Hirugarren atxilotu bat martxoaren 3ko istiluengatik

uriola.eus 2014ko mar. 27a, 10:58
Iñigo Fernandez de Martikorena Itzubaltzetako auzokidea, Donostiako adin txikiko gazte bat eta Deustuko auzotar bat dira atxilotuak. Lehengo biak atzo eguerdian atzeman zituzten eta azkenekoa bart.

Dagoeneko hiru lagun atxilotu ditu Ertzaintzak, martxoaren 3an egin zen “Foro Global 2014” gailurraren harira gertatutako istiluengatik, Europa Press albiste agentziak jakitera eman duenez.

Donostian goizean atxilotu zuten 17 urteko gaztea aske utzi dute gurasoen zaintzapean epailearen aurretik pasatu eta gero. Era berean, Iñigo Fernandez de Martikorena ere epailearen aurretik igaro da, baina atxilotuta jarraitzen du.

Azken atxiloketa atzo, gaueko 09:00etan izan zen Deustun, eta datozen orduetan epailearen aurrera eramango dute 21 urteko deustuarra.