Nola gogoratzen duzu Arangotiko Irakasle Eskolako eraberritzea?
Karrera bukatu berri, errealitateari aurre egitea egokitu zitzaidan, ez iruditxoak egitea, jausita zegoen prefabrikatu batzuk berritzea baizik. Ilusio handia nuen lanean hasteko eta baliagarri sentitzeko. Bitxia izan zen ezaguna nuen eraikinean, aterpe izan nuen eskolan lan egitea.
Zer sentitzen du arkitekoak eraikin ezagun bat eraisten dutenean?
Pena sentitzen dut eraikin berria aurrekoa baino hobea ez denean. Arangoitin, adibidez, eskolako eraikina dezentea zen eta ikusteko dago etxebizitzak zelakoak izango diren. Behin behinean inpresio handia utziko dute. Deustutik zerura bideko paisaian barrera berri bat dira. Ez da etxebizitzentzat leku aproposena. Administrazioaren beste operazio espekulatzaile bat da. Promozio horretako diruarekin Magisteritza Leioan eraiki dute eta Peritoak San Mamesen. Kudeatzaileak lursailari probetxua atera dio. Ez da metodo onena hori.
Zein da metodo onena?
Planeamiento serioa egitea eta ostean planifikazio serioa, eztabaidatua, estamentu guztien parte-hartzearekin: hiritarrak, barrutiak, deustuarrak, Udala, arkitektoak... Soseguz pentsatu eta hausnartutako lana denean emaitza ezberdinda da.
Zelakoa izan behar du hiritarren parte-hartzeak hirigintza gaietan?
Zoragarria deritzot parte-hartzeari baita gai zaila eta korapilatsua ere. Planifikazio fasean garrantzitsua da auzokide, hiritar eta interesa duen ororen parte-hartzea. Baina iritzi horiek teknikoa lanean hasten denean eten behar dira. Ez dago proiektu on bat atzean programa on bat ez badago. Gehien sufriarazi digun eraikinetako bat da Miribillako eliza, poz gehien eman diguna ere bai, muturreraino zehaztutako proiektua zen, fededunak nondik sartu eta irten behar ziren esan zitzaigun, zein orientazio izan behar zuen, zein erabilpen. Bikain aztertuta zegoen. Input ugari horiekin puzzlea osatu genuen. Hiritarren parte-hartzea fase horretan eta aurrekoan zabaldu beharko litzateke. Zer egin behar den erabakitzeko ere.
Jendeari proiektuak panelen bidez aurkeztu eta botoa eskatzea gorrotagarria da, aspaldian ez gara horrelako lehiaketetara aurkezten. Politikariek, erdipurdikoak direnean, publikoa pozik izan nahi dute eta hiritarrei botoa eskatzen diote. Hiriak luze bizi dira, luze irauten dute arkitekto, politikati eta hiritarrak gaindituz. Ondo deritzot jendeak bere beharrizan eta sinesmenak ekarpen gisa konpartitzeari, baina programa eginda dagoenean profesionalari lanean utzi behar zaio.
Zein da zurea bezalako arkitektura estudioen egoera egun?
Gure lanaren %100 publikoa da eta %80 arkitektura lehiaketa bidez eskuratzen dugu. Orain ez dago lehiaketarik erakundeek dirurik ez dutelako. Denok ohitu gara ondokoak baino merkeago lan egitera. Nik 30 urte daramatzat lanean eta nire lana gustuko baduzu ondo eta bestela hor konpon. 13 langile gara estudioan eta hile oso bat ematen dugu lehiaketa bakoitzean lanean, lehiaketa ez irabazteak pentsa zer dakarkigun. Gure batezbestekoa hirutik lehiaketa bat irabaztea zen. Baina bi urte daramagu lehiaketarik irabazi gabe egora txarra delako. Gu bezala beste asko daude, baina batzuk lagunak dauzkate lagunak eduki behar diren lekuan. Hemen gauzak oso txarto daude eta horregatik kanpora begira gaude. Ekuadorren sartu nahian gabiltza.
Larri orduan?
Arkitekturari esker dago Bilbo dagoen lekuan eta orain krisian gaudenez gauzak edozelan egiten dira, eta ez da horrela. Postalak baditugu eta orain lehengora bueltatu gara. Gure profesioa gainbeheran dago, ingeniariek dena irabazten dute, erraz, azken emaitza bost axola zaie, eta jendeari beste horrenbeste.
Zein lanekin harrotzen zara?
Gordonizko glorietarekin. Iturrigorriko iturria gogorarazi nahi nuen harria okertuz, eraikuntzako granito soberakina da, eta ura eroriaraziz. Obra txikia izanik zailtasun handikoa izan zen, irudikatzen eta kalkulatzen zaila.
