PREST! aldizkariak bere 145. zenbakian (2014ko martxoko zenbakian) elkarrizketatu zuen Izeki tabernako Ander. Orduan, taberna "gehiegi gaude Deustun askoz bezero gutxiagorentzat”, adierazi zuen. URIOLAk elkarrizketa hartako pasarte batzuk berreskuratu ditu.
Zelan ikusten duzu Deustu tabernako barraren barrualdetik?
Triste ikusten dut. Tabernetako giroa asko aldatu da, lehengo girorik ez dago orain. Deustuar askok alde egin dute beste auzo batzuetara bizitzera, koadrilak zahartu egin dira eta gazteek harremantzeko eta kontsumitzeko beste era bat daukate.
Zergatik gazteek ez dute tabernetara jotzen?
Sozializatzeko eta komunikatzeko beste era bat dutelako. Asko erabiltzen dituzte teknologia berriak. Lehen tabernetan elkartzen ginen beti, gazte koadrila guztiok genuen erreferentziazko tabernaren bat edo beste. Orain Skype, WhatsApp, Telegram edota sare sozialetan elkartzen dira lehenik eta lonja edota landa batean gero botiloia egiteko. Uneoro konektatuta daude eta elkarrekin hitz egiten dute nahi beste. Pentsa daiteke ez dela osasungarria, baina gazte asko sare sozialen bitartez sozializatzen da, eta beste era batera ez lukeela egingo uste dut. Oso desberdinak dira egungo gazteak, eta ez dira gu izan ginen bezain golfoak.
Bada beste zerbait?
Bolonia planak eta ordutegi aldaketek ere eragin dute. Boloniak, adibidez, ikasleak klasera joatera behartzen ditu. Lehen ikasle asko txandaka konpontzen ziren klasean apunteak hartzeko. Tabernan 9:00etatik eguerdira arte beti izaten genituen ikasleak.
2004tik aurrera zorroztu egin ziren Deustuko tabernentzako baldintzak. Zergatik?
Taberna batzuetan istiluak egon ziren, eta egunkari batek gertatutakoa puztu zuen. Neurri oso zorrotzak hartu ziren Deusturen aurka, botiloiaren aurka, navajero-en aurka... ordutegiekin egurra eman ziguten. Arazoak izan ziren, bai, baina konponbidea ez zen zuzena izan. Neurriak ez ziren soilik arazoak izan ziren lekuan ezarri, Deustu osoan baizik. Poliziaren presentzia handia zen, patruilak egoten ziren San Pedron aparkatuta, eta egunero sarekadan zebiltzala zirudien.
Zer behar da egoerari buelta emateko?
Gizartea aldatzea. Ez dut uste gertatuko denik, faktore asko aldatu behar dira horretarako. Gazteek kanpora egin beharko dute lanera eta bizitzera. Azkenaldian Deustuko gazte asko, adibidez, herritik joan dira beste auzo edota herri batzuetara bizitzera Deustuko etxeen prezioak ordainezinak direlako. Lotarako herri bihurtu da. Egia da, kale giroa badela oraindik baina batik bat beheko kaleetan, goiko kaleetan taberna giroa asko galdu dugu. Aktibitatea badago, baina ez da ikusten. Gazte koadrilak eta elkarteak badira herrian lanean, hainbat esparrutan mugitzen eta parte hartzen, baina beraiei ere eragiten die krisiak, bizimodu berriak, ardurak, geroz eta gutxiago izateak... indibidualismora jo du jendeak, kolektibotasunean ibilitakoek ere.
Deustun taberna gehiegi dago. Tabernen mapa berrantolatu behar da?
80ko hamarkadatik gremio guztiak berrantolatu dira, eta ostalaritzari gauza bera gertatzen zaio. Enpresatik kaleratzen zutenak taberna zabaldu izan du kalte-ordainarekin urte askotan, tabernak barra-barra edukitzera heldu gara. Demografiak behera egin du nabarmen eta hori nabari da, asko gainera, ikastetxeetan, kalean zein tabernetan, egunerokotasunari, kontsumoari eragiteraino. Gehiegi gaude, askoz bezero gutxiagorentzat.
San Sebastian klinikaren itxiera asko igarri dute Deustuko tabernek.
Bai, sekulakoa, batik bat Madariaga etorbidekoek. Blas de Otero kale amaierakoek, berriz, IMQko klinika berriarekin zer edo zer irabazi dute. Hori da egun Deustuko bizitza gunea. Dendak daude, supermerkatuak, bankuak... beste kale batzuk aldiz desertuaren pareko dira, ez dago ezer ere. Hori gertatzen zaio Ramon y Cajali. Ez dago merkataritzarik, eta ondorioz bizitza gutxiago dago.
10 urte Izangoan eta 16 urte Izekin lanean. Hurrengo zer?
Taberna norbaitekin eskualdatu dut. Urte bat edo bi sabatiko hartuko ditut atseden hartzeko, pentsatzeko, gozatzeko, nire burua zaintzeko, indarrak hartzeko eta ekonomia eta ostalaritzak nondik nora joko duten aztertzeko. Ez diot bueltatuko ez naizenik. Finean, nire lana da.