“Euskarak bultzada eragingarriagoa behar du, agian neurri berriak hartuta”

prestaldizkaria 2014ko uzt. 1a, 10:33

Arrate Egaña hizkuntza teknikariak San Inazion egiten du lan eta, idazle gisa, Deustualdeko liburutegietan konpartitzen ditu maiz bere idazlanak irakurleekin.

- Bizkaian bizi zaren gipuzkoarra zara. Eta?

Bizkaian giputze naiz eta Errenterian bermeotar; hots, edonon arrotz. Ez dago gaizki.

- Zer da zuretzat liburua?

Liburuaren arabera. Dena edo ezer ez. Aukerez betetako objektu bat izan liteke, edo zentzurik gabeko gauza bat. Nolanahi ere, ez nau objektuak liluratzen, edukiak baizik, eta eduki horrek bide askotatik hel zaitzake.

- Eta liburutegia?

Zure buruarekin egoteko toki bat. Isiltasuna eta bakardadea dago liburutegietan: etzanda jartzeko sofak jarriko balituzte perfektuak lirateke. Bestalde, oso iradokitzailea da hormetako apaletan, liburuen ertzei begira, mundua ikusi ahal izatea.

- Zer da zuretzat idaztea?

Ia dena: ongia, gaizkia, ondo pasatzea, gaizki pasatzea… Baina, bereziki, uxatu ezin den adimenaren osagai estruktural bat.

- Zerk bultzatzen zaitu idaztera?

Askotan galdetu diot hori nire buruari: ez dakit. Txikitatik egin dut. Batzuetan dibertsio hutsa izan da, asperra saihesteko modu bat. Baina berehala heltzen da inplikazioa: literaturak bere esparrura eramaten zaitu, eta konpromisoa gero eta sendoagoa bilakatzen da (onerako eta txarrerako). Idaztea erronka da; idazki ahal bezain ona sortzea, horrek asetzen du. 

- Nolakoa izan da literaturan zure ibilbidea? Gaztelaniaz eta euskaraz idatzi duzu, helduentzat zein ume eta gazteentzat, narrazioak eta antzerkia…

Generoz aldatzea gustuko izan dut, nahiz eta narratiban sentitu erosoen. Bestalde, jasotzailea kontuan edukita, gazteentzat idazteak biziki erakarri izan nau, bereziki irakasle ibili nintzenean. Alabak edukitzean, umeen literaturan murgildu nintzen, eta bide batez Mariasun Landaren obran; orduz geroztik bere ibilbidea jarraitu izan dut.

Hizkuntzari dagokionez, euskaraz idazten dut, eta noizean behin gaztelaniaz, hemengo autore gehienen antzera. Filologia hispaniarra ikasi arren ez dut hizkuntza horretan gauza handirik egin, baina ez dut baztertzen. 

- Zein eragin izan dute zugan zure gustuko idazleek?

Zaila da neurtzea, ez baitut bat hartu eta bere estiloa pausoz pauso jarraitu. Ez naiz oso mitomanoa, zoritxarrez. Irakurketetan eredugarriak izan daitezkeen autoreak bilatzen ditut, Alice Munro, esaterako, ipar amerikar batzuk (Cheever, Ford, Carver…), edo idazle euskaldun asko. Hala eta guztiz ere, denboraz irakurgaiak aldatzen dira;  idazkerak etengabe eboluzionatu beharko luke.

- Marraztu eta margotu ere egiten duzu, ilustrazioak ere egin dituzu zure liburuetarako. Nolatan? Zein beste diziplinatan aritzen zara?

Margotzea zaletasun bat da, ez dut idaztea bezain serio hartzen, nahiz eta garai batean inportantea zitzaidan. Ez dut garatu nahi, beldurra ematen dit, gero eta gehiago eskatuko bailidake, eta une honetan ezin diot ia ezer eman. Beste kontu batzuk ere interesgarriak iruditzen zaizkit, baina zaletasun horiek murriztu behar izaten ditut, gero frustrazioa jasan behar ez izateko. Halaxe agintzen du denborak.

- ISEI-IVEIIrakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Institutuan lan egiten duzu San Inazion. Zeintzuk dira irakas-sistemaren erronka nagusiak?

