Sindikatuek bi elkarretaratze deitu dituzte Arangoitiko lan istripua salatzeko

uriola.eus 2014ko ira. 2a, 09:53
@Goikodeustu

Alde batetik, ELA, LAB, STEE-EILAS, HIRU eta EHNEk elkarretaratzea egingo dute Deustuko Done Petri plazan 11:00etan, eta ordubete geroago, 12:00etan, CCOO sindikatuak bigarren hitzordu bat deitu du toki berean.

Barakaldoko 49 urteko gizon bat hil zen atzo Arangoitin izandako lan istripu batean. Behargina Construcciones Ribaga enpresako langilea zen eta EXBASA enpresarentzat azpikontratatua zegoen.

Istripua etxebizitza batzuen eraikuntza lanetan gertatu zen. Langilea dumper motako ibilgailu batekin zebilen lanean. Ibilgailua maldan zegoen eta ez zuen balazta guztiz emanda. Makina mugitzen hasi zenean, gizona dumperrera igo, hau irauli, eta azpian harrapatu zuen.

Lan istripua salatzeko eta prekarietatearen kontrako elkarretaratzea deitu dute 11:00etan, Done Petri plazan, ELA, LAB, HIRU, STEE-EILAS eta EHNE sindikatuek. Ondoren, 12:00etan, CCOOk bigarren mobilizazio bat egingo du leku berean.

Barakaldoko eragile sozial eta sindikalek ere, elkarretaratzea deitu dute bihar, asteazkena, 19:30ean, Barakaldoko Bide Onera plazan, "Lan Istripurik ez!" lemapean.

Bestalde, 11:00etan, EH Bilduk eskatutako Udal Bozeramaleen Batzordea batuko da. Koalizio soberanistak honako eskaerak eramango ditu bilerara: hildako langilearen familiari eta lagunei elkartasuna adieraztea,; Udalak gertatutakoa argitzeko beharrezkoak diren bitartekoak jartzea; enpresako zuzendariarekin bilera bat eskatzea; istripua argitzeko bide judiziala irekitzea; Udalak herri-akusazio moduan aurkezteko konpromesua hartzea; biharko eguna dolu eguna izendatzea; eta Udalak 15 minutuko elkarretaratzea deitzea.

[2014/09/02] Behargin bat hil da Arangoitin lan istripu batean