Irantzu Zarandona: “Bihar bertan errepikatuko nuke telebistako esperientzia”

uriola.eus 2014ko mai. 1a, 09:41

Iñigo Azkona
`El conquistador del fin del mundo´ telebista programako 10. edizioko partaide izan da. 47 urteko emakume honek 12 egun eman zituen EITBko realityan. Inoiz izandako esperientzia "dibertigarriena" bezala gogoratzen du Izuagun bizitakoa.

Nola bururatu zitzaizun El conquistador-en parte hartzea?
Ez duzu asmatuko, kasualitate hutsa izan zen. Ni, kastinak egiten ari ziren ekaineko egun hartan paseoan nengoen. San Mames zaharra botatzen ari ziren eta bertara hurbildu nintzen urteetan nire tribuna izandakoa nola desagertzen zen ikustera. Ondoan, EITBko eraikina dago eta bertan jende ilara luzea ikusi nuen. Ni, oso saltsera naiz, eta jakin-minak jota hurbildu eta itxaroten ari zen neska bati galdera bota nion, ea zertan zegoen han horrenbeste jende. Berak, El conquistador del fin del mundo-ko kastinerako itxaroten ari zirela azaldu zidan eta momentuan hautaketa froga nik neuk ere egitea erabaki nuen.

Zelakoa izan zen kastina? Sumatu zenuen hartu behar zintuztela?
Kastinean hitz egiten hasi nintzen, etenik gabe, eta ia galderak egiteko aukerarik ez nien eman. Ni oso berritsua naiz eta pixka bat lotsabakoa ere bai. Bertan programaren produktorea, Patxi Alonso, eta erredaktore bat zeuden. Erredaktoreak keinuak egiten zizkidan, hatzamarrarekin gora egiten zuen, gustatzen zitzaiolakoan ni kontatzen ari nintzena. Ni neu izaten  saiatu nintzen, ezer estali gabe. Osatzeko ematen dizuten galdetegia luzea da: zein kirol praktikatzen duzun, gaixotasunik ote duzun, alergiarik… zeintzuk diren zure idoloak edota miresten dituzun pertsonak… Nik galdera horretan, adibidez, Rafaela Carrá miresten dudala jarri nuen. Horrek pixka bat desorekatu zituela uste dut.

Kirolariak, frikiak, polemikoak, urduri xamarrak… denetarik sartzen dela esan ohi da. Zuk, zein taldetan irudikatzen duzu zure burua?
Banekien, hartzen baldin baninduten, adinagatik eta emakumea izateagatik lehiakide ahul bezala hartuko nindutela, baina niri berdin zitzaidan hori. Proba eta duelo guztietan nire onena eman eta sekula amore emango ez nuela esan nien. Eta horrela izan zen. Ekainean egin nuen kastina eta irailean deitu zidaten barruan nengoela esateko. Aukeratua izan nintzenean oso harro sentitu nintzen, izan ere 1.000 pertsonatik gora partaide izan gara 10. edizio honetako kastinean.

Zer izan da bizipen honetan gogorrena? Intimitate falta, higiene kontuak, gosea, Iguazuko klima bero eta hezea…
Intimatea badago, izan ere, ordu askotan bakarrik zaude. Ikusle askok uste du  momentu oro dagoela kamara bat grabatzen, baina ez da horrela. Zure taldeak asteko proba irabazten baldin badu ia-ia ez dizute grabatzen eta intimitate tarte luzeak dituzu. Higienari dagokionez ura badago, ur zikina da baina ura da, eta nik, aukera nuen bakoitzean uretan sartzen nintzen, freskatzeko eta izerdi puntu hori sahiesteko. Gosearen kontua, niri behintzat ez zi-tzaidan oso gogorra egin, egia da 12 egun baino ez nituela igaro lehiaketan eta gainera kilo batzuk sobera neramatzan, eta horrek ere lagundu zidan.

