Posiblea da gaur egungo gizartean horren hedatuta dagoen estresaren kontrako zerbait egitea? Ba al dago aurrea hartzen laguntzen duen metodorik edo ezagutzarik? Galdutako ongizatea, oreka eta autoestimua berreskuratzea posiblea da? Deustualdean bertan, aukera bat baino gehiago topatu dugu.
Osasun arazo arruntak bilakatu dira estresa eta antsietatea. Patologikoak. Psikologo, psikiatren eta homeopaten kontsultak leporaino omen daude. Fen Shuia modan ei dago eta krisiaren aurrean hiru elementuren kontsumoak gora egin duela irakurri berri dugu: Euromillones zozketak, txokolateak eta yogak. Zer gertatzen ari da? Marina Caballero Luzarra Kalean dagoen Agua Marina guneko zuzendaria da eta berak argi du: “Ez digute irakatsi gure emozioak, pentsamenduak eta osasuna kudeatzen. Ez dugu gure barnea -gure etxea- ondo ezagutzen, hori dela eta gertakari gogor baten edo aldaketa baten aurrean, oreka galtzen dugu eta horrek ondorio kaltegarriak dakarzkigu. Jendeak ondo egotearen beharra du, azken finean zoriontsuak izateko gaude hemen”.
Gurean, gero eta gehiago dira nor garen eta zer nahi dugun jakiten laguntzen diguten terapia eta teknikak. Ohikoen artean yoga edo Pilates daude. Lehendakari Agirren badago Alba izeneko Yoga eskola. Beraien web gunean, yoga ariketen bitartez min fisikoak kendu eta ekiditeaz gain, jarrera eraikitzaile eta positiboak bultzatuz, barne lasaitasuna lortzen laguntzen dutela azpimarratzen dute. Hori bai, “joera mistiko, erlijioso eta esoterikorik gabe”.
Kale bereko Kantxo Oyama gimnasioan, Pilates da gaur egun arrakasta handien duen jarduera. Eskaintza ikustea besterik ez dago. Goizeko 10.00etatik hasi eta gaueko 21.00ak arte ordu beteko saioak etengabe. Tania gimnasioko prestatzailea da eta urteak daramatza horretan. Orokorrean ez jakintasun handia dagoela uste du. Pilates kirol leuna dela pentsatzen dute askok eta ez da horrela. Medikuek ere gomendatzen diete bizkarrean arazoak dituztenei baina ez dute beti asmatzen. “Hilabetez hilabete jende kopurua gorantz egiten du, gehienak emakumezkoak badira ere, gero eta gizon gehiago datoz eta behin izena emanez gero jendea denbora luzez egoten da. Ondo sentiarazten bazaitu, ez duzu utzi nahi”, dio Taniak.
Tai-Chia ere gero eta ezagunagoa da, ekialdeko teknika da, energiarekin egiten da lan eta ulertzeko eta batez ere, sentitzeko denbora gehiago behar dela esan digu Taniak. “Burua irekita izan behar da”, dio. Ramon y Cajal eta Luzarra kaleetan ere baditugu horretan adituak diren eskolak.
Emozioak eta norbere burua zaintzen hasita, ezezagunagoak diren terapiak ere badaude. Hona hemen batzuk:
Reikia
Japoniatik datorren masaje mota bat da eta eskuekin gorputzeko hainbat puntutan energia transmititzean datza. Eiderri bat oparitu zioten bere urtebetetzean eta esperientzia berria izan zela aitortu du. “Ez ninduen ukitu ere egin baina amaitutakoan pilak kargatuta atera nintzen”.
Familia konstelazioak
BertHellingerrek asmatutako familia-terapia sistemikoa da. Saio labur baten edo batzuen bidez gure familiaren sufrimendu eta arazo guztiak inkontzienteki senda ditzakegu. Behintzat, ikusi eta ulertu egiten ditugu gure bizitzan errepikatzen zaizkigun gauzak, gure blokeoak, beldurrak, fobiak, familia-doluak, dibortzioak, lan eta bikote arazoak, mugatzen gaituzten sentimenduak, gaixotasun larriak...
Rebirthing
Arnasketa kontzientearen bitartez arnasgora eta arnasbehera konektatzen dira energia aktibatuz, barnean ditugun blokeoak desegin arte.
Coaching
Aurrez aurre dituzun egoerak konpontzeko zuk zeuk irtenbidea bilatzen laguntzeko pentsatuta dago. Benetan zer desira dugun jakiteko terapia bat da.
Bach lorak
Zure barne emozioak ordenatzen eta orekatzen lagunduko dizuten esentzia naturalak dira.
Tarot terapeutikoa
Tarot karten bitartez norbera dena islatu egiten da. Beraiekin jolastuz zure blokeoen erantzunak topa ditzakezu.
