San Inazio jaietarako prest

uriola.eus 2014ko uzt. 21a, 07:00

Jai Batzordea lan eta lan aritu da San Inazion aurtengo auzoko jaien prestaketan, "herrikoiak eta partehartzaileak" izan daitezen. Uztailaren 24tik 31ra egitarau bete-betea atondu dute adin guztietako auzotarrentzat.

Hurrengo ostegunera arte itxaron behar bada ere, Jai Batzordeak argitaratu du jada sarean aurtengo San Inazioko jaietako egitaraua. Egunez egunezko ekintzak ezagutzeko honako esteka klikatu baino ez da egin behar: https://drive.google.com/file/d/0B1qxlPH_ZGFYS2IzNU1RX2RkNEk/edit?usp=sharing

Laster, paperean, liburuxka formatuan ohi bezala banatuko dute egitaraua auzoko denda eta tabernetan.

Txupina

El Zulo del Amor koadrilari dagokio aurten jaiei hasiera emango dion txupina jaurtitzea iazko koadrilen arteko jolasen txapeldun gisa. Hitzordua uztailaren 24an izango da, 20:00etan, Kultur Etxean. Aurretik, 19:30ean, sardinada eskainiko zaie auzotarrei Pedro Astigarraga plazan. Koadrila eta konpartsek Agirre lehendakariaren etorbidea hartuko dute kalejiran Lebante plazaraino. Bertan, txokolate eta txurro jana izango da goxozaleentzat eta koktelzaleentzat lehiaketa. Gorputzari eragiteko 22:30ean Joxpa taldeak erromeria doinuak plazaratuko ditu.

Lebanteko kontzertuak

Ohi bezala, San Inazioko Lebante plaza izango da kontzertu gune nagusi. Bertatik pasako dira, besteak beste, Joxpa, Bilbao Bboys FTS, DJ Kasper, HKB, Rat-Zinger, Toni Metralla, DJ Samo, Bao Kas 48 eta Patrol Destroyers.

San Inazioko Jai Batzordea

Facebook

sanikojaiak@gmail.com