`II. Clown & Bouffon Nazioarteko Kabareta´ Bilbora helduko da bihar

uriola.eus 2014ko eka. 17a, 08:55

Danimarka, Espainia, Frantzia, Suedia, Italia, Suitza eta Argentinako clownek bat-batekotasunez, eromenez eta umorez betetako Kamikaze–Kabaret hau sortu dute. Ikuskizuna Bilboko Pabellon 6 aretoan izango da eta bost gaueko ikuskizuna ieskainiko dute.

Ekainaren 20, 21 eta 22an, “Clown, Bufoi eta Taldekako Sorkuntzari buruzko Nazioarteko Ikastaroa” egingo da Bilbon hainbat herrialdetako artisten partaidetzaz, eta horren ondoren, artista horien sormen-lanak amankomunean jarri eta ikuskizun berritzailea eskainiko dute ondoz ondoko bost gauetan (ekainaren 18tik 22ra bitartean). Ikastaroa Pabellón 6 aretoan egingo da, Bilbao Eszena Baliabide Eszenikoen Udal Zentroaren laguntzaz.

Horrela, Bizkaiko hiriburuak lekukoa hartuko dio Kopenhageri ekimen bitxi hau antolatzeko. Kabaret-Kamikaze hau Kopenhagen sortu zen iaz, hainbat herrialdetako clownek jasotako gonbidapenaren haritik: sormen-lan bat eratu behar zuten artista bakoitzeko, eta hiru egunetan eta hiru gauetan proposamen guztiak amankomunean jarri ondoren, bost gauetan taularatzeko moduko ikuskizun berri bat sortu behar zuten.

Ekimenak lortutako arrakastaren ondoren, Bilbon egin behar den bigarren edizioa hau antolatzea erabaki da. Iazko zortzi partaideetatik zazpik bertan izango direla egiaztatu dute, baita aurten proiektuarekin bat egin duten beste artista bik ere: Elena Olivieri (Italia), Madeline Fouquet (Frantzia), Martín Vazques (Argentina), Jonas Sodergren (Suedia), Nils Davoust (Suedia), Maja Skovhus Rehøj (Danimarka), Katharina Kamber (Suitza), eta Juanma Rodríguez eta Patricia Urrutia (Euskal Herria).

Artista hauek guztiek prestakuntza amankomuna hartu dute nazioartean ospe handia duen Phillippe Gaulier eszena-zuzendari, antzerkigile eta antzerki-zuzendari frantsesaren eskutik. Gaulier Bilbon egon zen iaz masterclass bat emateko, eta gauza bera egingo du aurtengo urrian. Egun-egunero, bi irakasle desberdinekin lan egingo dute gai berberei ekiteko era desberdinak aztertzeko asmoz. Lehenik eta behin, paper-banaketan, taldekako lanean eta konplizitatean oinarritutako beroketa egingo da. Lehenengo egunean, clowna landuko da, bigarrenean bufoia eta hirugarrenean bien arteko fusioa.

Hori guztia Pabellon 6 aretoan egingo da, jaialdia barne, eta aldez aurreko erreserbak helbide honetan egin daitezke dagoeneko: contacto@pabellon6.org <mailto:contacto@pabellon6.org> . Ikastaroa antzezle profesionalei nahiz amateurrei zuzenduta dago, eta gehienez 16 pertsonak parte hartu ahal izango dute. Guztira, 12 eskola-ordu emango dira (10:00etatik 14:00etara bitartean, ekainaren 20, 21 eta 22an), eta matrikularen prezioa 35 eurokoa izango da (30 eurokoa Bilbaoeszena, Pabellon 6 eta EAB euskal antzezleen sindikatuko bazkideentzat)

Ikastaroaren helburua, alde batetik, batzen gaituena irakastea da: clowna eta bufoia, txanpon beraren bi aldeak. Eta bestetik, paper-banaketa, taldekako lana eta konplizitatea lantzea, ikusleei nahiz lankideei dagokienez.