“Disko gutxik transmititzen du Cápsula, Los Paniks, Münsterland, Inserta eta Elfo Negro bezalako taldeetan ondutako musikari hauek eskaintzen digutena bezalako zirrara: ‘Euskal Primate School’ da helmuga, helburua eta jatorria; hamaika abesti limurtzaile, basati eta biziren gisara emana, zeintzuek aldi berean edozein alderaketa egiteko gonbidapena eta erronka sortzen diguten; primerako disko akats gabea da zinez, La Hora del Primatek zuzenekoetan ohituta gauzkan indarrez zatitzen gaituena. Azken batez, kapela, eta ia nahi izan gabe ere, tximak eta buru-larruazala bera ere altxatzeko moduko disko bat”. Politburó Recording Fiascoko Ernesto Navarroren hitzak dira hauek. Ez dira edonolako hitzak. Baina guk nahiago izan dugu PREST! aldizkariko lagun Ivan Barrio primatearekin elkartu eta hitz egin.
Maiatzean atera bazuten ere, uda ostean hasi dira primateak lehen diskoaren zabalpena egiten Barriok kontatu digunez. Primateen musika eszena oraintxe abiarazten baita, udazkenetik ekainera arte, San Joanera arte” luzatzen da. Rock taberna, “garito” eta gaztetxeen programazioarekin bat.
La Hora del Primate taldeak “ez du estilo definiturik”, Barrioren arabera. Rock “gordina” da, intetsitatea “ardatz” duena. Estilo aldetik “garajea” eta beste estilo “ezagunago batzuk” nahasten dituena, laburbilduz “denetik” duena.
‘Euskal Primate School’ David Maha, Anibal Banana eta Iain McLarenek grabatu eta nahastu dute Bigorringo Records, Love Aticc eta Tala Estudiosetan. “Ez genuen diru askorik” diskoa egiteko, aitortzen du Barriok, eta “genuerarekin txinpartak atera-tzen ahalegindu gara”.
Hamar abestiak erreproduzitzean “ñabardurak igartzea” posible da, zuzenean baino gehiago. Baina zuzenekoa ez da grabatutik aldeduko den zerbait izango. Taldea bere osotasunean hasi baita kontzertuak ematen, “lehen ez genuen saxorik eta orain berriz bai”, dio Barriok. Hortaz, primateen formakuntza honakoa da. Abeslaria teklatuarekin (Jose Ramon Rioja), saxoa (Fernando Ulzion), gitarra (Ivan Barrio), baxua (Alberto Lorenzo) eta bateria (Alberto Diez). Guzti hori zuzenekoetan “enpasta-tzean” da gakoa. “Pixkanaka trukoa hartzen ari gara zeren rock arruntetik gentozen, talde tipikoetatik, eta orain musika potentea egitera jolasten ari gara”.
Diskoa, osorik, deskarga daiteke doan (taldearen bandcamp-etik), online eros daiteke (DDT Banaketake web gunetik) eta zuzenekoetan taldekideei zuzenean. Deustuarrek “entzun eta gozatzeko” parada dute, eta “bestela lagunei pasa diezaiotela”. Primateak “pozik” daude emaitzarekin. “Orain kontzertuen eta abesti berrien grinarekin ari gara, sormenari lekua egiten”.
Kontzertuak
Primateen hitzarmenaren arabera, taldeak, gutxienez, bi kontzertu emango ditu hilero. “Norbere lana eta familia dela eta, ondo planifikatu behar gara” eta deituz gero, eta “ahal bada”, bi baino gehiago. Urrian Zaragozan –“oso, oso ondo”– eta Donostian jo dute. Azaroaren 15ean, Bilbon, “festa polit batean” emango dute kontzertua, Los Plomos Deustuko taldearekin eta Klof fanzinearekin batera, Badulaken. “Polita egin nahi dugu Bilboko aurkezpena, jende asko liatu nahi dugu, sarea osatu. Jende asko dago inguruan underground-ean gauzak egiten eta denak batuz gauza polit bat egin nahi dugu”. Azaroaren 28an Gasteizen egongo dira primateak eta abenduaren 13an Santanderren.
Toki handietan baino hobeto moldatzen dira primateak toki txiki eta beroetan. “Areto handietan badirudi pantaila bat dagoela zu eta publikoaren artean”, Barrioren ustez. “Ez du funtzionatzen” euren musikak espazio zabaletan. “Denborarekin agian”. “Berdin zaigu eszenatoki handia izatea edota talde ezagunekin jotzea, guk hau ez dugu diruagatik egiten, ondo pasatzeagatik egiten dugu”.
Bideoklipa
Denbora gutxian bisita ugari lortu ditu primateen lehen bideoklipak Youtuben. The Plague egiten “oso ondo” pasa zuten. “Despiporrea” izan zen. Denboraren mugagatik gauza asko epe laburrean egin behar izan zituzten eta “nekatuta bukatu genuen”. Aktoreek, batik bat, “aldapan gora eta behera” aritu behar izan baitzuten. “Agujetak izan zituzten aste osoan”.
Gaur egun “bideo asko” ikusten dela eta, bideoa egiteko gogotsu zeuden. Ideia idatzi genuen eta, Bermeoko paisia ederreekin, “ez genuen gauza gehiagorik behar izan”.