Abian da pintxo-ibilbidea Deustun

uriola.eus 2014ko ira. 29a, 11:14

Iaz baino bi taberna gehiago animatu dira aurtengo pintxo erakustaldian parte hartzera. Guztira, 22 tabernek pintxo bana aurkeztuko dute lehiaketara eta publikoa izango da, bere botoarekin, onena hautatuko duena.

Urriaren 12ra arte luzatuko da Deustuko IV. Pintxo Erakustaldia. Partaideek okasiorako prestatutako pintxo bana izango dute uneoro barran eta, garagardoarekin edota ondutako ardoarekin batera, eskainiko dute bi euro eta erdian.

22 pintxoren artean onena publikoak hautatuko du, bozka emanez. Horretarako, taberna partaideetan kartila eskatu eta pintxo-ibilbidea osatu beharra dago. Kartila zigiluekin betetzen dutenek hainbat opari lortzeko aukera izango dute.

Iaz, Bordatxo jatetxearen pintxoa izan zen garaile. Aurten, "Olagarroa Olagortako tomate berdearekin" izenekoa da Bordatxoren apostua.