Santa Teresak nahikoa eutsi zuen hasierako minutuetan. Athletic hutsuneak ezin bilatuta zebilen. Estrategia jokaldietan ere Badajozeko atzelariak nagusitzen ziren. Hala eta guztiz ere, argi utzi zuten baloiarekin ez zekitela zer egin. Erdilari eta atzelari zuri-gorriak segituan berreskuratzen zuten baloia, gero alde batetik bestera mugiaraziz. Halako batean, lehen aukera garbia eduki zuten etxekoek. Jaberik ez zeukan baloi batekin egin zen Erika, arean sartu eta bere jaurtiketa gurutzatuegia izan zen. Lehen abisua. Bigarrenean, Yulemak zartako ederra bota zuen eta atezainak, hala nola, gelditu zuen. Izkin hegaleko erdiraketa horretan Irenek, lehen zutoinean, baloia orraztu eta zuzenean sareetara joan zen.
Lehen gola lorturik, bigarrena segituan heldu zen. Iraiak Izaskun bilatu, honek Yulemari atzera pasea eskaini eta arabarrak ederki ikusi zuen Alazne, jada area barruan, bakarrik zegoela. Atezaina ere lekuz kanpo zegoela aprobetxatuz, Txikik ez zuen hutsik egin. Hortik aurrera, ezker hegalak ondo baino hobeto funtzionatu zuen. Eunate eta Alaznek euren arteko kimika ona erakutsi zuten eta arrisku gehienak bertatik zetozen. Nafarrak, hain zuzen ere, jokaldi eder batekin zaleak aho zabalik utzi zituen. Lastima jaurtiketa gutxigatik kanpora joan izana. Beranduago, Areneren zartakoak eta Ireneren erremateak ere ez zuten aterako bidea eraman.
Bigarren zatian gol gehiago espero ziren, punteri kontua litzateke, Santa Teresak ez baitzuen oztoporik jartzen eta une guztian baloiaren atzetik korrika baitzebiltzan. Erika goletik oso hurbil ibili zen. Izan ere, Yulemak buruz utzitako baloiari esker, atezainaren aurrean bakarrik geratu zen aurrelari nafarra. Hurbilago, ordea, Izaskun egon zen. Izkin hegaleko erdiraketak ez zuen errematatzailerik aurkitu, Gimbertek jaso zuen baloia ostera. Pare bat defentsa driblatu eta jaurtiketa atezainak gelditu zuen, honen aldaratzea Izaskunek atera jaurti eta, Lezamako zaleak gola ospatzen hasi ziren bitartean, arerioa arin ibili zen baloia ateratzeko.
Corresek egin zuen jokaldi ederraren ostean, Arenek ia bere Lehen Mailako lehen gola egin zuen, baina bilbotarrak baloia jaso zuenerako atezainak ondo tapatu zituen hutsune guztiak. Juan Luis Fuentesek gidatutako taldearen oztopo bakarra izan zen Bea Orellana atezaina. Berriz bera izan zen protagonista Yulemaren jaurtitzean. Aterako norabidea hartu zuen hurrengo zartakoan ezin izan zuen ezer egin. Eta normala. A ze gola sartu zuen Alaznek! Eztizenen –Iraiaren lekua hartu zuen- erdiraketa arriskutsua ukabilekin desbideratu zuen atezainak eta Alaznek, bi aldiz pentsatu gabe, boleaz zartako ederra bota zuen. Partidako azken gola izan zen. Estremadurarrak hiru eta hutsekoarekin, 90. minutuan, urreratu ziren lehen aldiz arerioaren areara, alabaina, arriskurik gabe. Ane Otxoak sasoi honetako bere lehen partida jokatu zuen eta ez zuen batere lanik eduki.
Hurrengo asteburuan Fuentesen taldeak Albacetera bidaiatuko beste talde igo berriaren aurka jokatzeko: Fundacion Albacete. Lidergoan mantendu nahi izanez gero, eta Bartzelonak ez harrapatzeko -ezta puntu gutxiagorekin baina hurbil dabiltzan taldeek ere-, garaipenaren bidetik segitzea, beharrezkoa.
Fitxa teknikoa
Athletic Club: Ane Otxoa; Eunate Arraiza, Arrate Orueta (Joana Arranz, 82. min.) , Irene Paredes, Iraia Iturregi (Eztizen Merino, 66. min.); Vanesa Gimbert, Arene Altonaga; Alazne Gomez, Erika Vazquez, Izaskun Leoz (Nekane Diez, 63. min.); Yulema Corres (Irune Murua, 75. min.).
Santa Teresa CD: Bea Orellana; Carmen Menayo, Marisina, Marta Parralejo, Soledad Rodriguez (Laura Folch, 54. min.); Fatima P., Marta Rubio (Vania, 64. min.), Chica; Mireya Garcia, Maria Neira (Patricia Traver, 64. min.), Estefania Lima (Sara del Estal, 84. min.).
Golak: 1-0: Irene Paredes, 19. minutuan; 2-0: Alazne Gomez, 27. minutuan; 3-0: Alazne Gomez, 80. minutuan.
Epailea: Landeta Saez. Ez zuen txartelik erakutsi.