Alex Arregi: "Abiatu gara, herritarron garaia hasi da! "

uriola.eus 2014ko eka. 10a, 09:45

Orain dela hilabeteak, dinamika herritar honen berri izan genuenenan, ez genuen uste horrenbeste Deustuarrengana heltzeko kapaz izango ginenik. Ezberdinen arteko elkarlana pizten saiatu beharra zegoela argi izan genuen eta horrek animatu gintuen.

Gure herriaren etorkizuna eraiki nahi badugu, erabakitzeko eskubidea gakoa da, oinarrizko eskubide horren inguruan elkartu behar ditugu indarrak eta herritarrok hartu behar dugun lana da.
 
Hain zuzen ere banakakoengana heltzea iruditu zitzaigun hasieran zailena, hiriak Herri izaera eta pertsonen arteko harremana zaildu egiten duela iritzita, luze jo digu sarea zabaltzen joatea, aleka-aleka atxikimenduak lortzea. Beste hainbatengana ez garela heldu ere garbi daukagu, ez garela gai izan ezinbestekoak diren batzuengana hurbiltzea, baina hau hasi besterik ez da egin eta ilusioz, baikortasunez eta grina handiz, saiatu saiatuko gara.
 
Zorionak Deustu! 13 autobus igande goizeko 8:00etan zintzo-zintzo irtetzea Lazkaoraino, egokitu zitzaigun 61. kilometrora hurbildu eta dena prestatu, beroari aurre egin... handia izan zen lana baina ilusioak bete beteta utzi gaitu.
 
Abiatu gara, herritarron garaia hasi da! Denok batera, nahi dugun etorkizuna eraikiko dugu! Hartu dugu bidea eta eskutik oratuta saiatuko gara, gure esku dagoelako.
 
Lehen urrats honetan, ea 900 Deustuar elkartu ginen eta Lazkao ingurukoekin bat egin ostean 1290 pertsona zenbatu zituzten gure 61. kilometroan. Aurrera!