Goi maila azkenik

uriola.eus 2014ko abe. 5a, 08:56

Arte Eszenikoen goi mailako ikasketak egin ahalko dira Euskal Herrian, non eta Deustun, noiz eta 2015eko irailean hasita. Hamarkada luzez sektoreak eginiko eskaerari azkenik Hezkuntza sailak erantzun dio.

Unibertsitate mailako titulazioa eskuratzeko aukera izango dute Arte Eszenikoetako ikasleek. “Hemen ez zegoen ezer ere”, Arantza Ibañez Ibarrekolandako institutuko zuzendariaren esanetan, eta Arte Eszenikoak ikasi nahi izanez gero “alde egin beharra zegoen”. Galder Perez aktore, gidoilari eta zuzendariarentzat “ezinbestekoa” da Arte Eszenikoen goi mailako zentro bat zabaltzea, “sektorearen normalkuntzarako eta ikasi eta ikertzeko aukera duina izateko”. Jabi Ortega Bihotz Alai dantza taldeko kideak albiste “bikaintzat” jotzen du “zaletasuna goi graduko ikasketa bihurtu ahal izatea eta hurbil gauzatzea”.

Izan ere, Deustun bertan ekingo dio bideari 2015eko irailean Arte Eszenikoen goi mailako zentroak, Juan Crisostomo Arriaga musika kontserbatorioan, hain zuzen ere. Lehendabiziko ikasturte hori bi titulaziorekin hasiko da: Arte Dramatikoa –Interpretazioa espezialitatea– eta Dantza –Koreografia eta Interpretazioa espezialitatea–. Hezkuntza sailak hurrengo urteko otsaila eta martxoa bitartean jarriko du abian matrikulazio kanpaina zentro berria ezagutzera emateko eta ikasleak erakartzeko.

Urte askoren ondoren, joan den maiatzean “suspertu zen” Arte Eszenikoen goi hezkuntza proiektua, Eszenika plataformako koordinatzaile Gabriel Ocinak adierazi duenez. Kultura eta Hezkuntza saileko ordezkariek “kanpoko aholkularitza-enpresa bati eskaturiko txostena aurkeztu eta Goi Mailako Hezkuntza Zentroari buruzko haien asmoak agertu zituztenean”.

 

Eszenikaren alde
2005ean sortu zen goi mailako ikasketen aldeko plataforma, 2010ean ‘Eszenikaren alde’ izena jarri zioten. Sektore “osoa” batzen duen plataforma dela dio Gabriel Ocinak; aktore, dantzari, teknikari, talde, enpresa eta eskolek osatua. “Ia hamar urte daramagu eskaera horrekin”, dio Ocinak eta “hainbeste gobernu eta sailbururekin” batzartu osten, “badirudi baietz, eskola sortuko dela”.

Xehetasun teknikoak adosteko lantalde bat eratu da, Saileko teknikariek eta Eszenika plataformako hiru kidek osatua; Alicia Gomez, Santiago Burutxaga eta Gabriel Ocina dira. Lantaldeak eskola ireki arteko kronograma zehaztu, Ikasketa Planaren Dekretua garatu eta 2015eko udazkenean eskola irekitzeko beharrezkoak diren gainerako aspektu legalei ekiteko eratu da.

Titulazioetako edukiak, “curriculuma” alegia, zehaztu dute jada. “Erabakitzeke dago zein taldek zuzenduko duen eskola eta zein izango den irakasleen profila”. Eszenika plataforma lehiaketa publikoa egitearen alde dago irakasleen hautaketa prozesuan. “Ez, agian, plaza guztietarako”, baina garrantzitsua deritzo irakaskeek “formakuntza akademikoa izateaz gain, sektorean esperientzia ere izatea”.

Eskolak ez du euskarazko lerro bat eta gaztelerazko beste bat edukiko. “Ez da posible”, adierazi du Ocinak. “Nahastuta” egongo dira euskara eta gaztelera eta “zehazteke” dagoen beste puntu bat da “ikasgaiak zelan banatuko diren”. Galder Perez kezkatuta dago euskarak goi mailako eskolan izango duen lekuagatik, “euskaraz sortzea inportantea delako”. Azken hitza Hezkuntza sailak du.

Abenduan izango dute beste bilera bat Hezkuntza sailak eta Eszenika plataformak, eskolaren eratze prozesuari “jarraipena” egiteko. Gabriel Ocinak prozesua “nola doan” galdetuko dio Cristina Uriarte sailburuaren lantaldeari. “Gure iritzia kontutan hartzea garrantzitsua da, haien erantzukizuna baita Arte Eszenikoen sektoreari entzutea. Adi gaude”, aurreratu digu Ocinak.

