Behargin bat hil da Arangoitin lan istripu batean

uriola.eus 2014ko ira. 1a, 12:07

Gizon bat hil da gaur goizean Arangoitin, etxebizitza batzuen eraikuntza lanetan, dumper ibilgailu batek azpian arrapatu eta gero.

Istripua 09:30ean jazo da. Langile bat dumper ibilgailu bat gidatzen zegoen. Ibilgailua irauli eta behargina azpian harrapatuta geratu da.

Naiz.eus agerkari digitalak adierazi duenez, gizonak 49 urte zituen eta Barakaldokoa zen. Construcciones Ribaga enpresako langilea zen eta EXBASA enpresarentzat azpikontratatua zegoen.

ELA, LAB, HIRU, STEE-EILAS eta EHNE sindikatuek lan istripua salatzeko eta prekarietatearen kontrako elkarretaratzea deitu dute bihar, 11:00etan, Deustuko Done Petri plaza.

Jada 30 dira Euskal Herrian 2014. urtean lan istripuen ondorioz hil diren langileak. Astebete ere ez da pasa Bizkaian, lan istripu baten ondorioz, azken behargina hil zenetik. Joan den asteartean izan zen, abuztuak 26, Getxon. Garraiolari bat zendu zen Xake plazan. Orduan, sindikatuek “prekarietatea eta segurtasun baldintza eza”  salatu zuten.

2014an 30 langile hil dira Euskal Herria lan istripuetan

LAB sindikatuak esandakoaren arabera, dagoeneko 30 dira 2014an lan istripuen ondorioz hildako lagunak; 12 Bizkaian, 3 Araban, 7 Gipuzkoan eta 8 Nafarroan. Gainera, gaurkoa, azken hiru astetan gertatutako bosgarren istripu hilgarria dela salatu dute.

Sindikatutik gogora ekarri dute, lan istripuak ez direla "zoritxarraren edo ezbeharren ondorioa, prekarietatearen eta lan baldintza txarrek eragiten" dituztela. Patronalari egotzi diote "langileon heriotzaren eta lan osasun galeraren ardura". Era berean, administrazio publikoak "askotan beste alde batera begiratuz egoera hauek gertatzea dakarrela" ere azaldu dute.

Gauzak horrela, bestelako eredu baten alde egin du LABek "ez bakarrik gaurko istripuaren hari, orohar, kalitatezko enplegu eta lan harreman eredu berria bat lortzeko". Eta heriotza istripuekin amaitzeko, "administrazio publikoen inplikazio aktiboa" beharrezkoa dela gehitu dute, "lan baldintza duinak bermatuz".

EH Bilduk udal bozeramaileen batzordea eskatu du

EH Bilduren Bilboko Udal Taldeko bozeramailea den Aitziber Ibaibarriagak premiazko Udal Bozeramaileen Batzordea deitzea eskatu dio gaur eguerdian Areso alkateari. Horrela, talde guztien artean lan ezbehar-kopuruaren kontrako erakunde mailako aitorpena adostea du helburu Bilduk. Arratsaldean jakin dugu, bihar 11:00etan izango dela aipatutako batzarra.

Bestalde, elkartasuna eta samina hildakoaren familia eta lagunei emateaz gain, bat egiten du gehiengo sindikalak egindako salaketarekin.