2014an B eredua itzuli da Deustura

Deustuko hezkuntza batzordea 2014ko uzt. 9a, 10:10

Ibaigane ikastetxearen itxiera dela eta, Eusko Jaurlaritzak B eredua irekiko du berriz Deustuko ikastetxe publikoan. Erabaki hori atzerapauso ikaragarria da auzoko euskalduntze prozesurako.

Krisi ekonomia hezkuntza mundura heldua zen aspaldian, bai eremu publikora, baita pribatura ere; murrizketak non nahi ikusi ditugu: diru-laguntzetan, soldatetan, baliabideetan... Horren adibide argia da azken asteetan Deustun gertatutakoa.

Ibaigane ikastetxeak (Kristau eskola) bere ateak itxi ditu inolako abisurik gabe, behin ikasturtea bukatuta eta beste zentroen matrikulazio epea itxita. 280 ikasle eta 38 langile kalean utzi ditu. Eusko jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak haur eta gazte horiek birkokatzeko aukera anitzak aztertu ditu eta honako lehentasunak hartu dituzte kontuan: hurbiltasuna, B eredua mantentzea eta ikasle guztiak blokean beste zentro batera mugitzea.

Lehenengo ideia Ibaiganeko ikasle guztiak blokean inguruko itundutako beste ikastetxe batera mugitzea izan zen; inguruko zentro pribatuek berain “hezkuntza enpresa” mantentzeko aukera ezin hobea ikusi zuten 280 ikasle berri horiekin. Hala ere, aukera hori baztertu zuten eta gaur egun adostu dena zera da: Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako umeak auzoko herri ikastetxera (D eredua eta publikoa) joatea eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak, aldiz, auzoko beste ikastetxe batera ( B eredua eta pribatua) bideratzea. Cristina Uriartek Deustuko hezkuntza zentro publikoan aspaldian desagertutako B eredua berrirekitzea erabaki du. Jarduera horrekin Eusko Jaurlaritzak argi utzi du herria euskalduntzea ez dagoela bere lehentasunen artean.

B eredua hezkuntza publikotik desagertuz joan da D ereduari tokia eginez, bai Deustun, baita E.A.E osoan ere. Zenbait herri eta auzo erdaldunetako eskola publikoek eta beraien artean Deustuko Eskola publikoak izugarrizko esfortzua eta lana egiten du ingurua euskalduntzeko eta Deustuko eskolako hezitzaileen lana ezinbestekoa izan da azken urteetako auzo eta hezkuntza eredua sortzeko. Badakigu Deustuko Eskolako hezitzaileek lanean jarraituko dutela euskalduntze eta euskarazko hezkuntza sortzen eta eskaintzen, nahiz eta B eredua berriro ireki. Baina hartutako erabakiak erakusten du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren apustua eta auzo eta herrietako hezkuntza komunitatea ez doazela bat.

Badirudi 2014. urtean 1980ko borroka berera bueltatu garela, LOMCE legea onartu aurretik mamua Deustura hurbildu da. Baina ez gaude prest horrelako atzerapausorik onartzeko. Gure eskola haur eta gazte guztientzat irekita dago, auzoko haur oro da ongi etorria, baina bertako eredua eta urteetako lana oztopatu gabe. Hezkuntza sistema euskalduna nahi dugu eta borrokan eta lanean jarraituko dugu. Idazki honen bidez , hezkuntza sistema euskalduna nahi dugun guztion izenean, Deustuko herri ikastetxera hurbildu diren 160 ikasleak D ereduan ikas dezatela exijitu nahi dugu.

Eskola herritarra, parekidea, anitza eta euskalduna nahi dugulako!