Amaiur plaza taldean aritu zen hainbat urtez. Kantuan erakusten zuen kemenarengatik egin zen ezagun, eta zuzenean erakusten zuen jarrera indartsuarengatik. Geroztik, hainbat proiektutan hartu du parte (Sokaide, Izerdi Gorria), eta hainbat musikariekin kolaboratu du (Gose, Fermin Muguruza, Mandoilek…).
Bidean dabilenari ordea, laster ala berandu, bakarkako diskoa plazaratzeko unea iritsi ohi zaio. 22M2 da, hain zuzen, Naroa Gaintzaren lehen lana. David Nanclares eta David Gorosperekin ondu duen disko honek Naroaren ukitua du, hasi eta buka.
Bakarkako disko bat izan arren, rock and roll banda baten kontzeptuari heldu dio. Elementu gutxirekin bada ere, rock talde on batek asko eman dezakeela erakutsiz. Bere musika-kutxako onena eskaintzera dator Naroa. Une intimoak daude, pasarte indartsuak… Mugaldeko kitarrak, psikodelia eta underground ukituak… 11kantu, 11 lagun, 11 doinu, 11 erritmo, 11 istorio eta milaka sentsazio biltzen dituen diskoa deskubrituko du entzuleak. Lan zintzoa. Erraietatik idatzia, gutako bakoitzaren bihotzera.