PREST! aldizkaria: 11 urte, 11 erronka

prestaldizkaria 2012ko api. 2a, 11:08

2001eko martxotik, lehen aldiz Deustualdeko PREST! aldizkariak argia ikusi zuenetik, 11 urte igaro dira. Harrezkero, 123 aldizkari osatu ditugu Deustualdeko berri emanez; hilero bana, euskaraz eta doan. Eskerrik asko denoi emaniko laguntza eta babesagatik! Gure aldizkari hau maitatsunez gordetzen dutenei eskerrak emateko baliatu nahi izan dugu urteurreneko erreportajea eta baita PREST!en erronka berriak ezagutzera emateko ere.

Garbiñe Ugartemendia eta Jon Unanue - Rikardo Arregi Aldizkaritegiko kideak: “Nolanahikoa ez den eremu batean funtsezko lana egiten du”

Berri-berria da Andoaingo Rikardo Arregi Aldizkaritegia. Joan den azaroan zabaldu zuen Manuel Larramendi Kultur Bazkunak.  Krisialdi ekonomikoan bete-betean sartuta egon arren, kultur elkarteak bere helburua lortu zuen erakundeen laguntzari esker: zentro berri eta modernoa zabaltzea Arantzibia plazan. Bertan, Euskal Herri osoan euskara hutsez argitaratzen diren aldizkako argitalpen guztiak jaso, katalogatu eta gordetzen dituzte, baita gure PREST! ere. Jon Unanue arduradunari gure aldizkariari buruz galdetu diogu; zer da PREST! Rikardo Arregi Aldizkaritegiarentzat? “Tokiko hedabideen puzzle handia osatzen duen pieza da, nolanahikoa ez den eremu batean funtsezko lana egiten duena euskararen erabilera bermatzearren”. Egun, aldizkari asko jasotzen dituzte Andoainen: tokiko hedabideak, orokorrak, erakundeenak, berripaperak… Batzuk 3-4 zenbaki egiten dituzte eta gero desagertu egiten dira, horregatik dio Unanuek aldizkari asko dauden arren, “errealitatearen irudi faltsua eman dezakete zenbaki horiek”.

Rikardo Arregi Aldizkaritegia ezagutzeko, kontaktua: www.larramendi.org

Juan Jose Agirre / Lazkaoko Benediktarren Artxibategiko burua: “Historia txikiak ezagutzeko eta tokian tokiko ikerketak egiteko balio du”

Juan Jose Agirre monje benediktarrak azken lau hamarkadetan bildutako funtsak gordetzen dira Lazkaoko benediktarren artxiboan: aldizkariak, bildumak eta artxiboak, guztiak ere euskal gaien ingurukoak eta Euskal Herriko historia garaikidea ezagutzeko ezinbestekoak. “Horregatik gordetzen dugu PREST! bezalako aldizkaria, hemeroteka atalean, gainerako 6.000 tituluekin batera. Ikertzaileentzat baliagarri izango delakoan gordetzen dugu”, dio Juan Jose Agirrek. Bizirik dirauten gainerako aldizkariekin batera pilatuta dago PREST! Lazkaon; hemerotekako dokumentazio guneko depositoan kokatuta, “tenperatura eta hezetasun baldintza egokietan”.

Kuttuna da Juan Jose Agirrerentzat PREST!, “alde batetik, herri mailako aldizkariei garrantzia handia ematen diegulako, oso baliagarriak baitira Euskal Herriko historia txikiak ezagutzeko eta tokian tokiko ikerketak egiteko. Eta beste alde batetik, euskaraz idatzita dagoelako. Gainera, PREST! aldizkaria osorik daukagu, eta horrek ere balio berezia ematen dio”.

