Deustu futbol taldeak 100 urte bete ditu eta osasuntsu dirau

prestaldizkaria 2013ko ots. 28a, 10:30

Deustuko futbol taldea 1913an sortu zen. Oso garai onak bolada txarrekin uztartu ditu kirol elkarteak eta zenbait urtetan desagertuta egon bazen ere, txakalaldietatik beti altxatu da eta gaur egun osasuntsu dago.

Joan den mendearen hasieran futbol talde asko zeuden baina arrazoi ezberdinak tarteko, horiek guztiak desagertu ziren eta gaur egun ezagutzen duguna jaio zen. Deustu oraindik udalerria zen eta agian horrek bultzatuta, 20. hamarkada hasieran Bizkaiko talderik onenetakoa izatea lortu zuen. Horren adibide garbia 1920-21 denboraldia izan zen. Orduan, Bizkaiko txapelketan, Athletic eta Arenas baino ez ziren gure taldearen aurretik sailkatu. Gure herria auzo bihurtu eta taldearen makalaldia bat etorri ziren. Azkenean 1932an desagertu zen baina ez zen luzerako izango. Gerra ostean, 1939an, berriro martxan ipini zen oso urte onak emanez. Hala ere, denboraren poderioz indarra galdu zuen. 1950ean Unibertsitatearekin akordioa erdietsi ostean hara mugitu zen. Sei urte geroago hirugarren mailarako txartela lortu zuen eta bertan, gorabehera txiki batzuk tarteko, 1968ra arte egon zen.

Urte apal batzuk eman ondoren, gaixo onak bezala, 1979an osasuna berreskuratu zen eta urte emankorrak eman zituen hirugarren mailan. Urte horretan bertan, 1979an alegia, eta 1982an, Espainiako kopa jokatu zuen. Osasuntsu zebilen gure taldea: kirol lorpenak, jendetza zelaian… baina pozak ez zuen asko iraun. 1985ean hirugarren mailari agur esan zion betiko. Geroztik maila apalagoetan ibili da. Gaur egun ohorezko mailan dago, hau da, hirugarren mailatik gertu. Agian kirol mailan ez da bere onenean egongo, baina klubak oso osasun ona du.

Osasuna, talde kopuruan neurtzen bada, kirol elkartea oso osasuntsu dago: 16 talde ditu. 6 urteko umeak, aurre-benjaminak hain zuzen, txikienak dira. Hortik aurrera adin guztietako umeak topatu ahal ditugu. Guztiak mutilak, neskarik ez baitago. Talde gazteetan neskak egon daitezke, alegia, taldeak mistoak izan daitezke, baina Deustuk ez du bakar bat ere. Orain dela urte batzuk neska-taldeak egon ziren baina azkenean neskek klub propio bat sortu zuten. Handik urte batzuetara, zoritxarrez, kluba desagertu zen. Aner Sanchez lehendakariaren esanetan “nesken futbolak gailurra jo zuen Athleticek liga irabazi zuenean, baina urteekin indarra galdu du. Lorpen horien berotasunean agertu ziren talde asko desagertu dira jada neska faltagatik. Soilik talde indartsuenek eutsi ahal izan diote horri eta Deustualdean badago horrelako taldea: San Inazio”.

Mutiletan, ordea, kontrakoa gertatzen da. Klubak nahiz 16 talde izan, askoz gehiago izan zezakeen, baina leku faltagatik ezin du jokalari gehiago onartu. Etxezuri futbol zelaia orain dela 9 urte zabaldu zuten baina hasieratik ikusi zen nahikoa ez zela. Gaur egun La Sallek ere instalazio horiek erabiltzen ditu. Gauzak horrela, arratsaldetan ez dago zelaia hutsik topatzeko aukerarik. Gainera, zenbait taldek gaueko 9etan hasi behar dute beraien jarduna. Behin baino gehiagotan Udalari Etxezuri handitzeko eskatu diote. Goiko aldea orain dela gutxi berritu zuten eta horren aitzakiarekin bertan futbol zelai txikiagoa jartzea eskatu bazuten ere, Bilbao Kirolak erakundeak ez zien jaramonik egin. Aukera hori galdu zenez, beheko aldean, autoentzako aparkalekuan eta Maria Luisak okupatzen zuen orubean, beste zelai bat egiteko toki aproposa dela uste du zuzendaritzak, baina ez du Udalak kasu egiteko adina indarrik.

