Deustuko Kanala zabaltzeko obra errefusatzen duen auzotar talde batek egin du deia. Ostegun honetan, ekainak 12, 19:30ean, "Morgan kalean elkartuko gara, IMQ ondoan, gure gaitzespena agertzeko". Bilboko Udalaren mezua honako hau da talde honen ustetan: "Mendeko obra hasi dugu eta herritarrek aho batez babesten dute guk hasitako bidea". Horrela ez dela erakusteko, ostegun honetan kalera aterako dira lelo argi honekin: "Kanala ez ireki, parque en el Canal".
Gogor salatu dute auzotar kritikoek abian den Kanaleko obra. "Herritarren beharrei baino, logika inmobiliarioari erantzun dio", azaldu dutenez. Obraren finantziazioa ere izan dute jomugan. Euren esanetan, Kanala zabaltzeko lanak finantziatzeko "Udal Etxebizitzen plana hipotekatu dute".
Talde honen iritziz, "defendaezina" da uholdeak ekiditeko obra dela dioen administrazioaren diskurtsoa. "Azkenik aitortu dute apur bat baino ez dela jaitsiko Deustuko Erriberan uraren maila. Ez Elorrietak ez Bilbok ez dute onurarik jasoko" Kanaleko lanokien.
"Atzera bueltarik ez duen" obra da Kanalaren irekitzea auzotar hauentzat. Obra bukatzean, Erribera banandua geratuko da "betiko", eta 24.000 m2-ko lursaila "galduko da": "Horietan parke bat egin liteke", proposatzen du taldeak.
Sinadura bilketa
Osteguneko deialdia egin duen auzotar talde bera da Change-org atarian Kanala ez irekitzeko sinadura bilketa abian jarri duena. Bilboko Udalari zuzenduriko proposamena da, eta 175 sinadura eskuratu ditu jada.