 

Deustun kokatua
Arte Eszenikoen goi mailako zentrorako espresuki eraikin bat eraikitzeko ideia baztertu ostean, hainbat izan dira Eusko Jaurlaritzak esku artean izan dituen balizko kokalekuak. Alondegia eta EITBren Bilboko egoitza izan dira ezagunenak. 2013ko azaroan, Legebiltzarreko Hezkuntza batzordearen bilera batean aipatu zen Juan Crisostomo de Arriaga Bilboko Profesional Mailako Musika Kontserbatorioa. Hezkuntza sailak enkargatutako txostenaren arabera, Kontserbatorioa da kokapen aproposena, “beste egoitza batzuk egokitzeko diru ezagatik”. 2014ko maitzean, proiektuaren susperraldian, jakiten da, eskolaren hasierako egoitzak Arriaga Kontserbatorioa eta Ibarrekolandako BHIko parte bat izango direla.

“Ziurrenik”, hiru urte barru erabiliko dute zentro berriko ikasleek Ibarrekolandako ikastetxea. Arantza Ibañez Ibarrekolandako BHIko zuzendariak aipatu digunez, 2015eko irailean hasten diren ikasleak hirugarren mailara heltzean “gure eraikinaren zati bat edo solairu bat erabiliko dute”. Hortaz, Ibarrekolanda BHIn hurrengo bi ikasturtean DBH osoa eskaintzen jarraituko dute.

“Primeran” hartu du Ibañezek Arte Eszenikoen goi mailako zentroaren sorrera. Are gehiago “ondoan” izateagatik. “Gure ikasleak harrobia dira”, dio. Batxilergo Artistikoa eskaintzen duen ikastetxea izanik, ikasle batzuei goi mailako ikasketak egiteko aukera eskainiko die “etxetik alde egin gabe”. “Arrakasta” izango duelakoan dago Ibañez.

 

Zifrak
Ikasgelako 24na ikasle izango ditu eskola berriak, guztira 164. Kopurua haziz joango da aurreikusitako gainerako titulazioak abian jarri ahala. Administrazioak “promesa asko” egin dituela eta, “eszeptikoa” da Galder Perez eta horregatik azpimarratzen du Arte Eszenikoen baitan dauden gainerako diziplinen ikasketak martxan jartzeko beharra. “Ez soilik Interpretazioa eta Dantza, hor daude Dramaturgia, Argiztapena... eta beste asko”. Behin eskola martxan dagoela, “berreskuratuko ditu” Eszenika plataformak “epe ertainera gauzatuta ikusi nahiko genituzkeen aldarrikapen horiek”. Gabriel Ocinak zehaztu duenez, “eskola azpiegituren hobekuntza eta prestakuntza eskaintzaren handitzea, alegia”.

Lehen urtean 510.000 euroko kostua izango du eskolak Hezkuntza sailak esku artean duen txostenaren arabera. 370.000 euro langileen gastuari dagokio eta 140.000 euro funtzionamendu gastuei.

Cristina Uriarte sailburuaren aburuz, “Euskadin jarduera horretan lanean diharduten eta lan egin dezaketen lagunen kopurua garrantzitsua da. Horregatik joan behar du Hezkuntza eskaintza egokiak lagundurik”. Legebitzarrean Uriartek emaniko 2011ko datuek adirazten dute Euskadin 29.100 lagun ari zirela Kultura alorrean lanean. Zehazki, enplegu osoaren %3,1. Kultura enpresak 5.552, publizitate agentziak 885, Arte Batxiler zentroak 21, antzerki konpainiak 149, dantza konpainiak 30 eta 25 zine ekoiztetxe.

“Ez da normala eta ez da ulertzen zergatik Madrilen edota Andaluzian goi mailako Arte Eszenikoen eskolak egon diren eta hemen ez”. Hori da Eszenika plataformak hamar urte luzez behin eta berriro errepikatu duen mezua.

Ez da talentua soilik behar, “ikasi ere egin behar da” Arte Eszenikoetan. “Lau urte gogor eman behar dira, besteak beste, Historia eta Teknika ikasten”. Orain arte lan hori eskola pribatuek egin dute. “Lan handia”, gainera. “Eskola pribatu gabe ez zen ezer ere egongo. Bete dute euren lana. Orain, sektoreak indarra behar du, baldintza eta baliabide hobeak”.    



www.facebook.com/eszenikaren.alde