Etxebizitza, lan duina eta gizarte laguntza eskubideen aldarria ozen entzun zen Sarrikon atzo Kanala eta Herri Berria auzokide elkarteek deitutako elkarretaratzean. Auzo elkarteen arabera Jose Antonio Dieguezen heriotzetik urtebetera egoerak ez du hobera egin, "txarrera" baizik, besteak beste, "lege berriek arazoa ezkutatzen ahalegintzen direlako, etxebizitzaren altzamenduari". Etxe kaleratzeen data ez zehazteak "mobilizazioak ekiditen" dituela salatu zuten auzo elkarteek.
Ondorioak egunez egun "larriagoak" dira. Ez soilik etxebizitzaren gaiari dagokionez, "baita eskubide sozialei eragiten dien edozein gaietan ere". Langabeziak eta pobreziak gora egin duten bitartean, gizarte laguntzek behera egin dute iazko martxotik. Horrez gain, egungo egoeraren aurrean kalean protesta egitea "debekatu nahi dute", diote elkarteek, "gizartearen isilaraztea bilatzen duten lege berriak inposatuz".
Duela urtebete
Hunkituta geratu zen Ibarrekolanda eta Bilbo osoa Jose Antonio Dieguezen kasua ezagutzean. 2013ko martxoaren 6ko goiz hartan bere etxeko desjabetza gauzatu baino minutu batzuk lehenago, epaitegiko ordezkariak atarian zeudela, 50 urteko Ibarrekolandako auzotarrak bere buruaz beste egin zuen laugarren solairuko bere balkoitik salto egitean. Arratsaldean bilbotar ugarik parte hartu zuten Sarrikotik abiatu eta Jose Antonio Dieguezen etxepean amaitu zen manifestazioan hipotekaren ordainketen ezintasunaren aurrean aldaketak eskatuz banketxe eta administrazioari.
Barakaldoko Amaia Egaña izan zen Bizkaian etxe kaleratzeagatik bere buruaz beste egin zuen lehen pertsona eta Jose Antonio Dieguez bigarrena.
Kanal auzo elkartearen eta Herri Berria auzo elkartearen mezua:
Martxoaren 6an, Txakoli kaleko bere etxebizitzatik kaleratua izatearen prozedura gauzatzearen ondorioz, gure auzokide Jose Antonio Dieguezek bere buruaz beste egitearen lehen urteurrena betetzen da.
Egoerak ez du hobera egin, txarrera baizik. Egoera honen arrazoiak berdin diraute eta ondorioak egunez egun larriagoak dira. Ez soilik etxebizitzaren gaiari dagokionez, baizik eta eskubide sozialei eragiten dien edozein gaietan ere.
Etxebizitza: Auzoan etxebizitza hutsen kopurua %10 den bitartean, kaleratzeen arriskuak berdin jarraitzen du. Lege berriek arazoa ezkutatzen ahalegintzen badira ere, etxebizitzaren altzamenduari data ez jartzeak mobilizazioak ekiditen ditu. Egun Bizkaian 40 etxebizitza zozketatzen dira hilabetean; arazoa larriagoa da...
Lana: Azken urtean Bilbon langabeziak gora egin du, langabezia tasa lan egiteko moduan daudenen %17,9 arte igo delarik. Lan baldintzak eta soldatak gero eta okerragoak dira.
Gizarte laguntzak: Orain dela urtebeteko egoerarekin alderatuta pobretutako pertsonekiko laguntzen egoera larriagoa da; gizartetik baztertuak izateko arriskuan dauden pertsona kopuruak gora egin du, laguntzen kopurua handitzen ez den bitartean. Lan honetan diharduten elkarteek ezin diote eskaera kopuruari erantzun, eta instituzioek gero eta oztopo gehiago jartzen dituzte edozein laguntza jaso ahal izateko.
Azken denboran, egoera hauen aurrean jendeak kalean protesta egitea debekatu nahi dute, gizartearen isilaraztea bilatzen duten lege berriak inposatuz.
Horregatik, auzokide guztiei egoera honen aurrean lan eta protesta egitera deitzen zaituztegu.