2005ean, Deusturen anexioaren 80 urte bete zirenean argitaratu zuen Txema Luzuriagak DEUSTUKO ARGAZKIAK 1. liburua: Deustuko elizatea izeneko liburua 200 argazkirekin. Bere helburua 1925era arteko Deustu ezagutzera ematea zen. Baita lortu ere. Aleak agortu ziren eta 2009. urtean bigarren argitaraldia plazaratu zuen. Hau ere Ediciones Beta argitaletxearekin. Bigarreneko aleak ere agortuta daude jada, eta “jendearen eskaria dela eta”, 2014an, hirugarren argitaraldiak ikusi du argia. “Botaldi txikia” da egilearen esanetan.
2006an, berriz, DEUSTUKO ARGAZKIAK 2. liburua: Herria argitaratu zuen Txemak. 300 argazkirekin 1925etik 1960ko hamarkadara arteko epea laburbiltzea zuen xede. Euskara hutsez argitaratua izan zen, Berbaizu euskara elkartea eta PREST! aldizkariaren laguntzarekin. Aleak dendetatik aspaldi desagertu ziren, eta hori dela eta erabaki du Txemak bere bigarren liburuaren bigarren argitalpena ateratzea.
Abenduaren 1etik aurrera aurki ditzake interesdunak Deustuko hainbat dendetan Txema Luzuriagaren liburuak. Besteak beste, San Inazioko Etxean, Guimerá eta Salinasen edota Deustuko liburudenda eta Maria Auxiliadoran. Liburu bakoitzeko 60na ale kaleratuko dira.
Txema Luzuriaga historia eta argazki biltzaile nekaezina da. Instituzio zein norbanakoek gordetako materiala arakatzen eta batzen jarraitzen du. Aipaturiko bi liburuak ez ezik, hainbeste erakusketa eginda dago. Azkena, 2010ean Deustu: Mende bateko irudiak izenekoa. Txemak bildu eta hautatutako 110 argazki erakutsi ziren aire zabalean, atzetik argiztatutako paneletan, San Pedro plazan eta Levante plazan.