Zer da zuretzat Deustuko jaietan kontzertua ematea?
Plazer bat, beste plaza bat, ardura handia, urtebetetzea ospatzeko eta lagun denak toki berdinean elkartzeko aitzakiarik onena... Deustu beti da jaien hasiera markatzen duen plaza, leku ederra da jotzeko; zabala, jendez gainezka, giro ezin hobea, erreka parean... Deustun jotzea maite izan dut beti, nire herria da, baina badakizu “inor ez da profeta bere herrian” orduan… Normalean nire buruari %100a eskatzen badiot, egun horretan bikoiztu egiten da eskatzen diodana, ez naiz jai esparrura hurbiltzen larregi eta urduri sentitzen naiz lehenengo momentuetan.
Aurten ez dakit nola ibiliko naizen, urduri, oraindik ez dudalako guztia nire menpe eta ez dakit nola joango den kontzertua. Hala ere toki arraroa da, eszenatokia eta txosnak independenteak dira, ez da leku goxoa, infraestrukturak ere ez digu asko laguntzen. Jai batzordeak diru asko uzten du musika talde eta ekipoetan, baina gero eszenatokia baztertu egiten da.
Zelan ikusten dituzu Deustuko jaiak? Eta jai herrikoiak?
Deustuko jaiak, jai eredugarriak direla uste dut. Garrantzia handia ematen zaio egun osoko programari, adin guztiei, taldeen presentziari, Deustuko gune desberdinak betetzen saiatzeari... eta inprobisatua bada ere, beti dago zerbait desberdina... Egia esan, nahi baino gutxiago ibili izan naiz azken urtetan egunez.
Egun asko dira antolatu beharrekoak eta lan handia hartzen du jai batzordeak eta inguruan lanean dagoen jende askok.
Deustuko talde askoren diru sarrera bakarrenetariko bat jaietan jartzen den txosna da, horrekin, taldeek aurre egin behar diete urte osoko gastuei eta ditugun ordutegi murriztuekin ezinezkoa da. Argi dago gure jai eredua ez dutela asko maite, diru laguntza barregarri bat eskaintzen digutelako eta azken urtetan ordutegiak izugarri murriztu dizkigutelako bai kontzertuak amaitzeko orduan, bai txosnetako musika jaisteko orduarekin, bai ixteko ordutegiarekin. Arazoa auzokideek jartzen dituzten salaketak omen dira, istiluak, zikintasuna... baina zalantzan jartzen dut. Ez dakit zein punturaino inporta zaion Udalari bere auzokideek, esaten dutena gutxietan kontuan hartzen baitute.
Bilboko Udalak izena zein dirua ematen dioten jaialdiak nahiago ditu, irudia gauza guztien gainetik dagoelako. Auzoek auzokoengatik egiten duten lana baloratu beharrean, estrategia berriak pentsatzen dituzte urtero jai eredu honekin amaitzeko.
Zelako zuzenekoa dauka Izerdi Gorria taldeak?
Agian, oraindik zuzeneko hori nire buruan dago soilik... Asmoa talde indartsu bat izatea da, erromeria bat bada ere bere izaera propioa izatea, frenetikoa, geldiunerik gabekoa... dinamikoa. Ez dira bi aste pasa lehenengo kontzertua eman genuenetik eta aldaketak egiten emango ditugu hilabete batzuk, kantu zerrenda antolatzen, kantek koherentzia izan dezaten euren artean, funtzionatzen ez dutenak kentzen, berriak sartzen... Sei lagun gara eta gutako hiruk baino ez dugu elkar ondo ezagutzen, elkar aurkitu behar dugu eta norabide berdinean jarri itsasontzi berri hau aurrera zuzen joan dadin.
Zein erronka du taldeak?
Hala Dzipo musika eskolan hasi zen hau guztia. Klasetik irteterakoan, Ruben trikitilariak, bere klaseko atea zabalik zuen, egun nazkagarri horietariko bat nuen... Kanta batzuk nituen poltsikoan baina horiek kaleratu arte hilabete asko pasatu behar ziren oraindik. Hutsune handia sumatzen nuen nire barnean eta ezerk ez zuen betetzen. Orduan, zera esan nion –“Goazen jotzera. Bi, hamar, hogei, nahi dituzunak, urbete, bi urte... taula gaineko izerdia behar dut, Ruben” –. Hitz egingo genuela esan zidan, eta aste batzuk pasata tximino batzuk bidali zizkidan WhatsAppetik. Berak ere jotzeko gogo izugarriak zituen. Helburu bakarra jotzea da, zein beste helburu izan dezake erromeria talde batek?
Zer lortu nahiko zenuke zuk talde berri honekin?
Bueltatu nahi genuen baina zerbait berria eginez. Berbeneo honetan ez dago berrizteko gauza handirik, edo instrumentu desberdinak sartzen dituzu edo ezer gutxi gehiago. Batzuetan berbena taldeak negozio hutsak dira eta ahalik eta taldekide gutxien sartu nahi dira taldean ahalik eta diru gehien irabazteko. Niri oso astunak egiten zaizkit erromeriak, agian ikutu umoretsua badute, 3gabe2koek egiten duten bezala, ikustea gustuko dut, baina azkenean erromeria batek parranda orduak betetzeko baino ez du balio. Ez dut uste jendeari asko inporta zaionik taldearen diskurtsoak, ez duzulako nortasun bat, besteen kantak baino ez dituzu jotzen. Oso garbi nuen ez nituela esaldi gehiago prestatuko kantuen artean esateko. Nik kantatu nahi nuen soilik, eta izerdiz busti goitikbehera taula gainean foko artean, horrexegatik DJ bat sartzea proposatu nuen. Nahiz eta taldekideok desberdinak izan berdinarekin gatoz, baina goazen zerbait desberdina proposatzera ahal dugun heinean, goazen DJ bat taldean sartzera, eta horrela egin dugu.
Zelan ikusten duzu musika taldeen panorama?
Tira, kanta baten lehenengo hitz eta akordea idazten denetik beste denok entzuten dugunera arte lan izugarria dago. Gehiago ala gutxiago gustatu ahal zaizu talde edo pertsona horrek egiten duena, baina errespetagarria da, oso.
Badaude talde batzuk azken hamarkadetako estiloak errepikatzen dituztenak behin eta berriz eta badaude ideia berriak ekartzen dizkigutenak, adibidez; Bide Hutsen taldeak, Ferminen burutapenak, triki-latin-a, urtetan diskoak grabatzen daramatzaten taldeak euren lanak zaintzen eta produkzio ederrak egiten…
Talde asko eta diru gutxi, edo dirua soilik izena dutenentzako eta beti dira berdinak, apostuak eta apostu erdiak hemengo talde batzuengatik, estilo zehatzek hartzen dute lekua Euskal Herriko plazetan. Gazteek entzuten dutena eta Euskadi Gazteak eskaintzen duena. Leku guztietan zaila bada ere Euskal Herrian are zailagoa da musikaria izatea.