Mikel Aiartzaguena: “Gazteengan pentsamendu kritikoa zabaltzea eta sustatzea da gure lana”

prestaldizkaria 2014ko aza. 3a, 10:46

Iñigo Azkona

Botikazar institutuko ikasle da Mikel. 17 urte ditu eta horietatik azken lau urteak Ikasle Abertzaleak erakundean eman ditu. Ikasleen egungo egoera, kezka eta eskaerez hitz egin digu, eta nola ez, LOMCE legeari buruz.

Zelan hasi duzue ikasleek 2014/15 ikasturtea?

Nahiko lanpetuta hasi gara, bai hasi-hasieratik LOMCEren kontrako kanpaina egiten bai Deustu eta Euskal Herri mailan egon diren gazte auzpiretauei, Urtzi eta Telle grebalariei zein 28ei, babesa ematen. Orain hasi gara asanbladetan antolatzen eta urte osorako plangintza egiten.

Plangintza horretan zeintzuk dira Ikasle Abertzaleak (IA) erakundearen lan ildo nagusiak?

Lehena aurreko ikasturtean hasi zen Bizkaiko Ikasle Eztandarekin lotuta dago. Orain arte mobilizatu ez diren ikasleak mobilizatzeko plangintza bat dugu, horretarako institutuetan asanblada irekiak antolato ditugu. Espero dugu jendea animatzea. Bigarrenak, IArekin zerikusia du. Aste Gorria antolatzea, formakuntza egitea… Ikasleek entzun dute Hezkuntza herritik herriarentzat, LOMCEri ez eta horrelako leloak, baina hori sakondu nahi dugu eta zergatiak jendeari helaraztea formakuntzarekin.

Ikasturte hasieran Wert ministroak eta EAEko Hezkuntza sailburuak akordioa adostu zuten LOMCEaren aplikazioan salbuespenak egiteko. Zein irizi duzu akordioaz?

Ezustea izan zen, guztiz. Hala ere, guk ez dugu LOMCE bere osotasunean onartzen. LOMCE legeari partxe batzuk jartzeak ez du gure estrategiarentzat balio, eta ez dugu uste hori denik konponbidea, inolaz ere. Hemen bai ikasle mugimendua bai hezkuntza plataforma lege erreformaren kontra egiten ari den lanaren lehen sintomak dira partxe horiek.

Zeintzuk izango dira LOMCEren ondorio mingarrienak?

Hezkuntza mailan bai ikasleria bai irakasleria oso galduta dago, kristoren ezjakintasuna dago LOMCEren inguruan, nola aplikatuko den, aplikatzeko laguntzarik egongo den… Legearen edukiei dagokionez, hezi baino buruz ikasi egin beharko dugu, hau da, selektibitate ezberdin asko izango ditugu, hirugarren, laugarren eta unibertsitatera pasa ahal izateko eta horrek lehia sustatuko du. Era aktibo baten ikasi beharrean bihurtuko gara memoriaz jotako ikasleak.

Zein da LOMCEk Euskarari ematen dion lekua?

Euskara erasotzen du LOMCEk, esaterako, hizkuntza aldetik, Selektibitatean oso maila baxua jarriz eta, edukien aldetik, euskal historia baztertuz. Arlo horrekin ikasle guztiak kritiko dira. Ez dugu inoiz Euskal Herriko historia ikasten, beti Espainiako historia edo euskal historia baina Espainiakotik begira. Euskararen portzentajeak LOMCErekin txarrera egiten du, curriculumaren %65a Madrilek erabakiko du eta beste %25a erkidego bakoitzak.

Ikasketetarako beken kopurua murriztekoa da Espainiako gobernua 2015eko aurrekontuetan. Nola eragingo dizue neurriak?

Jendea ez dago pozik. Ikasleek eredu publikoaren aldeko apustu egiten dugu, eta ez dugu ulertzen zentro publikoetan ikasteko hainbeste ordaindu behar denik. Orain arte bekak egon dira, eta beken murrizketak argi uzten du hezkuntza ez dela denontzat. Dena zirkulu bilakatzen da non ikasi ezin duenak ezingo du lanpostua eduki, ikasten duenak ere oso zaila badauka, eta lan gabe dagoenak ezingo ditu seme-alaben ikasketak ordaindu; zirkulu horrek ez du irtenbiderik. Kezka dago bekengatik, oraintxe bertan erakunde publikoetan ikastea ez delako debalde.

