Deustuko Kanalari "parke erabilera publikoa" emateko eskatu dute

uriola.eus 2014ko eka. 13a, 07:45

IMQ klinikaren ondoan, elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Deustualdeko zenbait herritarrek eta "Parkea Kanalean, apertura no" zioen pankarta Euskalduna zubian eskegi zuten. Kanala irekiz gero, hiriaren bihotzean "dimentsio europarreko urertzeko parkea irabazteko aukera galtzen da", beraien aburuz.

Deustuko Kanala irekitzeko argudio nagusia, uholde arriskua sahiestea, "oso ahula den aitzakia baino ez dela" pentsatzen dute Parkea Kanalean izeneko plataforma osatzen duten lagunek. Obrarekin "ur azpian galduko diren 24.000m2-ko espazioari "parke erabilera publikoa" emateko eskatu zuten atzo arratsaldeko ekimenarekin.

Hiriaren bihotzean "dimentsio europarreko urertzeko parkea irabazteko aukera galtzen da" Kanala irekiz, plataformak adierazi duenez. "Deustuko Erribera ere betiko isolatuz eta herritarren onurarekin zerikusi gutxi duten interesen menpe utziz ingurunearen etorkizuneko garapen guztia".

Deustuko Kanala zabaltzeko obra errefusatzen duen auzotar talde batek egin zuen deia. Gogor salatu dute auzotar kritiko hauek abian den Kanaleko obra. "Herritarren beharrei baino, logika inmobiliarioari erantzun dio", azaldu dutenez. Obraren finantziazioa ere izan dute jomugan. Euren esanetan, Kanala zabaltzeko lanak finantziatzeko "Udal Etxebizitzen plana hipotekatu dute".
 
Talde honen iritziz, "defendaezina" da uholdeak ekiditeko obra dela dioen administrazioaren diskurtsoa. "Azkenik aitortu dute apur bat baino ez dela jaitsiko Deustuko Erriberan uraren maila. Ez Elorrietak ez Bilbok ez dute onurarik jasoko" Kanaleko lanokien.
 

"Atzera bueltarik ez duen" obra da Kanalaren irekitzea auzotar hauentzat. Obra bukatzean, Erribera banandua geratuko da "betiko", eta 24.000 m2-ko lursaila "galduko da": "Horietan parke bat egin liteke", proposatzen du taldeak.
 
Sinadura bilketa
Osteguneko deialdia egin duen auzotar talde bera da Change-org atarian Kanala ez irekitzeko sinadura bilketa abian jarri duena. Bilboko Udalari zuzenduriko proposamena da, eta 175 sinadura eskuratu ditu jada.