Ingrid Lopez: “Ez naiz inoiz kanpotarra sentitu hemen”

PREST!-Nerea Olaziregi 2014ko ira. 30a, 13:11

Kolonbiarra da Ingrid Lopez. 2008an etorri zen gurera bere herrian lanik ez zuelako. Hemen pertsona nagusi bat zaintzeko kontratua eskaini zioten eta ez zuen birritan pentsatu. Ingeniaria da eta orain langabezian dago. Elkarrizketa euskara hutsez egin dugu.

Zerk ekarri zintuen Euskal Herrira?
Lan kontratu bat eskaini zidan Internet bitartez ezagutu nuen pertsona batek. Bere aita zaintzera etorri nintzen. Nire herrian lan egiteko aukera gutxi zegoen eta etortzea erabaki nuen. Gaur egun pertsona hori nire senarra da.   

Zer esan zizuten etxekoek?
Nire amak hasieran ez zuen ulertu, baina orain oso pozik dago.

Aldaketa gogorra izango zen?
Bai, hasieran txarto pasatu nuen. Nire familia asko botatzen nuen faltan, batez ere neguan eta Gabonetan, baina orain oso pozik nago. Teknologia berriei esker, eguneroko harremana mantentzen dut beraiekin.

Bisitatzeko aukerarik izan duzu?
Bai, hemen nagoenetik birritan joan naiz Kolonbiara.

Lan egiten jarraitzen duzu hemen?
Ez, orain langabezian nago. Ingeniaria naiz eta titulua homologatu didate, baina ez dut lanik aurkitzen. Edozertan lan egiteko prest nago, baina gaur egungo egoerak ez du laguntzen. Euskara eta ingelesa ikasten ari naiz Hizkuntza Eskolan etorkizunean ordezkapenak edota oposaketak egin ahal izateko.

Zertan aritzea gustatuko litzaizuke?
Hezkuntza arloan Matematika irakaslea izatea gustatuko litzaidake.

Zenbat urte daramazu euskararekin?
Hiru urte. Nire senarra ez da euskalduna baina familia bai, beraiekin hitz egiteko aukera dut.

Berbalagun talde bateko kidea ere bazara.
Bai, Internet bitartez eduki nuen Berbalagun taldeen berri eta oso gustura nago. Hizkuntza Eskolako nire lagunei kontatu nien eta beraiek ere izena eman dute. Oso aukera ona da mintza praktika egiteko.

Hemengo askok euskara oso zaila dela esaten dute.
Ez dut uste zaila denik, nahiko logikoa da. Asko pentsatu behar dut esaldiaren egiturarekin eman arte.

Ongi tratatu zaitugu euskaldunok?
Ez naiz inoiz kanpotarra sentitu hemen, hemengoa banintz bezala tratatu nauzue. Ez dut lagun askorik baina dauzkadanak oso onak dira eta oso ondo konpontzen naiz beraiekin.

Zer izan da gehien harritu zaituena?
Etorri nintzenean harritu ninduen horrenbeste jende zahar kalean ikusteak, Kolonbian normalean adinekoak etxean egoten dira. Hemengo jendearen bolumena ere deigarri egiten zait, asko oihukatzen duzue.

Etorkizunean Kolonbiara itzultzeko asmorik?
Ez, Euskal Herrian ikusten dut nire burua, espero dut lana aurkitzea. Herri hau asko gustatzen zait, bere paisaietatik gogokoen dudana itsasoa eta mendia elkarren ondoan ikustea da.