Indarra da urtero denboraldi hasieran behar dena hainbat eta hainbat mutili ezetz esateko. Izan ere, taldeak eduki ahal duen baino ume gehiago gerturatzen dira. “Gogorra da ume asko baztertu behar izatea. Gu prest egongo ginateke gehiago hartzeko baina gaur egungo instalazioekin ezinezkoa da”, aipatzen digu Anerrek. Jokalari gehienak deustuarrak dira eta horren apustu garbia egiten du zuzendaritzak. Talde nagusian oraindik asko kanpotik etorri dira, baina gero eta gehiago dira harrobitik lehen taldera heltzen direnak. Aurten, adibidez, iaz gazte mailan aritutako lau jokalari daude.

Harrobia ahalik eta ondoen lantzea da erronka eta emaitzak ikusita lortzen ari direla esan daiteke. Gazte kategorian, talde bat ohorrezko mailan eta bestea lehenengoan dago. Kadete kategorian ere, berdin gertatzen da eta hori klub gutxiren eskura dago. Hala ere, urtero zenbait jokalari izen handiagoko taldeetara joaten da. “Askotan gurasoek umeak bultzatzen dituzte kanpora joateko izar bihurtuko diren esperoan. Zoritzarrez urte batzuk beranduago mutil gehienak botatzen dituzte eta kirola uzten dute. Batzuek Deustura itzultzea eskatzen dute, baina porrotaren sentsazioarekin datoz”.

Porrota, baina kasu honetan ekonomikoa, saihestea da zuzendaritzaren ardura nagusienetakoa. Publizitatearekin gero eta diru gutxiago lortzen dela jabetuta, Etxezuri futbol zelaiak duen taberna ondo kudeatzea da diru kontuen zutaberik sendoena. Izan ere taberna da haien diru-iturri nagusiena eta zuzendaritzak berak lantzen du barra txandak eginez. Larunbatetan hainbeste partida dagoenez, taberna egun osoan dago zabalik. Gainera umeekin egoteko leku lasaia da inguru hori. “Unibertsitateko futbol zelaia itxi zenetik, agian, auzoarekin harreman apur bat galdu genuen jende askok leku urruntzat hartzen duelako hau. Deustu erdigunea baino gehiago da eta gainera futbol zelaia toki atsegina da umeekin egoteko. Horrez gain, taberna kudeatzeak gurasoekin eta futbol jarraitzaileekin harreman zuzenagoa izatea ahalbideratzen du. Hori bai, oso lan gogorra da guretzat. Lehen alokatuta genuen baina orain diru premiagatik guk egiten dugu”, azaltzen digu Aner lehendakariak. Klubak 100.000€ aurrekontua du eta 200 bazkide (jokalariak eta haien gurasoak zenbatu gabe) baino ez. Diru-laguntzak oso urriak dira eta Bilbao Kirolaken zelaiaren mantenua eskasa da. Datu horiek ikusita, ulertzen da erabakiaren zergatia.

Aner Sanchez da hau guztiaren arduradun. Berarekin batera beste sei pertsonak osatzen dute zuzendaritza taldea, hasieran 14 baziren ere. “Honek denbora asko kentzen du eta gu gara musu-truk lan egiten dugu bakarrak. Arduratuta gaude, urte asko daramagu, zazpi urte nire kasuan, eta ez dugu ordezkorik ikusten. Horregatik laguntza eskatzen dugu. Noizbehinka jende berria sartzea eta aldaketak egotea ona da”, azaltzen du Anerrek. Hala ere, inor ez agertzekotan, jarraitu beharko du eta horretarako ilusioz ikusten dugu. “Hainbeste ume, guraso, pertsona… taldearen inguruan ikusteak asko pozten nau. Hau droga bezalakoa da”.

100 urteko ospakizunak

Oraindik guztiz definituta ez badaude ere, ospakizunak apirilean hasiko dira. Bertan futbol partiduak jardunaldi ludikoagoekin nahastuko dira. Izan ere, Bilbao Athleticen kontrako dema aurreikusita dago eta ahal bada, Athletic eta Deustuko beteranoen artekoa jokatuko da. Umeek ere bere tokitxoa izango dute futbol torneo batekin. Beste alde batetik hitzaldi bat eta jokalari ohien bazkaria programatuta daude eta amaitzeko Deustuko futbol taldearen eguna prestatzen ari dira auzoarekiko harremana sendotzeko asmoz. Bertan sorpresaren bat egongo da, baina ez dugu baimenik aurreratzeko, beraz, zuzenean joan beharko duzue. Zorionak Deustu!

S.D. Deusto futbol taldea

www.sddeusto.es

Testua: Aitor Sarrionandia-Ibarra

Argazkiak: S.D. Deusto eta Txema Luzuriagaren bilduma