Bihar, urriak 11, Grebalariak Aske plataformak Askegune bat antolatuko du Deustuko San Pedro plazan Urtzi Martinez eta Jon Telletxeari, bi urte eta erdiko espetxe zigorrari aurre egin behar dioten grebalariei elkartasuna adierazteko. Uriolako lan taldeak egoeraren berri zabalduko du 10:00etatik aurrera bere web gunean (uriola.info), Twitter kontuan (@uriolainfo) eta facebooken.
Goiz osoan zehar, 10:00etatik hasita, mugimendu feminista, eragile ekonomiko, erakunde politiko, gazte mugimendu eta sindikatuen artean bost orduko elkarretaratzea egingo da eta horretaz gain, beste hainbat ekintza egongo dira. Bukatzeko, 14:00etan, "ez zaituztegu bakarrik utziko" lelopean elkarretaratze masiboa deitu dute.