Eta borobilena?
Mapan ezarri gaituena foru liburutegia izan da, eraikin borobilena, agian. Liburutegi zaharrak hormigoi, egur eta burdin egitura zuen, sekulako buruhaustea, patioak kendu eta ipini egin behar izan genituen, eta liburuak kalera ateratzea bonba bat izan zen. Izan ere, lehiaketa horregatik irabazi genuen. Hiritarrek gustuko dute eta gure lankideek ere bai, inork ez du ezer txarrik esan. Liburutegiaren bazterrek jendartean duten arrakastaren erantzule sentitzen gara.
Inguruak zenbateko garrantzia du?
Ez dugu ulertzen eraikin baten exekutatzea inguruan gertatzen dena ezagutu gabe eta egiten dugun guztiak lotura zuzena du inguruaren egoerarekin eta izango duen erantzunarekin. Arkitektoak ehun urterako uzten duen erakinarekiko duen ardura handiarekin jabetzen gara. Zu hildakoan eraikinak hor jarraituko du eta aberrazioa bada aberrazioa izaten jarraituko du eta ona bada ona izaten jarraituko du. Eraikina bezain garrantzitsua da espazioa. Guk ez dugu muga estutzen, aldendu egiten gara.
Deustuko kanala irekitzeari zer deritzozu?
Ideia ona da. Lehenik, teknikoki funtsezkoa dirudielako uholdeak ekiditeko eta, bigarrenik, itsasadar ertza bikoiztuko duelako. Deustuk duen gauzarik onena hori da, itsasadarrari begira dagoela. Harreman estu hori sekulakoa da. Engainatu egin gintuzten Euskaldunako zubia eraiki zutenean. Garagardotegia galdu genuen, Deustuko plaza publikoa zena, hesia jarri ziguten, ezkiak bota zizkiguten eta mondongoa ipini ziguten. Konturatu ginenerako barrera izugarria genuen Deustu eta Erribera artean, hori da Euskalduna zubia. Itsasadarraren lerroa galdu genuen.
Agirre lehendakaria etorbideko sei errailekin zer egingo zenuke?
Deustutik pasatzen den trafikoa beste nonbaitetik bideratu behar da Ugaskoko tuneletatik, hori irtenbide azkarra da, edo behetik, itsasadarreko bidea berreskuratzeko gai izango bagina. Zorrotzaurreko proiektuak hori barneratu beharko luke. Agirre lehendakariak errail bakarrekoa izan beharko luke, zabala, eta espaloi handiagoak. Orain dagoen bezala ikaragarria da. Duindu beharrekoa da.
Zaha Hadiden Zorrotzaurreko proiektua nolakoa da?
Proiektu polita da, forma aldetik. Haratago joan izan balitz, anbiziotsuagoa izan balitz, esaterako, adinekoak gazteekin alokairuan nahasiz edota habitat sozial esperimentaziorako aukerak zabalduz, are politagoa zitekeen. Utopikoegia, agian. Baina proiektuak ez du bide hori jorratuko. Kanpora begira egindako beste obra bat izateak gogaitzen nau, beste postal bat. Ez dakit hori baliagarria den. Une honetan Erriberan aktibitate zoragarria dago, horrelako parte-hartzea behar da zer egin daitekeen pentsatzeko, harro sentitzeko moduko zerbait aterako litzateke, ziur. Baina proiektua dagoen bezala, igandetako aspergurea pasatzeko lekua izango da.
Zelakoa da zure etxea?
Deustuarra naiz eta San Inazion bizi naiz apartamentutxo batetan. Bilboko auzorik onena dela uste dut.
Zer geratzen zaizu diseinatzeko?
Ez dut helburu zehatzik, esku artean erortzen zaidan edozer. Zortea izan dugu, lan guztiak erronka izan dira guretzat. Erronkak ematen digun ludikotasuna garrantzitsua da elkarrekin gustura lan egiteko.
Etxe orratzak egiteko proposamena egin dizute, eta?
Etxe baxuak dituen hiri baten etxe orratzak egin nahi dituzte baina ez dugu onartu, ez dugu hiria hondatu nahi, hor geratzen den hori gurea izatea ez dugu nahi.
Zergatik egin zinen arkitekto?
Ez dut erantzun politik. Ondo irukidatzen nuen eta gustuko nuen. Gazte nintzela Karmelo lagunarekin Arte Ederren Museora joaten nintzen sarri, zoriontsuak ginen bertan.
Deustuko zein leku duzu gustuko?
Zorrotza Punta, Kanalak itsasadarrarekin bat egiten duen lekua. Hori da lekurik ederrena.