Beraz, ez da hain gogorra izan?
Bai, bada. Adibidez, Guaraniekin elkarbizitza niri oso gogorra egin zitzaidan. Beraien erritmo motela jasangaitza zen eta egun osoa beraiek jansten diren bezala, erdi biluzik, egon behar izate hori, intsektuak nonahi, garauak, azkura... hori gogorra izan zen. Nire ustez arrisku handiak egon dira oihanean eta programaren arduradunek ez dituzte behar bezala neurtu arrisku horiek. Patagoniako hotza guk bizi izan duguna bezain arriskutsua da. Lurrean lo egitea ere niri maldan gora egin zitzaidan, sugeak inguruan, ez duzu batere deskantsatzen eta nik neuk, zerbikaletatik asko sufritu nuen programan bertan, baita bueltatu naizenean ere.

Formazioz kazetaria zara. Nola sentitu zara beste aldean?
Bai, nik Kazetaritza ikasi nuen eta duela urte batzuk tertuliakide bezala lan egin nuen. Gaur egun Onda Vascako kolaboratzailea naiz. Alde batean zein bestean eroso sentitzen naiz, kazetari lanetan ondo, lehiakide bezela reality honetan, gustura ere bai.

Zelakoak dira Korta, Juanito Oiarzabal, David Seco eta Manu Maritxalar… aurrez aurre?
David Seco nire taldeko kapitaina izan da, Kuati taldeko kapitaina. Harreman ezi hobea izan dut berarekin. Liderra, guapoa, azkarra... dena dauka Davidek. Nire ustez kapitain guztietatik onena izan da. Juanito eta Kortak saltsa handia ematen diote programari, baina nire iritziz muga gainditu dute behin baino gehiagotan. Juanitok errespetu falta handiak izan ditu lehiakide batzuekin eta niri horrek mina egin dit. Harroputz puntu itzela du. Maritxalarrek nahi bai, baina ezin. Harroputza izateko jakin behar da harroputza izaten eta Maritxalar horretara ere ez da heltzen, estiloa falta zaio. Korta, aldiz, txapela kentzeko modukoa da.  

Zu emakumea izanda, eta adinean helduenetarikoa… ahul sentitu al zara lehiaketan?
Eskiatzen dut, gimnasia egin dut, zaldi gainean ibiltzen naiz eta igeri egiten badakit, baina sartu nintzenetik argi izan nuen lehiakide ahula nintzela beste batzuen aldean. Hamar edizioetatik bakar bat irabazi du emakume batek. Horretaz gain 47 urte ditut eta ez naiz eliteko kirolaria. Nik, hasieratik, zera planteatu nien nire taldekideei. Estrategia bezala beti mutilak nominatzea eta horrela, emakumeak dueloetatik libratuko ginen eta aurrera egingo genuen lehiaketan. Horregatik, duelora joan nintzenean eta nire kontrarioa aukeratu behar izan nuenean ez nuen emakumerik duelora bidali eta Iker aukeratu nuen.

Telebista saio honetan oso ohikoa da, parteartzaileen aldetik, manipulazioa eta arauen azken orduko aldaketak daudela esatea. Nola bizi izan duzu kontu hori?
Zuzendaritza taldeak arauak aldatzen dituenean izaten da aurreikusten dutelako gauza batzuk posible izango direla baina gero, momentua heltzen denean, konturatzen dira lehiakideek ezin dutela horrenbeste zailtasunei aurre egin. Ez dut uste fede txarra dagoenik, kontua da zaila dela probak eta dueloak pentsatzea eta zer gertatuko den jakitea. Hori dela eta, arau aldaketa inprobisatuak gertatzen dira batzutan.

Beraz, programa serioa dela uste duzu…
Zentzu horretan oso serioak dira. Probak eta dueloak aldez aurretik oso ondo pentsatuta daude eta profesional handiak daude atzean. Sare sozialen kudeaketa beste kontu bat da. Hori ez zait batere gustatu. Niri berdin zait nork egin duen lo norekin eta txortan egiten duten ala ez. Nire iritzia da El conquistador del fin del mundo biziraupeneko programa bat dela eta gainontzeko txutxu-mutxu horiek soberan daudela.

Platoan ez zaitugu gehiegi ikusi. Zer dela eta?
Egia esateko, ez dakit. Nik nire burua behin eta berriz aurkeztu dut platoko programan parte hartzeko, baina ez didate deitu. Suposatzen dut pentsatuko dutela haiek nahi duten jokoa emango ez dudala edota beste batzuk nik baino espektakulu handiagoa eskainiko dutela. Pena handia izan dut horregatik.