- Noiz eta zergatik etorri zinen Deustualdera?
2009an itzulpengintzako ikasketak bukatu eta hiriz aldatu nahi izan nuen. Euskal Herrian oporretan egonda nintzen eta oso gustoko nuen. Daukazuen berde eta urdin konbinazio horrek, hemengo kulturak eta hizkuntzak lehenengo momentutik maitemindu ninduten eta hona etorri nintzen asko pentsatu barik denboraldi bat pasatzeko asmoarekin, baina oraindik ere hemen jarraitzen dut, eta gustura asko!
- Nola hartu zaitugu bertan?
Zorte handia izan dut. Ezagutu ditudan lagun guztiak oso jatorrak izan dira nirekin eta asko lagundu didate. Ondo pasatzen dut beraiekin eta euskara ikasteko eta praktikatzeko aukera daukat.
- Deustuko zer gauza duzu gustuko?
Auzoan dagoen giroa aparta da. Kalea jendez beteta dago beti, eguneko ia edozein ordutan. Horrez gain, liburutegia eta Sarrikoko parkea hain hurbil izatea luxu handia da.
- Etorri eta euskara ikasten hasi zinen, zergatik?
Hizkuntzak oso gogoko izan ditut beti. Ailegatu nintzenean arazoak izan nituen lana aurkitzerako orduan eta Labayru Ikastegiak euskarazko ikastaro bat antolatzen zuela ikusi nuen. Euskara pixka bat ikasteko asmoarekin eman nuen izena baina hasi eta euskara mendekotasun moduko bat bilakatu zen niretzako. Gainditu ahala haratago joan nahi nuen. Hortik, euskaltegira eman nuen saltoa. Orain, katalana eta euskararen arteko itzulpenak egiten ditut.
- Eta lau urtetan, EGA azterketa gainditu duzu. Hizkuntza erraza al da euskara?
Beste hizkuntza batzuk ikasi ditut eta euskarak ez du ezeren antzik. Alde horretatik esan daiteke zaila dela, baina beste aldetik oso logikoa iruditzen zait. Lexikoak eta egitura gramatikalek daukaten logikotasunak oraindik ere harritzen nau. Hala ere, izan ditudan irakasle eta euskararen boluntarioen laguntza barik oraindik ere lehenengo urratsean egongo nintzateke!
- Orain, zure egunerokotasunean euskara erabiltzen al duzu?
Bai. Lana alde batera utzita, etxean ere euskara ahalik eta gehien erabiltzen saiatzen gara. Orain Albaceteko kide batekin bizi naiz, eta bera ere euskara ikasten ari da. Bestetik, mintzakide programan nago.
- Zer iritzi daukate Castellókoek gure herriari buruz?
Denok dakigu batzuetan telebistak ematen duen ikuspuntuak ez diola mesede handirik egiten Euskal Herriari. Halere, niri galdetu didatenean edo hona etorri direnean aurreiritzi horiek erabat desagertu dira.
- Lagunen bat bisitan etorriko zitzaizun tarte honetan. Gustatu al zaie bertoko bizimodua eta giroa?
Bai. Familia eta lagunak etorri zaizkit eta harritu egin dira. Hasieran amak ez zuen etorri nahi eguraldiagatik, baina orain hemen daukat sei hilabetean behin. Beste lagun batzuek oso serio esan didate hona etorriko direla bizitzera.
- Castellora itzultzeko asmorik?
Eguzki eta familiaren falta asko nabaritzen dut askotan, baina oraindik oso gustura nago Euskal Herrian.