Zenbat denbora daramazu Bilbao Musika Eskola zuzentzen?
Bost urte zuzendari bezala eta aurretik hiru urte eman nituen ikasketaburu bezala. Ikasturte hau eta hurrengoa ere emango ditut zuzendari.
Zerk eraman zintuen ardura hori hartzera?
Inon inork ez du zuzendari izan nahi. Guk nahiko arazo izan genituen aurreko zuzendaritzarekin, hauteskundeak iritsi ziren eta hainbatek esan zidaten aurkezteko, lankide moderatu batzuk hautatu eta ondo konponduko zen lantaldea osatzeko. Aurkeztu eta irabazi genuen. Luis Fernando Barandiaran zuzendaria jubilatzean, berriro ere aurkeztu ginen. Beste inor ez zen aurkeztu eta boto asko eskuratu genituen. Iaz ere izan genituen hauteskundeak, aurkeztu ginen, oposizio talde gogor bat ere bai, eta irabazi genuen. Kexa gehiago daukagu, baina pozik gaude.
Zein da zuzendariaren lana?
Klaseak eta taldeak antolatzen ditut. Sorkunden -La Galeran- ez ezik lau ikastetxetan ere lan egiten dugu, Deustuko Eskola, Epaltzaren Alarguna, Felix Serrano eta Pio Baroja ikastetxeetan. Elkarbizitza ona izaten ahalegintzen naiz, batzutan iskanbilak izaten baititugu. Entzunaldiak ere prestatzen ditut.
Bilbao Musika Eskolako zuzendari eta irakasle ere bazara.
Jardunaldiaren %20a klaseak ematera bideratzen dut, Solfeo eta Analisi klaseak. Gurean bukatzen dutenei kontsebatoriora sartu ahal izateko bi urteko prestaketa kurtsoa eskaintzen diegu. Horiei ematen diet klasea.
Bilbao Musika erakunde handia da. Zer du bere baitan?
Udal Musika Banda, Udal Txistulari Banda eta Musika Eskola ditu bere baitan. Nork bere zuzendaria du, eta nik Jesus Aranbarri Musika Eskolako atal pedagogikoa zuzentzen dut. 2005. urte inguruan atal guztiak Bilbao Musikan barneratu ziren eta harrezkero gerente batek kudeatzen ditu aipatutako hiru atalak.
Musika Eskolaren zein ezaugarri azpimarratuko zenuke?
Eskola arautua ez denez, jendea askorentzat lekua daukagula, une honetan 8 urtetik 82ra arteko ikasleak dauzkagu. Ikaslearen erritmora gehiago egokitzen den irakaskuntza eskaintzen dugu. Umeen klaseetan sartu ahal izateko eskakizuna beste zentroen antzekoa da, baina helduentzat eskakizuna malguagoa da. Eskola moduan edonor onartzen dugu, gutxieneko eskakizunak betez gero, ebaluazio txiki bat egin ohi dugu, baina kontserbatorioan baino erosoago egon ohi da jendea. Kontserbatorioan azterketa eta materia zehatz batzuk eskatzen dituzte eta jende asko, egun bere bizimodu edota familiagati, ez da iristen maila ematera. Orduan askok ezingo lukete amets hori egi bihurtu, pianoa ikastea esaterako, eta gure eskolan aldiz hori posible da.
Ametsak egi bihurtzeko lekua da?
Heldu askorentzat bai, euren erritmora duintasunez ikasteko aukera dutelako. Zortzi urte eman ditzakete gurean eta, eskolako epaimahaiak ondo baderitzo, eskolako bandan jo dezakete. Gehiegi jakin gabe bandaren parte izan daitezke, eta hori ikasleek asko eskertzen dute. Ameslari direnentzat oso leku aproposa da.
Zein musika tresnak du eskari gehien egun?
Pianoak. Jendeak pianoa ezagutzen du, oboeari buruz galdetuz gero ez daki zer den ere. Gitarra espainola da bigarren eskari nagusia eta gero dago, distantzia handira, gitarra elektrikoa. Oso hautaketa klasikoa da eta ez dute umeek egiten, gurasoek, helduek baizik. Aurten eskaera gutxiago egon da, krisiagatik uste dut.
Ikasi ahala talde txikitan jotzeko aukera ere eskaintzen duzue?
Nork bere musika tresna ikasteko irakaslearekin ordu erdiko asteroko klasea du, bere erritmoan, eta irakasle batzuk taldeak sortzen dituzte bestelako errepertorioa interpretatzeko. Esaterako, txeloko irakasleak orkestra dauka, oso dibertigarria, ez da hain zorrotza. Edozein programarekin ausartzen da. Mundu guztiak du lekua bertan.
