Jon Telletxea eta Urtzi Martinez dira. Gertutik ezagutzen dituenak badaki ez direla inola ere, protagonismo zaleak, baina konformatu zaleak ere ez, langile-kastakoak baitira. Hori bai, bidegabekeriak bezala, langileak ere askotarikoak gara; batez ere, gaur egun, gero eta gehiago, lanik gabeko langilez osatutako jendarte honetan. Izan ere, lana kontzeptu gisa ere aldatu egin zaigu: izan ala ez izan, duintzen omen gaituena; saria edo zigorra-kondena, loteria ere bai zenbaitentzat... azkenean, beharra pribilegio bihurtuta. Atera kontuak!
Urtzi eta Telle iraultzaileak direla esaten ere ausartuko nintzateke; izan ere, dena diru-balioz neurtzen diguten garaiotan, benetan iraultzailea izatea zer da maitasunez edota muxu truk jardutea (edo lan egitea) ez bada? Eta horixe da bi gazteon “bekatu” nagusia. Horrexegatik dihardute hainbat arlotan boluntario, adibidez, Deustun; horregatik egon ziren Bilbon, beste milaka herritarrekin batera, 2012ko greba orokorreko manifestazio erraldoian, lan-erreformaren aurka eta lan-eskubideen alde: bertan egon beharra sentitu zutelako. Langileon Duintasunaren alde.
Baina, jakina, lege-ordenamenduak eta botere faktiko guztiek nahiago dute gure gazteak kalean barik noraezean ikustea: ikasketa amaigabeetan, atzerriko edozein Erasmusetan globalizatuta, edo Lanbideren labirintoan galduta... Hartara, protesta gutxiago kalean, eta protesta eginez gero kontuz! Horra botere-egiturek gazteei egiten dieten mehatxua desobedientziaren bidea aukeratuz gero, zoritxarrez, mendeku ere bihurtzen dutena. Bi deustuar hauen kasuan, greba orokor hartan egindako margoketak aitzakia dira, eta bi urte eta erdiko gartzela-zigorra dute orain zain. Harrapazank!
Badakit ez naizela objektibo, eta ez dut izan nahi. Errespetua nahi dut nire herrikide, auzokide eta lagunentzat. Justizia, demokrazia eta oinarrizko eskubideak kolokan ditugula dirudi eta hori ez da txantxetako kontua. Auzitegi Nazionala ez da astakeria nazionalaren protagonista bakarra. Urtzi eta Telle Auzitegi Probintzialeko amaraunean katramilatu dituzte ia hiru urteko prozesu kafkiarrean, eta ertzainen akusaziopean zigortuko dituzte. Azkenean, bere kabuz espetxera joateari, muntaia polizial-judizial osoari men egitea litzatekeela iritzi diote, eta desobeditzea aukeratu dute: ezkutatu dira, babestu dira, desobedientzia dutelako duintasuna ozen aldarrikatzeko utzi dieten bide bakarra. Errespetua nahi dute, horra.
Agian ez da epikoa izango, baina bai benetakoa. Horrelako istorio txikiz osatzen da bizitzea merezi duen historia bakarra. Gurean haiek ikur ere bihurtu dira bikain antolatu eta lan egin duen Grebalariak Aske! plataformari esker. Baina benetan, herrikide, auzokide, lankide, ikaskide, adiskide... bidelagun ditugulako maite ditugu.
Beraz, erantzutea da egin dezakegun gutxienekoa. Ez ditugu bakarrik utziko. Hurrengo hitzordua Deustun, urriaren 11n, San Pedro plazan: Aske Gunea. Zatozte. Demasa izango da.
Deustun egun horretan desobedientzia eta duintasuna ibiliko dira eskutik helduta, eta Jon Telletxea eta Urtzi Martinezekin batera egingo dugu aldarri. “Denok grebalari!”