Dantza taldearen lokalean egin zuten lapurretak kaltetuta utzi du Bihotz Alai. Egoerari aurre egiteko, laguntza ekonomikoa eta elkartasun keinutxoa eskatzen ari da Deustualdean.
Maiatzaren 25eko egunsentian hartu zuten sustoa. Lokaleko atea irekita topatu eta gauez lapurrak sartu zirela konturatu ziren. Fanfarriako musikarien tresnak (saxoak, teklatua, bajoa, gaita bat…), anpli bi, taldearen ordenagailua… Bihotz Alaiko taldekideek adiearzi digutenez, "min handia egin ziguten, bai ekonomia aldetik (4.000 euro inguru…), bai animoen aldetik, hainbeste lan, hainbeste ordu, hainbeste esfortzu pertsonal eta kolektibo, ez baita diruarekin neurtzen bakarrik".
Orain, animoak berpizteko, laguntza ekonomikoa eta elkartasun keinutxoa eskatzea erabaki du Bihotz Alaik, "gure lana ezagutu eta hainbeste aldiz babesa eman diguzuenoi". ELKARTASUN BONOA atera dute horretarako. Edonoren esku egongo da asteburu honetan Erribera, Arangoiti eta San Pedroko jaietan, bertan egongo dira Bihotz Alaiko kideak. "Hurbildu, galdetu, eskatu, eta gure proiektua babesteko bost euroko keinutxoa egiteagatik".
Erriberan eta Doneperiagan emanaldiak
Asteburu polita datorkigun hau, San Pedro eta San Pablo ospatzen baitira gurean, bai Erriberan bai Doneperiaga aldean.
Erriberako jaietan gaur, ostirala, Bihotz Alai dantza taldearen ekitaldia izango da 19:00etan, eta igandean, betiko moduan, meza osteko dantzaldian parte hartuko du. Ondoren, fanfarrearen erromeriarekin gozatzeko aukera izango da bazkalordura arte.
Eta larunbat arratsaldean, San Pedro eguna ospatzeko, ekitaldi ibiltaria egingo du Bihotz Alaik fanfarrea eta dantzariekin, arratsaldeko 20:00etan hasita, Deustuko plaza ezberdinetan geldialdiak egiten.
Ez da egongo aspertzeko tarterik! Hurbildu Bihotz Alairen emanaldietara eta egin elkartasun keinutxoa!
Bihotz Alai dantza taldea
Blas de Otero kalea, 42 (atzeko lonja)