Entzunaldi asko antolatzen dituzue.
Bai, gainera ikasleentzat entzunaldiak erronka dira eta estimulu modura funtzionatzen dute ikasteko orduan. Are gehiago talde handien emanaldiak direnean. Abenduaren 15ean, adibidez, piano entzunaldia egongo da La Galeran. 40 umek itsats-pianoa joko dute, Deustuko eskolako umeak izango dira. Urtean hiru kontzertu eskaintzen dituzte eta batetik bestera aurrerapena nabaritzen zaie. Gurasoak pozarren egoten dira. Tresna sinfonikoen entzunaldiak ere izaten dira ikastetxeetan disko batekin edota pianoak lagundurik. Musika tresna modernoek eta tradizionalek Bilborocken egiten dituzte entzunaldiak eta talde handiek Campos Eliseos antzokian.
Kantua eta dantza ere irakasten duzue?
Bai, jendea pozarren dago bai klaseekin bai irakasleekin. Dantzaldi asko egiten dituzte.
Big banda ere baduzue.
Iaz hasi zen funtzionatzen, zoragarria da Jeronimo Martinen lana. Begiak itxiz gero Luisianan zaudela pentsa dezakezu.
Irakasleen inplikazioa handia da?
Bai, zalantzarik gabe, maitagarriak dira, lan asko egiten dute ikasleekin, nahiz batzutan paper kontuengatik ostikoa emango niekeen.
Umeekin ala nagusiekin nahiago duzu lan egitea?
Egungo umeek dena azkar nahi dute eta musika ez da azkar ikastekoa. Ikasteko eta ikasteko esan behar zaie, eta gurasoek gainean egon behar dute, bestela ez dute aurrera egiten. Helduak oso eskerronekoak dira eta, nahiz une batean aurrerago ez egin, gehiago baloratzen dute ikasketa prozesua.
Etxean piano klaseak ematen jarraitzen duzu?
Bi konpromiso ditut, bi lagun datozkit etxera. Ez nituen ezagutzen hasieran eta egun lagunak ditut. Une onak ematen dizkidate. Egun txarra badut ikasleek konpondu egiten didate eguna.
Deustun zenbat ikasle izango zenituen?
Asko, pilo bat. Urtean 100-120 ikasle izan ditut. Egun osoa eman izan dut klaseak ematen.
Umeei batez ere?
Bai, luzaroan umeek baino ez zuten ikasten. Ekainean kontserbatoriora joateko ohitura zegoen eta azterketak prestatzeko klase piloa ematen genuen. Gero legea aldatu zuten.
Zenbat urte daramazu piano irakasle lanetan?
Hamazazpi urterekin hasi nintzen karrera bizkor amaitu nuelako. Aitak esan zidan UBI-COUrekin amaitu behar nuela pianoa ere, eta ni esanekoa nintzenez, horrela egin nuen. Klaseak ematen hasi nintzen nire irakasle Cristina Amezuak laguntza eskatu zidalako ikasle batzuekin. Euren etxeetara joaten nintzen lehenengotan, gero aitaren Rafaela Ibarra kaleko 33 atariko etxean hasi nintzen.
Arazorik izan duzu bizilagunekin?
Ez, auzokide zoragarriak izan ditut. Ez ziren inoiz kexatu. 39 urte daramatzat klaseak ematen. Pasa da bat. Duela hamar urte, Agirre lehendakarira etxez aldatu nintzen arren, oraindik orain harreman ezin hobea mantentzen dut beraiekin. Jaiotzen ikusi naute, hazten, oso ondo tratatu naute.
Ez zara irakasle lanaz gogaitu?
Ez, oraintxe konturatu naiz gustuko dudala, piloa, gainera. Lehen unean lana da eta ez duzu gozatzen, orain berriz, bestelako lana badudanez, beste ikuspuntu bat daukat. Asko kostatzen zait ikastera etorri nahi duen norbati ezetz esatea. Badakit irakatsi diezaiokedala eta nabarmentzen bada beste nonbaitera bidal dezakedala. Hori ondo egiten dudala badakit.
Zein metodologia erabiltzen duzu?
Ez dut bakar bat erabiltzen. Ikasleren bat kortxeaerdiekin ez bada ondo konpontzen kortxeaerdi asko dauzkan liburuxka erabiltzen dut, bestela asmatu egiten dut. Metodo asko ditut eta metodo berri guztiak barneratzen ditut.