Biodantza
Musika, jolasa eta dantzaren bitartez bizipen berritzaileak ekartzen dituen metodologia
Flotarioa
Ur gaziz betetako bainuontzi berezia da flotarioa. 36ºtan, itxita zaude bertan. Argirik gabe, soinurik gabe. Uraren berezitasunengatik –Itsaso Hilarekin parekatzen dute-, ez zara urperatzen eta zure gorputzak ez du pisurik. Egoera horretan lortzen den erlaxazio maila oso handia da eta adituek amaren umetokiarekin parekatzen dute. Besteak beste, estresa, tentsio muskularra, depresioa, antsietatea, nekea eta gaixotasun kronikoetarako mesedegarria dela esaten dute.
ELKARRIZKETA
Marina Caballero: “Emakumeok gehiago erreparatzen diegu barne sentimenduei eta emozioei”
Zer da Agua Marina?
Zure pentsamenduak kudeatzen laguntzen dizun gune bat. Ez ditugu gauzak eskaintzen, informazioa baizik, gure barnea kudeatzeko behar dugun informazioa, zoriontsuago bizi gaitezen. Jaten dugun edozer eragina du gugan, baita entzuten duguna.. Gure burua ondo elikatzeko ez jakintasun handia dago ez soilik fisikoki, baita emozionalki ere. Telebista pizten dugunean albiste txarrak baino ez ditugu jasotzen, dena txarto dagoenaren sentsazioarekin joaten gara ohera eta horrek kalte egiten digu. Energia berreskuratzeko gunea da hau, berrituta ateratzeko gunea, inbertsio eta mugimendu handirik egin gabe.
Zein jende mota hurbiltzen da horrelako gune batera? Badago perfil zehatzik?
Ez, denetarik dago. Hobetu nahi duen jendea dator, orokorrean, kezkak dituena. Badira ere oso txarto daudenak, bere egoerari konponbidea bilatzen diotenak eta irtenbide baten bila dabiltzanak.
Eta sexuari dagokionez?
Emakume gehiago datoz, zentzu horretan gure osasun egoerari, emozioei eta sentimenduei gehiago erreparatzen diegu gizonezkoak baino, eta hobetzen saiatzen gara. Hurbileko kontuei garrantzi handiagoa ematen diegu. Geu gara familia eta gizartea eusten dugunak gehienetan. Gu Geu ondo bagaude, dena doa ondo.
Zeintzuk dira ikastaro edo terapiarik arrakastatsuenak?
Yoga, ni duela 20 urte hasi nintzen lehen oso arraroa zen eta orain medikuek gomendatzen dute. Jende asko dago interesatuta. Meditazioa eta Reiki masaiak ere gero eta jendetsuagoak dira. Asteburuetan eskaintzen ditugun ikastaroetan ere parte hartzea handia izaten ari da. Jendeak ikastearen beharra du: Autoestima, Komunikazio eraginkorra, amatasun orekatua...
Badira hau moda bat dela pentsatzen dutenak. Edo mistikoegia dela...
Gauza berrien aurrean gehienetan beldurtu egiten gara. Hasieran mesfidantza sentitzen dugu, gero onarpena eta azkenean... “banengoen ni ba!” Jadanik kanpoko mundua kontrolatzen dugu eta orain barrura begiratzea tokatzen zaigu. Moda azken finean gizartearen behar bat da. Jendeak ondo egotearen beharra du, zoriontsuak izateko gaude hemen. Erosotasuna lortu dugu kanpoan eta orain gure buruarekin eroso egotea tokatzen zaigu.
Fen Shui ona duzuela esaten duzue zentroa iragartzean. Zer esan nahi du horrek?
Toki batean sartzen zarenean harmonia sentitzen duzu. Aldez aurretik adostutako orden bat dago, argiekin, usainekin, koloreekin zerikusia du ere, leku batera sartzen zarenean nabaritzen duzun zerbait da. Ez da gauza bera ni beltzez jantzita egotea eta heavy musika entzutea edota kolore argiekin eta musika lasai batekin.
Ikastaroetan prezio hitza erabili beharrean, inbertsioa edo ekarpena jartzen duzue. Zergatik?
Dirua energia da. Nire lana zure lanaren truke. Ikastaro bat ordaintzen duzunean zure buruan inbertitzen ari zara. Kotxe bat erosten duzunean bezala, zure desplazamenduan eta erosotasunean inbertitzen duzu. Dirua bitartekoa da, ez helburua.
Nola sartu zinen zu mundu honetan?
Ikusmin handia izan dut beti. Oso garrantzitsua da gure pentsamendu eta sentimenduak ezagutzea, egunero ohetik baikor altxatzeko. Nire gurasoek ez zidaten hori irakatsi beraiek ez zekitelako eta nire kabuz ikasi behar izan dut. Nik honetan sinesten dut. Ikertzaile sentitzen naiz, eta gehien gustatzen zaidana ikertzen ari naiz, bizitza.
Testua: Nerea Olaziregi
Erreportaje honetako argazkiak ikusteko hemen