22M² Naroa Gaintzaren talde berria eta ‘Karratura’ bere lehen diskoa. Gaur, azaroak 27, doan entzun ahalko da zuzenean Deustuko Gazte Lokalean, Berbaizu euskara elkarteak eta Prest! aldizkariak antolatutako emanaldian.
Musika, kanten berbak, diskoaren azala eta diseinua, den-dena elkar lotuta dago 22M²ren ‘Karratura’ diskoan. Horrela azaldu du Naroa Gaintzak aurkezpen-prentsaurrekoan. Taldearen izena ere bitxia da. 22M² etxe baten azalera da, eta etxe horretan hasi zen dena. Eta hortik 1.700 metrora-edo dago diskoaren azalean ageri den Euskal Errotak eraikina, Deustuko Erriberan. “Eraikin hori ere oso garrantzitsua da niretzat”, azaldu du abeslari deustuarrak.
Orain hiru bat urte hasi zen egitasmo berria prestatzen, Amaiur taldeko beste kide batzuekin batera. Baina, proiektuak ez zuen hartu behar besteko abiadurarik, eta bertan behera geratu zen. Harik eta Naroa Gaintzak eta David Nanclaresek topo egin zuten arte. “Sokalagun oso ona izan da -nabarmendu dau kantariak- eta azkenengo urtean bion artean egin dugu diskoa”.
11 kantu, 11 lagun, 11 doinu, 11 erritmo, 11 istorio eta “milaka sentsazio biltzen dituen diskoa deskubrituko du entzuleak. Lan zintzoa, erraietatik idatzia, gutako bakoitzaren bihotzerantz zuzendua”.
Makina bat lagunek hartu du parte proiektuan, taula gainean ezagututakoak denak, besteak beste, Igon Olaguenaga (Mandoilek) eta Zuriñe Hidalgo (Hesian) ahotsean, Eunate Vilches biolinean, Zigor DZ (Scrath), Antton Uriarte eta Imanol Ubeda (Deabruak Teilatuetan, Bide Ertzean) izan ditu lagun.
Kultura Outleta eta Outlet Jaia, Berbaizu eta Prest! babesteko ekimenak
Ez da Durangoko Azoka, Deustuko kultura azoka da, bigarren eskuko merkatua eta aurten hirugarrenez antolatu dute. Durangokoa baino astebete lehenago, azaroaren 26tik 28ra, arratsaldez, Müllerrenean kultura produktuak salgai jarriko dituzte oso prezio merkean. Hortik outlet izena.
Bai Berbaizu euskara elkarteak bai Prest! aldizkariak urteetan gorde eta pilatutako materiala (musika, liburu, urtekari, bilduma, gida, kamiseta…) eta beste hamaika bitxikeria eskuratu ahalko dira. Interesa duenak ere gauza bera egin dezake etxean, geldi, hautsa irensten duen liburu, disko edota jertsea Berbaizura eramanez. "Baietz norbaiti gustatu, baietz norbaitek berrerabili", diote elkartekideek.
Ez du salerosketa huts izatea nahi eta horregatik kultura ekitaldiz zipriztinduko dute azoka: bertsolariak, zuzeneko musika eta jan-edana ez da faltako. Kulturara Deustualdeko kulturatik hurbiltzeko aukera izango da beraz.
Hiru eguneko ekimena soberakinen enkantearekin bukatutzat emango dute, ostiralean. "Sekulako pagotxa".
Azaroak 27 osteguna
Outletaren 2.eguna: 18:00etatik 22:00etara, Müllerrenean, merke-merke: liburuak, diskoak, kamisetak eta bitxikeriak. Eta 20:30ean OUTLET JAIA. Musika kontzertuak (Naroa Gaintzaren 22M² taldea, Physis vs Nomos eta Lau Katu taldeak) eta jan-edana ez dira faltako Gazte Lokalean.
Azaroak 28 ostirala
Azken eguna. 20:00etatik aurrera, BERBAIZU´S SUBASTAn, saldu gabeko guztia banatu eta oparituko dute bertaratzen direnen artean.