Deustuko Gazte Lokala, ideia komunak konpartitzen dituzten ezberdinen arteko elkargunea

uriola.eus 2014ko urr. 31a, 13:58

Deustuko Gazte Lokalak "aldaketa pilo bat" izan ditu 23 urtetan. Egoera "nahiko ona" bizi du egun, Gazte Asanbladako Amaia Mintegik URIOLAri adierazi dionez. Aste osoko egitarau "potentea" igandera arte luzatuko dute.

Baratza taldea, txalaparta tailerra, inglesa ikasten duten umeak... pertsona eta eragile ezberdinek osatzen dute egun Deustuko Gazte Lokala. Ideia eta espazio komunak konpartitzen dituzten lagunak dira. Denen ardatz da Gazte Asanblada, kudeaketaren arduradun. Bere erronka, une honetan, Gazte Lolaka erabiltzen duten taldeen parte-hartzea sustatzea da.

23. urte eta aurrera

Egitarau "potenea" antolatu dute urteurrena dela eta. Fanzine eta arropa "ateraldia", solasaldi bihurtu diren hitzaldiak, bertan egindako garagardo dastaketa, parrilada, txalaparta eta txotxongilo eta guzti.

Gaur larunbateko bazkarirako ogia prestatzeko aukera egongo da gaur, 17:30ean eta 21:00etatik aurrera, Sharkriders + Free The Whell taldeen kontzertua.

Azaroaren 1a izango da egun handia. Poteo Sound System (13:00) Deustun zehar, bazkari herrikoia eta bingo musikatua Done Petri plazan (15:00) eta lau talderen kontzertua: Very Txarrak + Zurraia + Secuestro Express + DJ Doktor Baltz.

Azaroaren 2a, azken eguna, lasaia izango da. Rabak eta pintxoak jateko aukera izango da Jazz Collective Trio taldeak kontzertua ematen duen bitartean (13:00).

23 urte ametsak egi bihurtuz

Orduko gazteen eskakizuna zen. Lokal bat behar zuten elkartu, antolatu eta hainbat ekintza aurrera eramateko. Josu Ortuondo zen orduan Bilboko alkate eta hitz politak bai baina ez zen inoiz heltzen gazteontzako ezinbestekoa zen lokal hura. Luzarra kaleko merkatu zaharra hutsik zegoen eta orduko Gazte Asanbladako kideek sartzea eta okupatzea erabaki zuten. Bi saiakera egin ostean, gaur egungo lokala bereganatu zuten.

1991. urtea zen, eta guztia egiteke zegoen. Konponketa lan handiak egin zituzten hurrengo urteetan, teilatua goitik behera, behekaldeko lorategia, barruko eszenatokia eraiki, margoketa lanak, leihoak lixatu, komuna txukundu, goikaldean liburutegia antolatu… Orain bezala astero-astero asanblada biltzen zen eta bertan 30-40 gazte inguru izaten ziren. Lanerako jarrera erakutsi zuten, lokala behar bezala atondu zuten lehenengo urte haietan.

Asanblada eta antolakuntza
Gazte Lokalak ateak zabalik izan zituen ahalik eta gazte gehien erakartzeko. Ideologia eta giro ezberdineko jendea hurbiltzea bilatzen zen. Lanak banatzeko, proposamenak biltzeko eta gai ezberdinen inguruan eztabaidatzeko tokia zen asanblada. Bertan edonork parte har zezakeen eta lan egin, noski. Batzordeka antolatzen ziren hasieran; aktibitate batzordea, propaganda, musika, diruzaintza, argazkiak, mantenimendua…

Gazte Lokalean, asanbladaren lanaren ondorioz  hamaika antzerki, hitzaldi, tailer, bideo erakustaldi, kontzertu, bazkari, dantza ekitaldi, bertso-saio, ipuin kontaketa... burutu izan dira hogeita hiru urte hauetan. Ekintza kultural guzti horiek deustuarren gozamenerako izan dira eta musu-truk gehienak.

Aldarrikapen eta ekimen ugari
Deustu mailan egindako lanaz gain, hainbat aldirrakapenekin bat egin du asanbladak urte hauetan. Intsumisioa, feminismoa, Egin eta Euskaldunon Egunkariaren itxieren kontrako mobilizazioak, AHTren aurkakoak…

Aipatzekoa da 1994 urtean adierazpen askatasunaren aldeko bataila txikia. Gazte Lokalaren beheko horma behin eta berriz margotu zuten gazteek eta Bilboko Udaleko garbiketa zerbitzuek behin eta berriz griseatu. Hogei mural baino gehiago egin zituzten, zein baino zein politagoak.

Jantoki begeta, mendi taldea eta antzerkia
Urte askotan zehar ostiralero jantoki begeta antolatu zuten Deustuko Erriberan okupatutako etxeetan bizi ziren hainbat gaztek. Goizean goizetik janariaren bila joaten ziren Mercabilbaora eta ostiralero Gazte Lokalean lagun artean bazkaltzeko aukera eskaintzen zuten. Prezio oso onean kalitatezko menu begetak prestatzen zituzten.

Beste ekimen bat mendi taldearena izan zen. 90eko hamarkadan asanbladako boskote batek igandero Euskal Herriko tontorrak igotzen zituen, goiz-goizetik irten eta eguneko txangoak antolatzen zituzten.