kontseiluak, askotariko egundik gora eragilerekin batera, irailean aurkeztu zuen Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza proposamena ekarri du gogora, euskararen ezagutza orokortzea eta erabilera normalerako baldintzak sortzea helburu dituena. Gizartean duten erabakimen eta eragin gaitasunetik, Kontseiluak erakundeei eta indar politikoei eskatzen die proposamena aintzat hartu dezatela.