Ibaigane ikastetxea beltzez jantziko da bere azken egunean

uriola.eus 2014ko eka. 20a, 09:30
Beltzez jantzita egingo diote aurre azken egunari gaur Ibaigane ikastetxeko ikasle, guraso, irakasle eta bestelako langileek. Irtenbide eske, elkarretaratzea deitu dute 12:45ean zentro aurrean.

Kurtsoarekin batera behin betiko amaituko da Deustua auzoko zentroaren jarduna. 280 ikasleren berkokatze prozesua, erabat adostu ez den arren, "ondo" doala jakinarazi dute Ibaigane ikastetxeko ordezkariek. Langileen egoera, ordea, ez da aldatu. Beren etorkizunaren berri ez dutela eta, irtenbide eske deitu dute gaurko protesladia langileek. Beraiek ere, ikasleekin batera, berkoka ditzatela eskatzen dute. Beltzez jantzita parte hartuko dute ikastetxearen aurrean 12:45ean deitu duten elkarretaratzean, bizi duten "egoera txarraren ikur gisa".

Itunpekoa da Ibaigane ikastetxea, Kristau Eskolakoa. Egoera ekonomikoak bultzatuta hartu dute arduradunek ixteko erabakia, zor handia pilatu duela eta. Sindikatuak ere haserre agertu dira. ELAk Ibaiganeko arduradunen "kudeaketa txarrari" egotzi dio itxiera; EILAS, berriz, kexu agertu da informaziorik jaso ez dutelako azken unera arte; eta CCOOk eskatu dio Kristau Eskolari ez dezala erabili kasu hau lan gatazka are gehiago "nahasteko".

 

[2014-06-18] STEE-EILASek Ibaigane ikastetxea ixtea salatu eta konponbidea eskatzen du