Makro-diskotekaren aurkariak

uriola.eus 2014ko urr. 14a, 08:43

Arpuntoin S.L. promotora bakarrik geratu da. 2.000 lagunentzako diskoteka zabaltzeko bere proiektuak aurkari asko ditu, besteak beste, auzokideak, Udala, EH Bildu alderdia eta IMQ klinika. Aurkeztutako eskabideak Udalaren "lupari" eta zenbait alegaziori aurre egin beharko die. Interneten hasi dira jada diskotekaren aurkako sinadura bilketan.

Arpuntoin S.L. promotorak eginiko eskaerak aztoratu ditu Deustuko hainbat auzotar. Euskaldunako errotondan dagoen pabilioi batean, Iruña kaleko lehen zenbakian, industria eraikin izandakoan, diskoteka bat zabaltzeko lizentzia eskatu duenean, hain zuzen ere. III-B taldean kokatutako litzatekeen espazioa izanik, astegunetan 04:30ak arte zabal lezake eta asteburutan 06:00ak arte.

Aurrera egitekotan, Bilboko diskoteka handiena litzateke Deustukoa, 365 egunetan zabal lezakeena. Erriberako Mao eta Boluetako Santana baino handiagoa. Lizentzia eskaeraren arabera, Morgan kaletik izango luke sarrera eta Jon Arrospidetik larrialdietako irteera. 1.416 metro karratutan, 2.078 lagunentzako aforoa. 1.000 m2 beheko solairuan eta ia 400 m2 bi erdi solairutan banaturik, bat publikoarentzat eta bestea DJentzat eta biltegi gisa erabiltzeko.

Udalak "ez du atsegin"

"Luparekin" behatuko du Bilboko Udalak Deustun diskoteka zabaltzeko aurkeztutako eskabidea. Gizarte Ekintza eta Etxebizitza zinegotzi Eduardo Maizek adierazi duenez, "kontrako jarrera du Udalak, ez dugu atsegin ez proiektua, ez kokapena, eta luparekin aztertuko dugu dokumentazioa".

Bada, Udalak aztertu beharreko "beste elementu bat". Maizek jakitera eman duenez, ondoko eraikina "lursail kutsatuen erregistroaren baitan dago" eta, ondorioz, diskotekaren lursaila kutsatuta dagoen jakiteko Udalak txosten bat eskatu du.

Udalaren arauak ez ezik Eusko Jaurlaritzarenak ere bete beharko ditu diskotekak. Izan ere, 700 laguneko aforoa gainditzen duen espazio orok Joko eta Espektakuluen Zuzendaritzaren baimena beharrezkoa du.  

Alegazioak aurkezteko epea

Joan den urriaren 2an  argitaratu zen Bizkaiko Buletin Ofizialean alegazioak aurkezteko epea eta urriaren 20ra arteko luzatuko da. IMQ klinikak alegazioaren bideari ekin dio jada. Auzotarrek, berriz, epe laburrean egingo dute. Bat egin dute Iruña kale inguruko zenbait bizilagunen komunitateek, besteak beste, Iruña, Jon Arrospide eta Arenaza kaleko atariak dira, hamar inguru -baliteke gehiago batzea aurrerago-. Batzarrak egin dituzte, eta auzotarren artean informazioa zabaltzeko kartelak jarri eta eskuorriak banatu dituzte.

"Kalteak eta legez kanpoko jarduerak"

"Auzora dinamismoa eta aktibitatea" ekartzeaz gain, auzotarren ustez makro-diskotekak "kalteak eta legez kanpoko jarduerak" ere eragingo ditu. Esaterako, "gehiegizko zarata", "desordena publikoa eta istiluak", "aparkalekuen saturazioa" eta "drogak eta substantzia kaltegarriak". Jon Arrospide kaleko 14, 16 eta 18ko bizilagunak ondoan izango lituzke, hain zuzen ere, hasi-hasieratik aurka agertu diren atariak. Bertako auzokideak dira ondoko komunitateei bat egiteko deia zabaldu dietenak. "Udalari zuzenduriko idazkia sinatzera animatzen ditugu", adierazi dute.

Sinadura bilketa Interneten

"Deustuko ikastolaren, auzotar komunitate handi baten eta klinika baten ondoan makro-diskotekaren irekierari ez". Mezu horixe du change.org atarian Auzoa defendatuz izeneko eskatzaileek abiarazi duten sinadura bilketak. 350 sinadurako muga gainditu dute jada.

Metro eskasetara dagoen ikastola

Asteazkenean ezohiko Eskola Kontseilu bilera egingo dute Deustuko Ikastolan. Diskoteka ezarri nahi duten eraikina ikastolaren aurrez aurre dagoela eta, hainbat guraso arduratuta dago, eta horregatik egin dute ezohiko deialdia.

Bizitegi-gune batean makro-diskoteka bat zabaltzearen kontra agertu da EHBildu

EHBilduren ustez 2.000 pertsonarentzako makro-diskoteka bat "ez da bateragarria bizitegi-gune batekin". EAJren aldeko botoekin 2013an onartutako Ostalaritzaren gaineko Ordenantza "porrot bat izan da". Orduan esan zuen EH Bilduk egindako aldaketak "ez zirela baliogarriak" izango ziren arazoak konpontzeko, eta Iruñea kalean zabaldu nahi duten makro-diskoteka horren "adibide garbia" da. "Ez da bidezkoa maila berean jartzea 300 pertsonarentzako kafe-antzerki bat zein 2.000 pertsonentzako dantzaleku bat. Hau da, makro-diskoteka bat ez da bateragarria bizitegi-gune batekin".

Udalbatzarrera eramango du PPk diskotekaren gaia

PPko Beatriz Marcos eledunaren iritziz hautatutako lekua "ez da egokiena", IMQ, ikastola, jolas eta kirol gune eta errotonda baten ondoan. "Ezta metro bat eta apur bat gehiagoko zabalera duen kale batean ere".

Eskatua du PP alderdiak Hirigintza zinegotzi Eduardo Maizen agerraldi publikoa. Udal gobernuko ordezkariaren ahotik entzun nahi ditu Marcosek "proiektuaren zehaztapenak eta faseak". Era berean, PPk urriaren 30eko Udalbatzarrera eramango du diskotekaren gaia, Osoko Bilkuran "eztabaida dadin".

Beatriz Marcosek adierazi duenez "gaueko giroaren berpiztea Udalak gainditzeke duen ikasgaia da, baina neurri handiko diskoteka bat klinika, ikastola eta aisia gune publiko baten ondoan ez da gure hiriak behar duen eredua".