Deustuko emakumeek urteroko aurreskua berretsi dute

uriola.info 2014ko mar. 16a, 15:50

Deustuko emakumeen aurreskuaren irudi bat.
San Jose jaietako lehenengo asteburua ederra izan da Deustuan. Bariku arratsaldean festak hasi zirenetik, giroa bikaina izan da, aroa zoragarria eta ekitaldi gehienak oso arrakastatsuak. Gaur goizean Deustuko emakumeek ohiko aurreskua dantzatu dute, herritarren txalo artean, eta ohitura zaharra beste behin ere berritu.

Deustuko emakumeen aurreskua XIX. mendearen erdialdean dokumentatutako ohitura da. 1846an argitaratutako artikulu baten arabera, herriko andreek aurreskua dantzatzen zuten Ofrenda domekan, alegia San Pedro egunaren osteko domekan. Herriko patroiaren egunean ez dantzatzeko arrazoia zen egun hartan Bilboko alkatea agintari agertzen zela Deustuan. Eta hura ez zen deustuarren gogokoa, jakina.

Dantza horren berria Iñaki Irigoienek zabaldu zuen. Bere eta beste batzuen ekimenez, 1999an Deustuko dantza taldeek bat egin zuten aurresku hura atzera martxan ipintzeko. Orain San Pedro jaiak ez dira ospatzen eta haien lekua San Jose jaiek bete dute. Horregatik, jaietako lehenengo domekan egiten da Deustuko emakumeen dantzaldia.

Gaur eguerdian hemeretzi izan dira dantzariak, horietatik lau berriak. Badago dantzaria izan barik ere entseguetara joan eta egun horretan bakarrik dantzatzen duenik. Urteen poderioz, hitzordu garrantzitsua izatera iritsi da Deustuko andreen aurreskua. Lehenengo aurreskua, gero dantzaldia gizonekin batera eta, ondoren, hamaiketakoa dantzari eta ikusleentzat.