Pabellon 6en bidea “ez da erraza izan”, hiru urte horiek “gogorrak” izan dira eta pabilioiaren helburuak lortzeko “lan handia” egin behar izan dute. Espazioa ez dago Bilboko leku oso ezagun batean kokatuta, beraz, hasieran garrantzitsuena “publikoa erakartzea” zen. Pixkanaka-pixkanaka lortu dute publikoa bertaratzea eta hirugarren urte honetan “egonkortu” egin dira.
Iazkoa, jendearen presentziari dagokionez, “oso urte ona” izan zen eta, aurten ere, gauzak ondo doaz. Normalean, bertara hubiltzen dena “pozik irtetzen da, errepikatu egiten du eta garrantzitsuena, bere lagunak eramaten ditu”. Beraz, jende kopuruaren aldetik egin duten balorazioa “oso ona” da.
Denboraldi berria martxan
2014-2015 denboraldia martxan jarri dute. Hainbat proiektu dituzte buruan. Aurten gehien interesatzen zaiena espazioan “irauten duten produkzioak egitea” da. Badakite horretarako Bilboko aktore eta artistekin egindako lanak izan behar direla. Honetan, aurreko denboraldietan gertatu den bezala, ekoizpenen %75 euskaldunak izango dira, eta gehienak antzezlanak. Dantza garaikidea eta musika ekitaldiak ere egongo dira, baina horien kopurua txikiagoa izango da. Beraz, aurten ere, egitarauaren zati handiena ekoizpen propioek beteko dute, eta bakoitza 6-8 asteren artean mantenduko da.
“Jendeak dio Bilbon ikuskizunek astebete irauten dutela eta ez dagoela publiko nahikorik”, baina Pabellon 6eko partaideak ez daude ados ideia horrekin. Iaz, adibidez, Cabaret Chihuahua-k 75 saio izan zituen eta ia saio gehienetan aretoa bete zen. Beraz, publikoaren eskakizunaren arabera lan egiten dute. Normalean, Arriagara eta beste espazioetara eramaten dituzten ikuskizunek asteburu bakarra irauten dute eta ondoren beste leku batera joaten dira. Berdin gertatzen da bertako ekoizpenekin.
Baina Pabellon 6en ez dituzte soilik bertako lanak eskaintzen, batzuetan Madriletik eta beste hainbat lekutatik “gauza interesgarriak” iristen zaizkie. “Arazoa da horietan parte hartzen duten pertsonak kanpokoak direla eta hemen beraientzat ostatuta aurkitzea nahiko zaila dela”. Horregatik, lan horiek asteburu bakar baterako ekartzen dituzte.
Bazkide kanpaina
Denbora igaro ahala eta ahoz-ahozko publizitatearen bitartez, Pabellon 6ek lortu du jendea erakartzea eta mantentzea, bazkide eginez. Momentuz, bazkide kanpaina ondo doa, eta geldiro-geldiro “bazkide gehiago” lortzea espero dute. Interesatuta daudenentzat bi tarifa daude, alde batetik, gehiago nahasi nahi duten pertsonentzako prezioa eta bestetik, gutxiago nahasi nahi dutenentzakoa. Lehenengoan, bazkideak 100 euro ordaintzen ditu urtero eta batzarretan parte hartzeko aukera dauka eta bigarrenean, 10 euro ordaintzen ditu urtero eta %20ko beherapena dauka, baina ez dauka batzarretan parte hartzeko eskubiderik.
Beraz, arte eszenikoak gustuko dituztenek aukera dute oraindik bazkide egiteko eta eskaitzen dituzten proiekzioez gozatzeko.
www.pabellon6.org