Noiz eta zergatik etorri zinen Deustura?
Hau da Euskal Herrira natorren bigarren aldia. Duela hiru urte oporretan etorri nintzen, eta oraingoan, nire bikote deustuarrarekin itzuli naiz; bertan geratzeko asmoa daukat. Emakumeon aurkako indarkeriaren inguruko master bat ikasten ari naiz Deustuko Unibertsitatean eta etorkizunean, emakume etorkinekin lan egitea gustatuko litzaidake.
Nola hartu zaitugu bertan?
Primeran! Hasieran bertakoak hotzak direla pentsa daiteke, baina denbora igaro ahala, oso pertsona zintzoak eta goxoak zaretela ikusi dut. Etxean bezala sentitzen naiz orain.
Deustuko zer gauza duzu gustuko?
Lasaia eta erosoa da. Gainera, kaleetan bizitasun handia dago.
Eta zer utzi duzu Guatemalan?
Batez ere familia eta lagunak, baina baita gastronomia, kultura, bertakoen maitasuna eta nire herriaren koloreak ere.
Guatemalarrik topatu duzu hemen?
Momentuz behintzat, ez.
Zer iritzi daukate Guatemalan, gure herriari buruz?
Euskaldunekin ziharduen erakunde batean lanean egon nintzen, eta oro har, oso iritzi ona zuten euskaldunen inguruan. Euskal Herriko egoera sozio-politikoa ezagutzen dute, eta egun, hau da euskal herritarrei egiten dieten lehen galdera: “euskalduna ala espainola zara?”.
Ba al duzu euskara ikasteko asmorik?
Zenbait hitz ezagutzen ditut baina euskaltegian matrikula egitea proposatu diot nire buruari. Oinarrizkoa da euskaraz hitz egiten jakitea herri honetan integratzeko.
Elkarteren batean hartzen duzu parte?
Emakumeon kontrako indarkerari buruzko Medicus Mundiren proiektu batean egon naiz lanean, eta gai horren inguruko abesti bat sortu behar izan genuen. Orain, erronka berri bat daukat. Bertako talde batekin ari naiz lanean eta euskaraz kantatzea gustatuko litzaidake.
Antzik al dute Guatemalak eta Euskal Herriak?
Oso herri borrokalariak dira biak. Fisikoki ere antzekoak dira; berdeak eta menditsuak.
Guatemalara itzultzeko asmorik?
Beti izaten dugu jaioterrira itzultzeko nahia, baina momentuz, oporretan izan beharko da.