Kartoizko etxea, kartoizko ametsa

prestaldizkaria 2014ko uzt. 2a, 10:15
Kartoizko altzari ekologikoz jantzi nahi duzue zuen etxea? Prestatu kuterra, artaziak erregela, eskuaira, kola eta ekin zuen artelana asmatzeari!

Getxoko Mariok eta Bilboko Josunek Internet bidez ezagutu zuten Laure Ledouxen lana eta 21 orduko ikastaroan izena eman zuten.

Laure administratibo bezala lan egiten zuen eta ama izan zenean beharra utzi eta altzariak eraikitzen hasi zen; “erabilgarriak izan behar dute derrigor” eta ez ditu apaingarri hutsa direnak egiten. Bere kaxa ikasi zuen Interneteko tutorialak, blogak zein liburuak irakurtzen, eta sei urte igaro dira umearentzako lehenengo club sofa egin zuenetik.  Hala nola, Miss Julia, Murtziako Cartonlab enpresa eta Frank Gerhyn ezagunaren teknikak eta lanak erakutsi dizkigu, baina berak Eric Guiomarren alde egin du. 90eko hamarkadan ekin zion Guiomar frantziarrak kartoizko altzarien fabrikazioari eta Laurek honen teknika darabil funtsean, baina zenbait pauso erraztu dituela azaldu digu.

Josune erakusleihoak apaintzen irakasten du institutu batean eta teknika berriak ezagutu nahi zituelako harremanetan jarri zen Laurerekin. Altzariak eraikitzeko eskulanekin bereziki abila izatea beharrezkoa ez dela esan digu, eta Bilboko zenbait dendetan kartoizko animalien eskultura erraldoiak apaingarri gisa jartzea bogan dagoela kontatu digu. “Dendetakoek, ordea, ez dituzte altzariak erosten horiek erakusleihoetan jar-tzea nahikoa publizitate dela uste dutelako”, gaineratu digu Laurek.

Katuek beste bizi

Hainbat modutan konpondu daitezke akatsak eta altzaria zulatu edo izorratzen bada, masilarekin zuloa edo arrakala bete eta berriz margotu daiteke “katuek bezala, kartoiak zazpi bizi dituelako”.
Laurek ez du kartoizko altzarien fabrikazioa ogibide gisa baizik eta partekatzeko zer edo zer bezala jotzen du. Iaz ekin zion 15-18 orduko ikastaroak emateari eta egun 21 ordutakoak antolatzen ditu parte-hartzaileek ate eta kaxoi bana duten altzariak egiteko beta izan dezaten.

Hasteko altzaria eraikitzeko atalak marraztu behar dituzte. Laurek jada hainbat txantiloi prest ditu eta horiek erabiltzen dituzte denbora aurrezteko. Ondoren atalak moztu eta bolumenak prestatzen dituzte. Kartoia lixatu eta kaxoia eta atea egiten dituzte. Atea irekitzeko eta ixteko metalezko banda jarri eta altzariaren atalak kolaz itsasten dituzte. Bukatzeko altzaria craft paperaz estaltzen dute junturak estaltzeko eta berau sendotzeko. 21 orduko ikastaroaren ostean hori da lortuko duten emaitza eta ikasleen esku egongo da apainketa.

Kartoizko altzari baten egitura merkea da, produktua garestitzen dutena osagarriak eta apaingarriak dira. Margoei dagokionez, hemen kolore eta testura aukera urria dagoela kexu da Laure, eta askotan Frantziako hornitzaileei enkargu handiak egin behar izan dizkie Internet bidez.

Altzariak hamaika aldiz apaindu daitezke eta zenbat eta paper eta kola geruza gehiago jarri, orduan eta sendoagoa eta pisudunagoa izango da. Eta pisuduna da Laurek semearen jostailuak gordetzeko etxean duen bi metro luzeko armairua. Argi du ez duela inoiz horrelako besterik egingo.

Liburu bat idaztea eta Internet bidez salgai jartzea ere Laureren aspaldiko proiektuetako bat da, ez baitago kartoizko altzariak fabrikatzeari buruzko libururik gaztelaniaz. Bitartean ikastaroak antolatu eta altzariak enkarguz egiten jarraituko du. Irailetik aurrera, beraz, Mario eta Josune bezala, aukera izango duzue zuen kartoizko etxea bete-tzen hasteko, animatu!

lacasadecartonblog.wordpress.com
600 492 669