Sharkriders eta Free The Whell taldeen kontzertuak Deustuko Gazte Lokalaren 23. urtemugan

uriola.eus 2014ko urr. 31a, 08:30

23 urte ez da ezer, eta bada. 1991ko gazte haiek 40 urte dauzkate gaur egun eta egungo gazteak ume txikiak ziren orduan. Hainbat belaunaldi besarkatu ditu Deustuko Gazte Lokalak. Atzoko eta gaurko gazteen topalekua da, ametsak egi bihurtzeko ezinbesteko txokoa. Biharko bazkarirako ogia prestatzeko aukera egongo da gaur,17:30ean eta 21:00etatik aurrera, Sharkriders + Free The Whell taldeen kontzertua. 

Egitarau oparoa prestatu du Deustuko Gazte Lokaleko lantaldeak gaurtik azaroaren 2ra. Hitzaldiak, tailerrak eta kontzertuak izango dira, besteak beste. Azaroak 1 larunbata izango da egun handia.

Egunero izango diren ekintzen artean daude Hartu nahi duzuna merkatua eta fanzine erakusketa, 11:00-14:00 eta 17:00etatik aurrera Txoridendan.

Urriaren 31n hurrengo eguneko bazkarirako ogia prestatuko dute 17:30ean. 21:00etan hasiko dira kontzertuak: Sharkriders + Free The Whell.

Azaroaren 1a izango da egun handia. Poteo Sound System (13:00) Deustun zehar, bazkari herrikoia eta bingo musikatua Done Petri plazan (15:00) eta lau talderen kontzertua: Very Txarrak + Zurraia + Secuestro Express + DJ Doktor Baltz.

Azaroaren 2a, azken eguna, lasaia izango da. Rabak eta pintxoak jateko aukera izango da Jazz Collective Trio taldeak kontzertua ematen duen bitartean (13:00).

 

23 urte ametsak egi bihurtuz

Orduko gazteen eskakizuna zen. Lokal bat behar zuten elkartu, antolatu eta hainbat ekintza aurrera eramateko. Josu Ortuondo zen orduan Bilboko alkate eta hitz politak bai baina ez zen inoiz heltzen gazteontzako ezinbestekoa zen lokal hura. Luzarra kaleko merkatu zaharra hutsik zegoen eta orduko Gazte Asanbladako kideek sartzea eta okupatzea erabaki zuten. Bi saiakera egin ostean, gaur egungo lokala bereganatu zuten.

1991. urtea zen, eta guztia egiteke zegoen. Konponketa lan handiak egin zituzten hurrengo urteetan, teilatua goitik behera, behekaldeko lorategia, barruko eszenatokia eraiki, margoketa lanak, leihoak lixatu, komuna txukundu, goikaldean liburutegia antolatu… Orain bezala astero-astero asanblada biltzen zen eta bertan 30-40 gazte inguru izaten ziren. Lanerako jarrera erakutsi zuten, lokala behar bezala atondu zuten lehenengo urte haietan.

Asanblada eta antolakuntza
Gazte Lokalak ateak zabalik izan zituen ahalik eta gazte gehien erakartzeko. Ideologia eta giro ezberdineko jendea hurbiltzea bilatzen zen. Lanak banatzeko, proposamenak biltzeko eta gai ezberdinen inguruan eztabaidatzeko tokia zen asanblada. Bertan edonork parte har zezakeen eta lan egin, noski. Batzordeka antolatzen ziren hasieran; aktibitate batzordea, propaganda, musika, diruzaintza, argazkiak, mantenimendua…

Gazte Lokalean, asanbladaren lanaren ondorioz  hamaika antzerki, hitzaldi, tailer, bideo erakustaldi, kontzertu, bazkari, dantza ekitaldi, bertso-saio, ipuin kontaketa... burutu izan dira hogeita hiru urte hauetan. Ekintza kultural guzti horiek deustuarren gozamenerako izan dira eta musu-truk gehienak.

Aldarrikapen eta ekimen ugari
Deustu mailan egindako lanaz gain, hainbat aldirrakapenekin bat egin du asanbladak urte hauetan. Intsumisioa, feminismoa, Egin eta Euskaldunon Egunkariaren itxieren kontrako mobilizazioak, AHTren aurkakoak…

Aipatzekoa da 1994 urtean adierazpen askatasunaren aldeko bataila txikia. Gazte Lokalaren beheko horma behin eta berriz margotu zuten gazteek eta Bilboko Udaleko garbiketa zerbitzuek behin eta berriz griseatu. Hogei mural baino gehiago egin zituzten, zein baino zein politagoak.

Jantoki begeta, mendi taldea eta antzerkia
Urte askotan zehar ostiralero jantoki begeta antolatu zuten Deustuko Erriberan okupatutako etxeetan bizi ziren hainbat gaztek. Goizean goizetik janariaren bila joaten ziren Mercabilbaora eta ostiralero Gazte Lokalean lagun artean bazkaltzeko aukera eskaintzen zuten. Prezio oso onean kalitatezko menu begetak prestatzen zituzten.

Beste ekimen bat mendi taldearena izan zen. 90eko hamarkadan asanbladako boskote batek igandero Euskal Herriko tontorrak igotzen zituen, goiz-goizetik irten eta eguneko txangoak antolatzen zituzten.