Euskal dantzaren alde

Bihotz Alai dantza taldea 2014ko urr. 1a, 10:30

Gure taldea 1958an sortu zen folklorea zabaldu eta sustatzeko helburuarekin, eta arlo honetan hainbat eginkizun burutzen ditugu Deustuan egun ere: dantza ekitaldietan, taldekideok dantza tradizionalak plazaratzen ditugu, jaien inguruan; beste batzuetan, erromeriak egiten ditugu, ikuslea dantzari bihurtzeko asmotan.

Baina gure zereginaren beste atal bat folklorearen inguruko ekimenak gauza-tzea da ere. Gogoratu gure taldea lehenengo Olentzero kalejiraren bultzatzailea izan zela, lehenengo inauteri desfilea, edota AndreenAaurreskuaren sortzailea. Gaur egun, ekimen horiek berezko bizitza daukate deustuar askoren ahaleginei esker, eta hori denok pozik egoteko modukoa dela uste dugu.

Gure taldean, taldekide zaharrak urteetan ikasitakoa kide gazteei irakasten die. Modu honetan tradizioaren inguruko ezagutzak pilatu, moldatu eta eguneratu egiten dira. Eta, gizartea aldatzen den neurrian, folklorea ere garatuz doa. Horregatik diogu gure taldearen helburua ez dela, berez, dantzan irakastea. Lan hori egin arren, gure benetako zeregina dantzak plazaratzea da eta, honekin batera, folklorearen biziraupena bideratzea.

Hurbileko historian, dantza taldeak izan dira -izan gara- dantzak gorde eta zabaldu, ahanzturatik salbatu eta plazaratu dituztenak. Lan gehiago eta hobea egin lezaketela? Duda izpirik ez. Baina ez dago taldeen zeregin guztiak betetzen dituen eragilerik, eta ez dugu ikusten posible dantza tradizionalaren biziraupena dantza talderik gabe.
 
Horregatik dantza taldeak ahultzen dituzten ekimenek, bereziki dantzan ikasteko dauden beste aukera horiek, taldeei kideak kentzen dizkieten neurrian, borondaterik onenean eginda ere, eta oso modu erosoan egiten badira ere, folkloreak bizirik irauteko dituen aukera urriak, urriago bihurtzen dituzte.

Horregatik gure aldarria: dantza taldeok folklorearen iraupena ahalbidetzen dugu eta edozein deustuarri, inor baztertu gabe, dantzan egiteko aukera ematen diogu.

Animatu nahi zaituztegu gure herriko dantza taldeetan parte hartzera. Sinestuta gaude gure ekimenak deustuar guztien onerako direla, lan beharrezko eta garrantzizkoa egiten dugula nortasun galdua duen mundu globalizatu honetan. Gure kultura sustatzeko elkarlanean hartzen diren bizipenak eta eskarmentuak, dantzan ikasteaz aparte, oso baliotsuak dira bizitzaren arlo guztietan.