San Inazioko auzotarrei esker "egiten dute jaiek aurrera"

uriola.eus 2014ko uzt. 24a, 09:30

Gaur, osteguna, hasiko dira San Inazioko jaiak. Jai Batzordeak argitaratu du jada sarean aurtengo auzoko egitaraua. Guk batzordeko bi kiderekin hitz egin dugu eta Lebante plazatik, jai gune erditik, eman digute jaien prestaketaren berri.

Karpa, txosna eta eszenatokiaren muntaketan harrapatu ditugu San Inazioko jai batzordeko lagunak. Haizea Egiguren eta Irati Pujak atsedenaldi txikia egin dute URIOLAri aurtengo berrikuntzak kontatzeko. Besteak beste, umeentzat jolas eta tailer gehiago egongo dira eta Gazte Egunean ez da graffitero, DJ eta poteo olinpikoa faltako. 

Auzoko koadrila eta konpartsek "gogotsu" ekiten diote jaien prestaketari. Batzartu eta lanak banatzeari. Merkatari eta ostalarien laguntza ere oso garrantzitsua da. Jai Batzordearen arabera "zailena" Udalaren laguntza lortzea izaten da. Aurten, baina, zer edo zer gehiago lortu dute. Lebante plazako lonja erabiltzeko baimena eman du Udalak, plazako komuna gauez zabalik mantenduko du eta Agirre lehendakariaren etorbidea moztuko du. Baina, Jai Batzordearen iritziz, "ez da nahikoa" zailtasun askori egin behar baitiote aurre. Finean, San Inazioko auzotarrei esker "egiten dute jaiek aurrera".

Egunez egunezko ekintzak ezagutzeko honako esteka klikatu baino ez da egin behar: egitarau osoa

Txupina

El Zulo del Amor koadrilari dagokio aurten jaiei hasiera emango dion txupina jaurtitzea iazko koadrilen arteko jolasen txapeldun gisa. Hitzordua, gaur, uztailak 24 izango da, 20:00etan, Kultur Etxean. Aurretik, 19:30ean, sardinada eskainiko zaie auzotarrei Pedro Astigarraga plazan. Koadrila eta konpartsek Agirre lehendakariaren etorbidea hartuko dute kalejiran Lebante plazaraino. Bertan, txokolate eta txurro jana izango da goxozaleentzat eta koktelzaleentzat lehiaketa. Gorputzari eragiteko 22:30ean Joxpa taldeak erromeria doinuak plazaratuko ditu.

Lebanteko kontzertuak

Ohi bezala, San Inazioko Lebante plaza izango da kontzertu gune nagusi. Bertatik pasako dira, besteak beste, Joxpa, Bilbao Bboys FTS, DJ Kasper, HKB, Rat-Zinger, Toni Metralla, DJ Samo, Bao Kas 48 eta Patrol Destroyers.

San Inazioko Jai Batzordea

Facebook

sanikojaiak@gmail.com

[2014/07/21] San Inazio jaietarako prest