Ikasleen etorkizuna argitzen ari da. Ez dituzte sakabanatuko inguruko ikastetxeetan, denek batera ekingo diote irailean ikasturteari oraindik zehaztu ez den zentro batean. Ibaiganeko langileek "denak batera" joatea nahi dute, baina gaurko protestaldian adierazi dutenez, "ez dakigu zer gertatuko den". Oraingoz dakiten bakarra langabeziara doazela baino ez da.
"Ezustekoa" hartu zuten Deustuko Ibaiganeko langileek joan den ostiralean ikastetxearen itxieraren berri jaso zutenean. "Egoera txarra zela bagenekien", ekonomikoki txarto zegoela ikastetxea "krisi dela eta", baina itxiko zenik "ez genuen pentsatzen", azaldu dute gaur irakasleek.
Jendetsua izan da 12:45ean ikastetxe aurrean burutu duten elkarretaratzea. Ibaiganeko kide askok parte hartu dute; ikasle, guraso, irakasle eta langileak izan dira bertan. Ikastetxearen itxieraren aurrean haserre eta hunkituta agertu dira. "Ibaigane no se vende se defiende" izan da gehien entzun den aldarria.
Itunpekoa da Ibaigane ikastetxea, Kristau Eskolakoa. Egoera ekonomikoak bultzatuta hartu dute arduradunek ixteko erabakia, zor handia pilatu duela eta. Sindikatuak ere haserre agertu dira. ELAk Ibaiganeko arduradunen "kudeaketa txarrari" egotzi dio itxiera; EILAS, berriz, kexu agertu da informaziorik jaso ez dutelako azken unera arte; eta CCOOk eskatu dio Kristau Eskolari ez dezala erabili kasu hau lan gatazka are gehiago "nahasteko".
[2014-06-20] Ibaigane ikastetxea beltzez jantziko da bere azken egunean
[2014-06-18] STEE-EILASek Ibaigane ikastetxea ixtea salatu eta konponbidea eskatzen du