Lazkaoko artxibategia: www.lbfundazioa.org

Kristina Gorostidi - Larrako AEK euskaltegiko irakaslea: “Irakurritakoan bagoian uzten dut”

Euskaltegiko irakasle gelan hasi zen PREST! aldizkariak gordetzen Kristina. Aspaldi. Azken hilabetetako zenbakiak erakusgai izaten dituzte euskaltegiko sarreran, eta aldizkari berriak jaso ahala aurreko hilabetetakoak artxibatzen dituzte. Zahartzen diren zenbakiak kartoizko kutxetan gordetzen dituzte Larrakon eta liburutegian Matxintxun. “Deustu-Sani Inazion euskaraz argitaratzen dena gorde nahi dugulako, are gehiago gure ikasle edo taldeei egindako elkarrizketak edo badira, eta bestetik, aldizkaria klaseratzeko baliagarria izan daitekeelako. Inguru hurbilean gertatzen dena jakiteko, errezetaren bat kopiatzeko, nire taldeetan ulermena zein mintzamena lantzeko, euskara zabaltzeko... Neuk metroan irakurtzen dut Plentziarako bidean eta irakurritakoan bagoian uzten dut beste norbaitek irakur dezan -doako egunkari erdaldunekin egiten duten bezala- eta egia esan segituan hartzen du ondokoren batek eta irakurtzen hasi. Pentsatu nahi dut horrek ere berdin egingo duela eta horrela katean aldizkaria eskuz-esku pasako dela. Bereziki, Gureak Kanpoan atala gustatzen zait, aspaldian ikusi ez duzun jendea zertan dabilen jakiteko aukera ematen dizulako”.

Cristina Garrido - Harpidedun eta bilduma egilea: “Faltan sentitzen dut etxean ez dudanean”

PREST! guztiak gordeta ditu Cristinak, lehenengotik azkenera. Aldizkari gehienak bere alaba Goizalderen gelako apal batean pilatuta ditu, baina sukaldean eta egongelan ere baditu zenbaki batzuk gordeta. “Tabernetara etxera baino lehenago heltzen denean, tabernaren baten eskatzen dut aldizkaria; zerbait faltan dudala sentitzen dut etxean PREST! ez daukadanean. Argazki zaharrak ditut gustuko, auzoa zelan aldatu den erakusten dutelako. Horiek ez ditugu beste komunikabideetan ikusten. Elkarrizketak eta erreportajeak interesgarriak izaten dira, batak eta besteak zer pentsatzen duen jakiteko. Beti topatzen dut ezagunen bat PREST!en”.

Cristinak ez daki euskaraz, baina hori ez da traba berarentzat; Goizalde alabak jarduten du amaren itzultzaile. “Goizalde, zer dio hemen?, galdetzen diot, eta berak itzuli eta azaldu egiten dizkit hilero-hilero testuak. Horrela konpontzen naiz. Aldizkaria euskara hutsezkoa da, eta horrela jarraitu behar du aurrerantzean ere. Ez du zentzurik Deustualdean gehiengo batek euskaraz dakienean gaztelera sartzeak PREST!en. Ni, primeran konpontzen naiz horrela”.

Interneten indartzen ari da PREST! aldizkaria

Orain arte presentzia txikia izan du Interneten PREST! aldizkariak. 2012ko erronka gisa, ahalegin berezia egin dugu sarean Deustualdeko berri hedatzeko. PREST! aldizkariko edukiak zein gure auzoetan sortzen diren unean uneko albisteak zabaltzen dihardugu sortu dugun blog berrian: prestaldizkaria.wordpress.com helbidean izango du nabigatzaileak horretarako aukera.

Sare sozialetan ere lortu du lekua egitea gure aldizkariak, bai Facebooken bai Twitteren zuzen eta erraz jaso daiteke informazio ugari:

https://twitter.com

http://www.facebook.com/prestaldizkaria

Eta azkenik, argazkientzat txoko berri bat sortu dugu Flickr plataforman:

www.flickr.com/photos/prestaldizkaria helbidean, Deustualdeko argazki zaharrak -Txema Luzuriagaren bildumakoak-, gure elkarrizketatuen argazkiak -Jabi Garciak eta Iñigo Azkonak eginak-, inauterietakoak eta aurtengo jaietakoak -Natalia Lopezenak-, besteak beste, dozenaka, ikus daitezke.

Sartu, nabigatu, informatu, konpartitu, dibertitu eta lagun gaitzazue Deustualdeko berri zabaltzen. Denon artean egiten dugu PREST! aldizkaria eta denok dugu bere zabalpenean laguntzeko aukera.