Datozkien aldaketetaz jabetuta al daude ikasleak? Jarrera aktiboa al dute?

Jarrera aktiboa bada, baina egia da orain gutxiengo baten gain dagoela, hori da gure lana, pentsamendu kritikoa zabaltzea eta sustatzea gazteengan, ez soilik ikasleengan.  Institutuan ikusten dugu, paro edota greba deitzean, jendeak ez duela mobilizatzeko erabiltzen, klasea galdu edota pira justifikatua egiteko erabiltzen duela. Ari gara jarrera alternatiboak bilatzen mobilizazioak ondo azaltzeko eta garantzia emateko paro eta greben kontzeptuari, hau da, zergatiei.

Ikasleen eta ikasleen erakundeen artean batasunik bada?

Urriaren 21, 22 eta 23an Ikasleen Sindikatuak greba antolatu du eta IA eta estatu espainiarreko nazio zapalduetako ikasle sindikatuek ezetza eman diote, ez dira atxikitu.  Besteak beste, Ikasleen Sindikatuak, beti bere kasa ibili da, ez dituelako nazio bakoitzeko denborak errespetatzen.

Joan den martxoan, batasun handia erakutsiz, Bilboko kaleak hartu zituzten ikasleek hezkuntzako erreformen aurka protestatzeko. Errepikatuko al da ekintza hori?

Bizkaiko Ikasleen Eztandak martxoaren 27an bere lehen mobilizazioa egin zuen, handia izan zen, itzelezko jende piloa batu zen. Kritika egin nahi nieke zenbait komunikabideri, ia ez baitzuten irudirik argitaratu, Berria-k eta Gara-k kenduta, eta irudiak agertu zirenetan edukiontziren bat agertu zen. Aurrera begira mobilizazioak egongo dira, abendua baino lehen eta martxoan, horretan ari gara lanean urte hasieratik: asanbladak egiten, jendea animatzen, zergatiak azaltzen, parte-hartzea ezinbestekoa dela esaten, denok hazten azkenean.

Egungo egoera ikusita, zein animo dute Deustualdeko ikasleek?

Jendea mobilizatzeko gogotsu dago. Martxoko deialdiaren erantzunak militanteengan poztasun handia ekarri zuen, zeren askotan urte osoko lanak frustrazioa ekartzen du eta, kasu honetan, fruituak eman zituen. Botikazar institutuan, adibidez, lehen asanbladan 60 bat pertsona hurbildu ziren, eta gero kopurua mantentzea lortu genuen, Orduan, jendea badabil, arlo ezberdinetan, baina badabil.

Sakonean

Zenbat denbora daramazu Ikasle Abertzaleak erakundean?

Ikastolan nengoela maila bat goragokoak mugitzen hasi ziren, eta gelako batzuei elkartzeko esan ziguten. Laugarren mailan ardura hartu genuen eta aurrekoek egindako lana bideratuta, ildo beretik IAn sartu ginen era ofizialean eta zentzu gehiagorekin Hezkuntzako edukiak lantzen.

Zergatik sartu zinen Ikasle Abertzaleak erakundean?

Hezkuntzaren aurkako erasoak hasi zirenean izan zen, nik beharra ikusten nuen, gogotsu nengoen. 15 urteren muga pasata, ikastolan ere greba eskubidea lortuta, hor hasi nintzen mugitzen, gustatzne zitzaidan IAk egiten zuen lana eta apur bat enteratzearren sartu nintzen, eta orain arte.

Zer ematen dizu IA bezalako talde batean egoteak?

Satisfakzioa, militantziak ematen duen satisfakzioa. Zuk egiten duzunak jendea pentsarazten duenean edota lehen pentsamendu kritikoa ez zuenak pentsamendu kritikoa edukitzen hasten denean gertatzen da. 

Egia da, batzutan frustrazioa ere ematen duela gauzak aurrera ez doazela ikustean batik bat, proiektu batetan asko sinisten duzunean eta lan asko egiten duzunean eta aurrera ez doanean.

Teknologia berriek zein pisu dute ikasleen mobilizazioetan?

Kristoren aukera ematen dute mobilizazioak askoz dimentsio handiagoetara eramateko. Guk asko erabiltzen ditugu, mugak baititugu, jendeari mezuak helarazteko. Lehen egiten zen esku-orrien banketa ez da hain eraginkorra egun, baina bai whatsaap plataforma. Whatsaap-arekin segundo batean ikasleria osoari mezua zabal diezaiokezu, adibidez, bihar asanblada dagoela esateko.