ISEI-IVEI-n hizkuntzen teknikaria naiz; probak prestatu eta aplikatu egiten ditugu, eta, azkenean, datuak lantzen ditugu ikustarazteko zein den gure maila. Ikerketak eta esperimentazioak ere egin izan ditugu. Gure hezkuntza sistemak badu non hobetu, baina inguruko erkide zein herriekin alderatuz gero bistan da ez gabiltzala gaizki, horixe erakusten dute datuek. Azken urteotan planteatu diren erronken artean bi nabarmenduko nituzke: hezkidetza, bazterketari eta genero-kontuari begira; eta hizkuntzen aldeko lana; asko egin da, baina euskarak bultzada eragingarriagoa behar du, agian neurri berriak hartuta.

- Literaturara itzuliz, Kixmi elurpean  (Elkarlanean, 2005) idatzi zenuen gazteentzat. Zuk bizitako Errenteriako 80ko hamarkada gogorra agertzen da bertan. Orduko gaztedia eta egungoaren artean zein aldaketa ikusten duzu?

Istorioa fikzio hutsa bada ere, giro berezi hura transmititu nahi izan nuen. Eta egungo gazteei, orduko eta oraingo egoerak oso desberdinak izan arren, aski ondo heltzen zaie. Gaurko gazteak ziurrenik ez dira hain desberdinak: askok kezka sozialak dituzte, beste askok dirua irabazi nahi dute… Denetarik dago. Garai hura kutsu erromantiko batez jantzi nuen, beharbada egoera eta gertaera haien bortizkeria goxatzearren: drogak, asfaltoa, kutsadura, politika, indarkeria… Ez dut adierazi nahi gaur egun horrelakorik ez dagoenik, baina orduan orokortua zegoen. Dirudienez, gaur egungo gurasook kontrol handiagoa ezarri nahi izaten dugu gure seme-alaben gainean.

- Gazteei alkohol, droga, indarkeria... gaiak nola erakutsi/irakatsi/hurbildu behar zaizkie?

Zuzenean, egia azalduz. Burua eduki behar da hortik onik igaro eta ateratzeko. Guk ikusi genuena helarazten jakin beharko genuke: jendea erotzen zen, hiltzen zen. Gazteak berezkoa du debekuarekin jolastea, ezin gau eroak eta gehiegikeriak dekretuz desagerrarazi, baina saiatu behar, ez dezala gau ero horrek bizitza osoa erabaki eta mugatu.

- Zure azkeneko liburuak, Paradisua (2012) eta Egia (2012) dira; nola joan dira? Umeentzat idazteari utziko al diozu?

Liburuak ondo joan dira; Egia proiektu berri samarra izan zen, antzerkia den neurrian. Paradisua ipuin liburuarekin saio batzuk egin ditut, eta irakurlearen iritzia jasotzea oso pozgarria izan da. Bestalde, nahiago dut inongo aterik itxi gabe; helduentzat idazten jarraitzen dut idazten, baina umeentzat ere idatziko dudala uste dut.

- Zer moduz joan dira Deustuko liburutegian zure liburuekin egindako saioak?

Primeran; hemengo ikastetxe batzuk asko arduratzen dira irakurzaletasunaz eta ganora handiz prestatzen dituzte saioak; oso pozik geratu naiz beti.

- Gaur egunetik nola ikusten duzu aurretik idatzitakoa?

Urruti; behin argitaratutakoa ez dut berriro irakurtzen, beste edizio baterako edo itzultzeko ez bada, eta kostata. Gaur egun, nekez identifikatzen naiz liburu batzuekin, baina hor daude, eta izan nintzenak idatzi zituen.

- Literatur sariak irabazitakoa zara. Zer ematen dute sariek?

Ziurtasuna. Sari horietan idazkia neurtzen da, ez nor zaren, zein ideologia ote duzun, zein laguntxo, mediatikoa zaren ala ez… Horregatik aurkeztu izan naiz hainbestetan.

- Liburu elektronikoa gustuko duzu? Salbatuko du liburugintza?

Oparitu zidatenez geroztik beti daramat lagun: asmakizun zoragarrienetako bat da, nahiz eta irakurle gehienek papera nahiago duten oraindik.