Beste behin bi asteburuz luzatuko dira Deustuko San Jose jaiak. Martxoaren 14an hasi eta 23ra arte, jai giroa izango da nagusi. Bazkariak, lehiaketak, kontzertuak, dantzaldiak, tailerrak… denetik izango da 2014ko egitarauan. Jai Batzordea lanean hasita dago aspaldi, beste eragile batzuekin batera, aurten ere jai herrikoi, euskaldun, parekide eta partehartzaileei forma emateko.
Besteak beste, PREST! aldizkariak jakin duenez martxoaren 20an Andoni Egaña, Jon Maia, Igor Elortza eta Alaia Martin etorriko dira Arkaitz Estiballesen gaiei bertsoak kantatzera.
Bigarren primizia bat ere badugu. Musika kontzertuen artean, Izerdi Gorria taldearena izango da, Naroa Gaintza kantariaren talde berria.
Bi indio zaldi gainean
Deustuko inauterietako lehen egunean, Koadrilen Gauean, giro polita izan zen Fabe de Fuka taldeari esker. Biharamunean 200 lagunetik gora elkartu ziren bazkaltzera. Bazkalostean, bingo musikatua oso parte-hartzailea eta “dibertigarria” izan zen Jai Batzordearen arabera. Erromerian ere jende asko batu zen eta berbenan bezalatxu. Igandean, desfile egunean, “inoiz baino partaidetza handiagoa izan zen. Azken urteotako handiena. Bi indio zaldi gainean ere hurbildu ziren defilera. “Primerako eguraldia eta primerako giroa” aurtengo Deustuko inauterietan.
Ibarrekolanda eta Erribera hurrengo
Martxoaren 8-9ko asteburuan Ibarrekolanda eta Deustuibarraren txanda izango da. Ibarrekolandan inauteri hippya antolatu dute martxoaren 8an larunbata. Egun osoko egitaraua prest dute jada Ibarrekolandan, besteak beste, umeentzako puzgarriak, Kokotean Kolpe taldearekin kalejira, indaba jana eta disko festa.